INFO

EAJ eta PSErekin erreforma fiskala negoziatzeko prest agertu da Podemos Euskadi

Podemosek 2025erako ezarri dituen lehentasunak azaldu ditu. Besteak beste, fiskalitate «justua eta solidarioa» lortzea du helburu eta, horretarako, EAEko aldundietan agintzen duten EAJ eta PSErekin negoziatzeko prest agertu da, baldintza batekin: kapitaleko errentei mesederik ez.

Richar Vaquero, Podemos Euskadiko hainbat kidek lagunduta, gaurko agerraldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Fiskalitate «justua, progresiboa, ekitatiboa eta solidarioa» lortzeko erreforma EAJ eta PSErekin negoziatzeko borondatea adierazi du Podemos Euskadik, baina baldintza bat ezarri die EAEko Gobernu koalizioa osatzen duten bi alderdiei: laneko errentak beharrean kapital handiak lehenesten badituzte, kontra agertuko da talde morea, Richar Vaquero koordinatzaile nagusiak ostegun honetan Gasteizen nabarmendu duenez.

Vaquerok, Maite Gartzia Podemos Euskadiko koordinatzaile ondokoarekin batera, alderdiak 2025erako finkatu dituen lehentasunak azaldu ditu hedabideen aurrean, aurretik Pilar Garrido koordinatzaile nagusi ohiarekin bilera bat izan ostean. Horrekin, koalizioan botereen eskualdatzea itxi dute.

Hala, azaldu dutenez, honakoak dira taldeak urte honetarako finkatu dituen erronka nagusiak: fiskalitate «justua eta solidarioa» lortzea, «bizitegi-larrialdiaren aurrean» etxebizitza «duin eta eskuragarria» izateko eskubidean aurrera egitea eta «bidezko» trantsizio energetikoa bermatzea, non energia-konpainiek «klima-aldaketaren aurkako borrokan dagokiena ordainduko duten».

Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan laster eztabaidatuko den zerga-erreformari dagokionez, EAJrekin eta PSErekin akordioak lortzeko borondatea agertu dute Vaquerok eta Gartziak. Hala ere, EAEko hiru lurraldeetan agintzen duten alderdiei zera ohartarazi diete; «lan errenten aurrean errenta eta kapital handiak irabazten ateratzen den eredu bidegabe baten alde egiten jarraitu nahi badute», Podemos «kontra» izango dute.

Etxebizitza

Podemos Euskaditik azpimarratu dute beharrezkoa dela «bizileku larrialdiaren aurrean irtenbideak eskaintzea». Zentzu horretan, Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuak gogorarazi dituzte: EAEko gazteek soldataren %64 erabiltzen dute hipoteka bat ordaintzeko, eta %49,5 alokairurako. «Neurri ausartekin egin behar zaio aurre bizi dugun bizitegi-larrialdiari, edo gazteak etorkizunik ez izatera kondenatuko ditugu, beren bizi-proiektuak garatu ezin izatera», ohartarazi dute.

«Arazoa da EAJk ez duela etxebizitza eskubidean sinesten», Vaqueroren ustez. Bere esanetan, jeltzaleek «merkatuko ondasun gisa» ikusten du etxebizitza, eta uko egiten dio merkatu horretan esku hartzeari.

Maite Gartziak, Errenteriako bigarren alkateordeak, Elkarrekin Podemosek EH Bildurekin koalizioan gobernatzen duen udalerri hori jarri du «etxebizitza politikaren beste eredu bat posible dela» erakusteko adibide gisa, EAEn eremu tentsionatu izendatu duten lehen herria izan ostean. «Gobernatzen dugun tokietan, gehiengo sozialen mesedetan lan egiten dugu, eta ez negozioa egiteko», ziurtatu du.

Trantsizio energetikoa

Podemos Euskadik trantsizio energetiko «justu» bat lortzeko bidea egin nahi du aurten, eta EAJk gidatutako politiken kontra eragin. Koalizioaren ordezkarien hitzetan, EAJk ez baitu pausorik eman energia-konpainiek «klima-aldaketaren aurkako borrokan dagokiena ordaindu dezaten».

«EAJk ez dio jaten ematen dion eskuari kosk egin nahi eta Repsol eta bestelako enpresa energetiko handiak defendatzen ditu. Errazagoa da enpresa energetikoen aldeko legeak egitea, administrazio-kontseiluetan ateak irekita utziz, gehien kutsatzen duten eta klima-aldaketan erantzukizun handiagoa duten enpresei zerga kontsekuente bat ezartzea baino», kritikatu du Vaquerok.

Koalizioaren koordinatzaile nagusiak esan du Podemosek lan egingo duela «Euskadi etxebizitza politiketan erreferente izan dadin; zerga-erreforma bidezkoa eta progresiboa izan dadin, okerren pasatzen ari diren familiei mesede egingo diena; zerbitzu publikoen aldeko benetako apustua egin dadin; gizarte-ekonomia susta dadin; gizarte-babesa indartu dadin; eta trantsizio energetikorantz irmoki aurrera egin dadin».