Mendiko lau euskal kirolari protagonistak izan dira Fedme sarietan
Ainhize Belarrek kirol eskaladan, Mikel Inorizak hormatzarretako eskaladan, Iker Madozek izotz-eskaladan eta dry tooling-ean eta Ekaitz Maizek alpinismoan eginiko jarduerek aitortza jaso dute. Denera, hogeita bi hautagai izan dira.
Mendiko eta Eskaladako Kirolen Espainiako Federazioa (Fedme) prest da aurten aurrera eraman dituen ekimen guztien ateak ixteko. Eta ohi den legez, bada bat hil honetan txoko berezia duena. Alpinistei zein eskalatzaileei banatzen zaizkien aitortzei buruz ari gara. Fedme-ren sari horietara aurkezteko derrigorrezkoa da erakunde horren federatu txartela izatea. Beste sari batzuetan ez bezala, hauetan mendiko kirolariek aurten egin dituzten jarduerak aurkezten dituzte eta epaimahai batek azpimarragarrienak hautatzen ditu.
Aurtengo ekitaldian hogeita bost hautagai aurkeztu dira, baina hiru atzera bota dituzte hainbat baldintza ez betetzeagatik. Hortaz, hogeita bi jarduera aztertu ditu hamar lagunez osatutako epaimahaiak. Honakoak izan dira: Sonia Casas, Paola Cabistany, Nahia Quincoces, Miriam Marco, Vicky Peña, Iker Madoz, Guillem Sancho, Israel Blanco, Javi Cano eta Manu Cordova.
Ohi den bezala, sari hauek sei kategoria dituzte: kirol eskalada eta boulderra, hormatzarretako eskalada, izotz-eskalada eta dry tooling-a, Europan egiten den alpinismoa, Europaz kanpoko alpinismoa eta Himalaian egiten den alpinismoa. Hori aipatu eta gero, gehitu behar dugu aurtengo edizioak berrikuntza bat izan duela. Emakumezkoen eskaladak aitortzeko lau kategoria gehitu dituzte: kirol eskalada eta boulderra, hormatzarretako eskalada, izotz-eskalada eta dry-tooling-a eta alpinismoa. Den-denak, emakumezkoek bakarka edo sokadan eginikoak izan behar dira.
Euskal sarituak
Aurtengo zerrendari begiratzen badiogu, ohartuko gara mendiko euskal kirolariek urte oparoa izan dutela. Bederen, epaimahaiak hala ikusi du. Izan ere, aurkeztu diren eskalada guztien artean, epaimahaiak lau euskal kirolari aitortu ditu: Ainhize Belar, Mikel Inoriza, Iker Madoz eta Ekaitz Maiz.
Kirol eskalada eta boulder femeninoaren atalari dagokionez, Belar izan da protagonista. Zalantzarik gabe, atxondarrak urte biribila izan du. Aitortutako eskalada Baltzolako ‘Iñi Ameriketan’ (9a+) izan da. Maila hori egiten Euskal Herriko eta Espainiar Estatuko lehen eskalatzailea bihurtu zen. Hortaz, hemezortzi urteko eskalatzaileak historia egin zuen.
Inoriza, berriz, hormatzarretako eskaladan nabarmendu da. Aitortza hori jaso du Yosemiteko Kapitainen dagoen ‘Golden Gate’ bidea (7c+) era askean igotzeagatik. Hormatzar horretan lehen aldia izateko, gasteiztarrak lan bikaina egin zuen; besteak beste, astebeteko jardunean gai izan zelako Downclimb, The Move, Golden Desert eta A5 Traverse izeneko luzeak kateatzeko.
Madoz ere ez da atzean geratu. Iruindarrak izotz-eskaladako eta dry tooling-eko kategoria irabazi du Patterson mendian (Kanadako Mendi Harritsuak) ‘Rocket Man’ bidea (WI5+, M7+, 350 m) eskalatzeagatik.
Eta euskal kirolariekin amaitzeko, epaimahaiak erabaki du Maizek Mun Brakk II mendian (5.430 m, Karakorum) eginiko lehen igoera aitortzea. Eskalada horretan ‘Izar Gorri’ ibilbidea (M4, 7b, 1.140 m) sortu zuen.
Beste sarituei dagokienez, gizonezkoen kategorian, Jorge Diaz Rullok saria jaso du kirol eskaladan ‘Change’ (9b+) eta Move “ (9b+) bideak kateatzegatik eta boulderrean ‘Muerte por asfixia’ blokea (8c+) sinatzeagatik. Europan egiten den alpinismoan, berriz, Santi Padrosen lana azpimarratu dute. Batez ere, Envers des Aiguilles-en (Mont Blanc mendilerroa, Alpeak) ‘Hypnotic Lane’ (ED, AI6, 370 m) eta ‘Folie Perseverante’ (ED, M8+, AI5+, 210 m) marrak sortzeagatik. Eta Himalaian egiten den alpinismoaren saria Josep Maria Esquirolek jaso du, Baruntseko (7.152 m, Nepal) hegoaldeko ertza eskalatzeagatik.
Azkenik, emakumezkoen atalean beste bi jarduera aitortu dituzte. Hormatzarretako eskaladan: Lucia Guichot, Izenik gabeko Dorrean (6.251 m, Pakistan) esloveniarren eta ‘Eternal Flame’ bideak lotzeagatik. Eta alpinismoan, Ruth Fornos izan da protagonista. Eginiko eskalada: Pilier d´Anglen (Mont Blanc, Alpeak) dagoen ‘Divine Providence’ marra (ABO, VI, A3, 900 m).