Adimen artifiziala eta euskara
Adimen artifizialak, egitasmo zientifikoa den heinean, hizkuntza guztietan erabiltzeko ikerketak eta teknikak behar dituela; baina guzti horren eragina berezkoak diren hizkuntza guztietan txertatzen eta zabaltzen saiatzea izan liteke demokratikoa eta aurrerakoia.
Espainiako Gobernuak joan den 2022-03-01ean adimen artifizialari buruzko «PERTE» bat onartu zuen. Ebazpen edo agindu horien berezitasuna da Europar Batasunetik datorren diruz hornituta daudela. Xedea da pandemiak eta Ukrainako gerrak eragindako atzerakada kitatzeaz gainera, modernizazio eta aurrerapenerako balio dezaten.
PERTE izenak aldaketarako eta berreskurapenerako egitasmo egiturazkoa esan nahi du (:Proyecto Estratégico para la Recuperación).
Adimen artifizialen ikerketak izugarrizko garrantzia dauka, ez bakarrik industriagintzan eta zehazki, industriagintzaren modernizazioan, baizik baita ere kulturaren eta hizkuntzalaritzaren arloan. Horregatik, bertatik eragiten die edo ukitzen ditu kulturako antolakunde eta ekimen guztiak.
Azkenaldiko Ministro Kontseilu bakoitzean lau edo bost PERTE onartuta gertatzen ari dira eta beraien bitartez banatzen diren Europako diru funtsak izugarrizko garrantzia dute eta eragin handia izanen dute, zalantzarik gabe.
Adimen artifizialari buruzko PERTEa 1.100 milioi euroz hornituta dago eta ekimen pribatutik beste horrenbeste –beste 1.100 milioi, alegia– sustatzea edo «mugiaraztea» du xedetzat. Izena Hizkuntza Berritzeko Egitasmoa jarri zaio; eta izen hori bera hutsegite larri, esanguratsu eta erasokor bat da, adimen artifizialaren eragina ez baita hizkuntzen arloan bukatzen; eta askoz gutxiago, hizkuntza baten edo bestearen garapenera mugatzen. Logika matematikoa izan daitekeen bezalaxe, adimen artifizialaren eraginak hizkuntzatik at dauden garapen kulturalak, intelektualak, teknikoak eta industrialak ere ukitzen eta baldintzatzen ditu.
Adimen Artifizialaren ikerketa, gainera, Euskal Herriko iker-gune, unibertsitate eta kulturako hainbat arlo eta erakundetan lehen mailako arreta eta ardura sortu duen zeregina da. Euskal kulturari eta euskarari dagokionez ez-ezik, baita euskal modernizazioaren ikuspegi orokorrari dagokionez ere. Adimen Artifiziala euskal erakundeek, batez ere euskal erakunde kulturalek, aintzat hartu beharreko gaia eta kezka da. Eta hori, nahiz Espainiako Gobernuaren bere esku gorde duen zeregin hori, PERTE deitzen diren egitasmoen bitartez. Euskal ordezkari politikoei eta euskal erakundeei, guztiz kezkagarria izan beharko litzaieke Adimen Artifizialaren gai hau.
Kontua da Espainiako Gobernuko lehen presidente-ordea den Nadia Calviño andrea RAEra –Real Academia de la Lengua Españolara– joan zela Apirileko lehen astean 1.100 milioi euro horiek eskaintzera. Eta, nik dakidanez, ez Euskaltzaindiak eta ezta Kataluniako edo Galiziako Akademiek ez dute behar bezalako aldarrikapen bizkor, tinko eta gogorrik altxatu. Gai honetan izugarri asko dago jokoan.
Espainiako Gobernuak bost ardatz jarri dizkio Adimen Artifizialen Egitasmo honi: 1) Gazteleraren eta hizkuntza koofizialen «ezagutza». Baina delako «ezagutza» hori soilik «korpusak» osatzeko da. Ondoren LEIA («Proyecto de Lengua Española e Inteligencia artificial») bultzatzeabaitu helburutzat. 2) Adimen Artifiziala gazteleraz (en español). 3) Zientzia gazteleraz. 4) Gazteleraren ikaskuntza. 5) Industria Kulturalen sustapena. Baina kasu honetan ere lehendik dagoen «Plan España» delakoaren esparruan sartuta. Ardatz hauetan bertan, gainera, Instituto Cervantes eta horrelakoak aipatzen direlarik. Behin eta berriro gogoratu beharra dago koofizialtasuna soilik hizkuntzen berdintasunak erakarri lezakeela.
Bost ardatz horiez gainera, sei oinarri edo printzipio dauzka Adimen Artifizialaren Egitasmo edo PERTE honek; eta haietan bat, hirugarrena, hain zuzen ere «Panhispanimoa» (sic) da; beste bostak propaganda hutsa eta hutsala direlarik, hara nola: Izaera integrala; elkarlan publikoa eta pribatua; lurralde eraketan oinarritua; pymeak eta startups direlakoen parte hartzea; eta digitalizazio bateratzailea sustatzea. Esan bezala, propaganda hutsa.
Ikuspegi atzerakoi eta bidegabe honek, ordea, ezin du ezkutatu edo gutxitu euskarari eta beste hizkuntza «koofizialei» egiten zaien erasoaren larritasuna. Erasoa ez-ezik, iseka ere bai baita!
Egia da adimen artifizialak, egitasmo zientifikoa den heinean, hizkuntza guztietan erabiltzeko ikerketak eta teknikak behar dituela; baina guzti horren eragina berezkoak diren hizkuntza guztietan –gaztelera, katalana, euskara, galiziera eta abarretan– txertatzen eta zabaltzen saiatzea izan liteke demokratikoa eta aurrerakoia. Beste jokabide guztiek antzutasunera eta atzerakoikerietara besterik ez dute eramaten.
Ordezkari politiko batzuei ere helarazi zaie kezka hau. Gainera, garai hauetan areagotzen ari da euskarari egiten zaion zapalkuntza, normalizatzen ari den heinean. Ez bakarrik PAI eta antzeko beste «inbento» zeltiberikoekin, baizik normalizatuta diruditen eguneroko jokabideekin ere. Ez luke gazteleraz ez dakien ertzainik edo medikurik… beharko. Ezta ere, ordea, euskaraz ez dakienik!