Euriari aurre egin diote Olentzerok eta Mari Domingik, haurrekin elkartzeko egun handian
Baionako karrikak eta Bilboko kaleak zapaldu ostean, Donostian euripean, Gasteizen eta Iruñean lehorrago, hiri ugaritan alai, dozenaka herritan goxo.. Euskal Herria goitik behera eta ezker-eskubi zeharkatu dute Olentzerok eta Mari Domingik.
Urte osoko itxaronaldia amaituta, kalejira oso jendetsuekin egin diete harrera milaka eta milaka umek Olentzero eta Mari Domingiri astearte honetan. Eta umeak ez direnek ere...
Goizean ez zuen egunak itxura onik, kostaldean bereziki. Euria barra-barra izan dute Donostian, esaterako, baina Mari Domingi eta Olentzero ez dira horregatik kikildu eta txalupaz Urumea ibaian behera egin dute bidea, hiriko erdialdera heldu arte. Ume asko zuten zain, iritsiko ez ote ziren kezka biziz, bertako Gabonetako azokaren inguruan, eta poz-pozik hartu dute iritsiera.
Hortik auto zahar eder batean igo da bikotea eta kalez kale ibili dira jendea agurtzen, ohi duten bezala, auzo batetik bestera. 18etan abiatutako kalejiran protagonista izan ostean, hori bai, atseden hartzera joan dira bata zein bestea, gauzak luze joko du eta, etxez etxe. Blai eginda ziren, gainera.
Gasteizen eta Iruñean ere jendetza kaleratu da Olentzero eta Mari Domingi gertutik ikusteko asmoz, arratsalde partean, Eta beste dozenaka herritatik pasatzeko aukera izan dutela azaldu diote NAIZi handik eta hemendik. Itzela egin duten ahalegina.
Bilbon zein Baionan lehenago izan dute bien bisita aurtengoan. Lapurdiko hiriburuan kalejira ederra osatu zuten larunbatean, ikazkina bazetorrela jakinda.
Bilbon 80.000 lagun inguru kaleratu zen astelehenean, desfile ikusgarria gozatuz; izan ere, Olentzero eta Mari Domingirekin batera pertsonai bitxi ugari karrikaratu zen Bizkaiko hiriburuan. Atzoko eguna lasaiago hartu nahi izan zuten biek; Arriaga antzokian egon ziren goizez, goxo, kaleko euriari izkin eginez, oraindik gutuna igorri gabe zuten haurrei kasu eginez.