Xabier Arregi
Usurbilgo alkatea

Arduratuta gaude

Ardura hitzak adiera bikoitza du. Lehenak kezkari egiten dio erreferentzia, bigarrenak erantzukizunari. Bietatik du Usurbilek, errauste-plantaz ari garela.

Bai, kezkatuta gaude herritarrok, Zubietan hondakinak errausteko planta egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak erakutsitako tema dela-eta.

Ezeren aurretik, osasunean duen eraginak arduratzen gaitu. Hainbat erakundek adierazi dutenez, eta baita Txingudiko medikuek ere duela zenbait urte, hiri hondakin solidoak erretzen dituzten errauste-plantek osagai toxikoak eta arriskutsuak sortzen dituzte, nola airera isuriz hala errautsetan utziz, eta gure osasunean eragin kaltegarri nabarmena dute osagai horiek. Frogatuta dagoenez, substantzia hauen artean gehienak oso kaltegarriak dira osasunerako, minbizia bezalako eritasunak sorraraz ditzakete, edota immunitate, arnasketa, ugalketa eta nerbio sistemari kalterako eragin. Nahiz eta bertan ezarritako gasen iragazpen eta garbiketa sistemak oso onak izan, elementu hauek guztiak eguneroko emari etengabean airera, uretara eta lurrera igarotzen dira, gure osasunean eta ingurumenean eraginez. Halako kasuetan, aski behar luke zalantzak eta kezkak gobernu ororentzat, badaezpada ere osasunaren alde egiteko.

Eta ez gara balizko kontuez ari: hor dago inguruko errauste-plantak eragindako gaixotasunengatik berriki Madrilgo Valmingomezko bizilagunek irekitako lege auzia. Osasunean, naturan, gure bizi kalitatean... denean izango du eragina eufemismo nahasgarria erabiliz, zenbaitek baloreztatze planta deitzen duen azpiegitura erasokor horrek. Baina, Europatik bestelako direktibak eta jarraibideak datozenean, alegia gaur egun errauste-plantak besterik ezin denerako uztea eskatzen denean, Gipuzkoan atzera egin nahi dute gaur egungo agintariek.

Inork ez du etxe ondoan nahi. Gipuzkoan hainbat tokitan proposatu izan da, baina kokapena proposatzearekin batera, tokiko herritarrek eta erakundeek berehala erantzun dute ezetz, ez dutela ondoan nahi. Eta, horren aurrean bi jarrera ikusi ditugu: «hemen ez» esan dutenena (alegia, «besteak hor konpon»), edo «inon ez» esan dugunona (edo, «guretzat nahi ez duguna, ez jarri besteri»). Ikusmolde talka horretan, norberekeria bultzatzen duen ereduaren alde egin du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Horregatik, zigor gisa hartzen dugu usurbildarrok errauste-planta egitea. Zigorra da, Gipuzkoan hondakinak biltzeko moduan eta emaitzetan eredugarri izanda, alternatiba etiko eta jasangarri bat eraiki duen herri baten aurka egiten delako. Kasualitatea al da gehien birziklatzen duen herrietako baten ondoan, Gipuzkoa inzibiko eta arduragabearen ikono nagusia ezartzea? Paradoxa da, bai, baina batez ere zigorra.

Erantzukizunari dagokion adieran ere, arduratuta gaude. Orainari eta etorkizunari alternatiba jasangarriak eraikiz erantzuten ari gara. Bide luzea dugu aurrean, baina gipuzkoarrok izugarri aurreratu dugu denbora gutxian, eta aurrera goaz. Prebentzioa, berrerabilpena eta birziklatzea hurrenkera horretan biltzen dituen zikloan, praktika eta azpiegitura egoki gehiago sustatu behar ditugu. Zero zabor, ekonomia zirkularra, praktika lokalak... ez dira kontzeptu soilak, baizik eta etorkizun hobe baterako oinarrizko ildoak. Eta horietan behar besteko ahaleginik egin gabe, ulertezina da errauste-planta bezalako azpiegitura kutsakor eta desmotibatzailea sortzea.

Dugun ardura politikoagatik, herri hau parametro etiko eta gizalegezkoetan eraikitzea dagokigu, eta oraindik garaiz gabiltzanez, gonbit zintzo eta zuzena egiten diogu Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietako errauste-planta birpentsatu, eta pertsonak herrialde honen erdigunean jar ditzagun.
Hondakinak eta beren tratamendua gizarte ereduaren ispilu diren bezala, arazo honen kudeaketa dugun maila politikoaren ispilu ere izango da.

Buscar