INFO

Este navegador no soporta el elemento video.

Siriako kristauak gabonetan, etorkizuna negoziatzen

Ekialde Hurbileko kristau talde handiena Damaskon bizi da. Jihadisten, salafisten, islamisten garaipenak Al-Assaden erregimenean zuten babesa kolokan jarri du.

Firaz apaiz frantziskotarrak Gobernu berriaren Erlijio Ministerioan bilerak izan ditu HTS talde salafista-jihadistarekin. (Andoni LUBAKI)

Eguerdiko muezzinaren otoitz deiak Firaz apaiz frantziskotarra Damaskoko hiri zaharreko bere bulegoan harrapatu du. Lanpetuta dabil, parrokiako boluntarioak gabon apaingarriak jartzen ari baitira. «Munduko kristau guztientzat urteko egunik berezienak dira eguberriak», adierazi du, argiztatuko den izar bat gorago mugitzeko agintzen dien bitartean.

Kongregazio honetakoak ziren 1860. urtean hil zituzten fraide frantziskotar maronitak. Batzuk espainiarrak ziren, eta santu izendatu zituen Vatikanoak aurtengo ekainean. «Egunero oroitzen gara haietaz, eta urtean behin eliza honetan gurtzen ditugu. Otoiz egiten dugu haien arimaren alde», esan du Firazek.

Ateak erabat zabaldu dizkigute San Pablo elizan, baina apaiza bakarrik da hitz egiteko prest dagoena. Inguruko elizetan ateak jo ditugu eta sartzeko gonbidapena jaso dugu, baina ez daude prest kanpotarrekin politikaz jarduteko. Are gutxiago kazetariak badira.

Baina kameraren aurrean ez direla agertuko adierazi ondoren, denek beldurrari buruz hitz egiten dute.

Ismail [asmatutako izena] argi mintzo da: «Sirian beti jasan izan ditugu erasoak, baita Al-Assaden garaian ere. Musulmanek eraso egin izan digute beti, eta Gobernu berriak islamaren estremistekin lanean jardun du. Siriako banderaren ondoan islamaren ikurra jarri dute. Horrek ondo adierazten du jarraituko duten ildo politikoa».

Firaz apaizak, frantziskotar eta lider espiritual bezala, Gobernuak berreraiki duen Erlijio Ministerioan bilerak izan ditu HTSrekin (alderdi salafista-jihadista nagusia).

«Ez dugu baztertuta bizi nahi. Gure Siria hau beti izan da askotariko erlijioen lurraldea, baita etnia aniztasun handikoa ere. Hori bermatu nahi dugu konstituzio berrian. Ez dugu pribilegiorik nahi, berdinak izan nahi dugu. Beste herrialde batzuetan bezala», eskatu du aita Firazek.

ASSAD ONDORENGO LEHEN GABONAK

Damasko zaharreko kaleak argiz beteta daude. Eguberriak ospatzea ez zen inolako arazoa Assad-en garaian. Musulmanek ere ospatzen zuten; eta lantokiko nagusia kristaua bazen, oporrak ere izaten zituzten. Argazki asko azaldu ziren 2013an sare sozialetan oposizioko Siriako Armada Libreak zituen kontuetan Aita Noel-ez mozorrotutako borrokalariekin. Gauzak aldatu egin dira.

Trantsizioko Gobernuak joera gogorragoa du. Erdigunean onartuta daudela esan liteke, baina hortik kanpo ez da apaingarri bat bera ere ikusten. Bakan batzuk zintzilikatu ostean, erre ere egin dituztela nabari da Damaskoko hirigunetik ez oso urruti.

«Denda batzuetan erasoak eta irainak izan dira, oroigarriak eta apaingarriak saltzeagatik», dio Antoine dendariak [izen asmatua]. «Nire lehengusuak denda bat du Alepon, eta ate azpitik bandera beltza [Estatu Islamikoarena] zuen paper bat sartu zioten. Atzealdean mehatxu bat zetorren, esanez ez bazuten kristau bekatarien erosleei saltzeari uko egiten, familiari eraso egingo ziotela. Hiritik alde egin dute eta Damaskora etorri dira, seguruago sentitzen baitira hemen», azaldu du Antoinek.

Assaden garaian onartu ez ezik ospatu egiten zuten. Telebista publikoak emititzen zituen kristauen inguruko berriak. Eguberria hasi baino lehenagoko saio bereziek apaingarriak nola zintzilikatzen zituzten edo argi pizteak zuzenean erakusten zuten. «Aurten ez zaigu kazetaririk hurbildu oraindik», dio Firaz fraideak. «Ez dut uste nazioak bizi duen kaosarengatik denik soilik. Mundu guztia Gobernu berria nola posizionatuko den zain dago. Ez du inork arriskatu eta aurpegia erakutsi nahi. Tamalez, Gobernuak muturreko islamistak isilpean babesten ditu. Ez dago inolako zigorrik orain arte pertsona hauen aurka, eta erabateko boterea dutela sinets dezakete. Egoera kezkagarria da», ohartarazi dio GARAri Firazek bere bulegoan.

KONSTITUZIO BERRIAREN BABESA

Erlijio gutxitu asko kexu dira konstituzio berria tranpa bat izan daitekeelako. «Nork idatziko du lege berria? Minorietako ordezkariak beldur gara islamaren jarraitzaileek bakarrik idatziko ez ote duten», dio Hamza kristauak. Hamza Fouadzik eratu berri den Damasko zaharreko kristauen elkarteko presidentea da. Gobernu berriarekin bilerak izaten ari dira, baina nazioartean aurpegia zuritzeko egiten dutelakoan da. «Frantziak bere enbaxada ireki du. Gure inguruko bi kristauk lan egiten dute han. Kristau hauek esan digute Frantziak eta beste lurralde batzuek trantsizioko Gobernuari baldintza bezala gure estatusa negoziatzeko elkartu behar zirela agindu ziotela. Elkartu ginen, baina ez digute jaramonik egin. Antzerki hutsa. Europa sinistuta dago nazio multi-erlijioso eta multi-etniko bat nahi dutela», dio Hamzak.

Konstituzioan erlijio aniztasuna soilik ez, erlijioek dituzten ospakizunak ere babestu behar direla eskatu diote. «Legeetan gure sinesmena onar liteke, baina gero mezarik edo ezkontza kristaurik egiten uzten ez badigute, okerragoa da. Erlijioa fede kontua da, baina fede hori, guk eta musulmanek ospakizunetan islatzen dugu. Sinetsiz eta ospatuz egiten da fedea», esan du Hamzak, Merry Christmas dioen atepea hiru sarrailez itxi baino lehen.