Lekeitiok San Tomas azokaren tradizioari jarraipena emango dio
Lea-Artibai eskualdeko herritarren topaleku bilakatuko da aurten ere Lekeitioko San Tomas azoka. Bertan, 50 ekoizle, abeltzain eta artisau izango dira beren produktuak eskainiko dituztenak.
Lekeition azoka egiten denaren lehen idatzizko aztarna 1931. urtekoa da. Garai hartako udal albaitariaren agiri batean, abenduko hirugarren larunbateko azoka San Tomas egunera aldatzeko eskaria egiten da, egun egokiagoa ikusten delako. Bertan, lehiaketa txiki bat egiteko proposamena ere egiten da, hegazti, fruta eta barazkiak saltzen dituztenen artean.
Lekeitioko San Tomas azokak, beraz, badu gutxienez ia mende bateko historia, eta gaur egun ere tradizio horri eutsi nahi diote.
Aurtengo San Tomas azokan batuko diren ekoizle, artisau eta abeltzainen artean 50 postutik gora egongo dira. Ekoizleei dagokionez ortuariak, barazkiak, frutak, behi eta ardi gaztak, esnekiak, ogia, gozoak, eztia, txerrikiak, ahatekiak, pateak, kontserbak, edota ardoak aurkitu ahal izango ditugu.
Abeltzainen kasuan, etxe abereen erakusketa izango dugu. Bertan, behiak, idiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, euskal oiloak, antzarrak eta untxiak ikusi ahalko dira. Artisauen dagokionez, teknika eta produktu desberdinak salduko dituzten hamar postu egongo dira.
Postuak jarriko dituzten ekoizleei dagokionez, Lea-Artibai eskualdeko asko aurkituko ditugu, baina baita iparraldeko zenbait postu ere. Horretaz gain, herriko ikastetxe eta eragileek ere haien postuak jarriko dituzte eta taloa eta txorizoa dastatzeko aukera emango dute.
Ardi Moztaileak taldeak ere leku berezia izango du aurtengo San Tomas egunean. Zuzenean, ardiei artilea moztuko diete, beren teknika erakutsi eta sektorearen gaineko kontzientziazioa egiteko. Horrez gain, umeentzako ardi forma duen «gargantua» izango da plazan.
MUSIKA ETA KIROLA
Azoka girotzeko zenbait ekintza burutuko dira azokako orduetan zehar. Alde batetik, Musikaia musika eskolako trikitixa eta panderoko ikasleen kalejira izango da 12:30ean. Ondoren, 13:30ean ortuari postu onenaren saria emango da.
Arratsaldean, Santi Brouard Pilotalekuan esku pelotako binakako txapelketaren laugarren jardunaldia jokatuko da. Eta iluntzean, Lekeitioko gazteen Txirrist txarangak kaleak alaituko ditu.
BERTAKO EKONOMIA SUSTATU
San Tomas azokaren bitartez, Lekeitioko Udalak eskualdeko ekoizleek bertako produktuen alde egiten duten apostua saritu nahi du. Horrela, bertoko lurren zaintza eta ekonomia lokalaren aldeko apustua egin nahi du, lehen sektoreari beharrezko bultzada emanaz.
Azokak duen beste bereizgarri bat da inguruko herri txikietako herritarrentzako topaleku bilakatzen dela eta, ondorioz, euskara erdigunean duen ekitaldia dela, bertako arnasgunearen adierazle.
Azkenik, euskal ardi moztaileek nazioarteko lehiaketetarako ofizialtasuna lortu dutela kontuan hartuta, Udalak laguntza ekonomikoa emateko plaza eskaini nahi die eta nola ez, Euskal Herriko selekzioaren aldeko bultzada eman.