Aster Navas

Albaniara bidean

Hilabete hauetan inolako erreferentzia eta laguntzarik gabe ihes egiten duten migratzaileen irudiek jazarri gaituzte, noraezean dauden gizakiak. Hemendik harantz, handik honantz. Erresuma Batetik Ruandara. Italiatik Albaniara. Kanarietatik Kanarietara, Valentziatik Atlantidara, Marokon edo Tapachulan geldiaraziak... Jende ahaztua, abandonatuta. Inolako babesik gabea; ezta nazioarteko komunitatearen tutelarena, tutoretzarena ere.

Kuriosoa da «tutore» hitza. Etimologikoki latinetik dator, «tutor». Eta tutor hori aditz oso esanguratsu batetik, «tueri»: babestu. Eta «tueri» hori «teu» indoeuroparretik dator (entzutea, behatzea, begiratzea, norbaitekin edo zerbaitekin kezkatzea).

Izan ere, gaztelaniak −«miramos por ti»− eta euskarak −«begira gaitzazu gaitz guztietatik»− bat egiten dute «mirar» adiera horrekin. Bai, komeni da jatorrizko hitzera itzultzea termino baten esanahia benetan ulertzeko, hitz horrek erreklamatzen digun jarrera gogorarazteko: askotan erabilerak hitzak bigundu egiten ditu, eta ez digu haien esentzia, haien helburua ikusten uzten.

Nekazaritza adiera ere oso adierazgarria da: tutorea ere kanabera bat da, landare bat zuzen mantentzeko eta hazten laguntzeko erabiltzen dena. Agian izen hori metaforaren ondorioa da: giza tutoreak ere funtzio hori bete behar luke. Horixe izan behar luke, kontuak kontu, bere helbururik garrantzitsuena: tutorpekoari bere garapen pertsonalean, bere ikaskuntzan laguntzea.

Honetaz guztiaz pentsatzen egon naiz marmitakoa egiteko YouTuben «tutorial» bat −“Con Guille en la cocina” kanalean− jarraitu dudan bitartean. Badira imajina daitezkeen gai guztiei buruzko tutorialak. Pausoz pauso azaltzen dizute nola sukaldatu untxi bat, nola egin Halloween mozorroa, etxeko kroketak, ogia, xaboi naturala, kalimotxo bikaina, gorbataren korapiloa, hegan egiten duen −azkenean ere− paperezko hegazkina, garagardoa.

Bai, internet kritikatu dezakegu, baina, ziurrenik, gizateriaren historiako altruismo ariketa handiena izaten ari da. Milioika pertsonak egiten dakitena partekatzen dute eta beste hainbeste milioi doan tutorizatzen gaituzte.

Hilabete hauetan inolako erreferentzia eta laguntzarik gabe ihes egiten duten errefuxiatuen −Gazako mutur batetik bestera, Siriatik Libanora, Libanotik Siriara, Siriatik Lesbosera, Gazan atxikiak− irudiek jazarri gaituzte, noraezean dauden gizakiak. Jende utzia. Inolako babesik gabea; ezta nazioarteko erakundeen tutoretzarena ere.

Hobbesen esaldiari −gizakia otsoa da gizakiarentzat− aurre egiten dioten argudio bakarrak tutorial horiek dira. Izaki sozialak garela egiaztatzen digun behin betiko froga; elkarri laguntzen diogula, elkar babesten dugula. Bai, marmitakoa prestatzeko tutorial hori da horren baieztapen bakarra... eta agian, baita, ilunabarrean, bospasei tabernatako zerbitzariekiko solasaldiak ere; zebrabide batean pasatzen uzten diguten gidari horiek; besarkada batzuk, ez denak; Catarrojara iritsitako boluntarioen aurpegi lokatzez zikinduak, neguak batzuetan ematen dizkigun su-eten, udaratxo hauek; elurra; Albaniarako bidean goazelarik  begirada enpatiko baten bat, meteoritoarena oraindik itxoin daitekeela pentsarazten diguten une gutxi horiek.

En fin.


Zuen iritzi artikulu edo gutuna iritzia@gara.net helbidera bidal dezakezue, word formatuan edo beste formatu editagarri batean. Idatzian sinatzailearen izena, abizenak, telefonoa eta NAN zenbakia agertu behar dira. Iritzi artikuluak eta gutunak sinatzailearen izen-abizenekin argitaratuko dira. Egileak talde baten izenean sinatzen badu, sinatzailearen izenaren azpian taldearen izena agertuko da. NAIZ ez da iritzia sailean argitaratutako edukiez arduratzen. 

Buscar