Atxiloketak eta
Joan den ilbeltzaren 12an, Espainiako Gobernuak berriz ere jokatu zuen modu zikin, susmagarri eta desegokian, Euskal Herriko sektore oso handi baten aurka. Ematen du jadanik ez dakitela zer gehiago asmatu, beren alderdiko interesen alde egiteagatik. Iristen ari dira puntu absurdu, ulertezin eta antidemokratikoenetaraino.
Orain zer eta, berriro ere bururatu zaie atxilotzea euskal preso politiko batzuen abokatuak. Barne ministroa ziztu bizian atera zen hedabideen aurrera, atxilotu haiei leporatzeko ETAren garro arrunt arriskutsu eta kaltegarriak zirela. Eta, hara non, epailearen aurrean deklaratu bezain azkar, atxilotuetako gehienak aske utzi dituzten, bermerik jarri gabe eta oso kargu txiki batzuk ezarrita. Nola liteke bada, etakide arriskutsu eta gaizkile batzuk epaileak segituan aske uztea? Zer, epaile horiek erotuta eta ergelduta al daude bada?
Guardia zibilek eman ziguten beste ikuskizun bat, zeharo harrigarria izan zen, dirua lapurtzearena. Edo bahitzearena, esan beharko al genuke? Itzultzen ez duten bitartean behintzat, nik uste dut, esan behar dela, lapurreta hutsa izan zela, LAB eta Sareren izen ona zikindu eta lohitzeko. Zergatik ez ote dute egiten gauza bera elizetan, meza guztietan biltzen den diruarekin, konparaziora, horren ekintza susmagarria baldin bada? Demokrazia baten barruan ez dute inolako lekurik, Madrilgo Gobernuaren halako ekintza maltzurrek.
Eta joan den aste hau, ikatz kolorez margotzen biribiltzeko, hortxe dugu Madrilgo Gobernuak berberak asmatu eta praktikan jarri nahi duen legea edo dena delakoa, euskal preso politiko batzuek, Estatu honetatik kanpo bete dituzten zigorraldiak, berriz ere bete ditzaten Estatu honetan, zigor gehigarri moduan. Nik uste dut, honelako asmo zitalak ezin direla sartu buru logiko eta asmo onekoetan, baina norbaitzuen buruetan bai, oso erraz sartzen dira.
Idatzi hau ez luzatzearren eta bukatze aldera, nik uste dut esan behar dela, jokabide hauek guztiak daudela, PPren Gobernuaren aginduetara eginak, beren komenentziaren arabera. Hauteskundeei begira eta beren lotsaizunak, ustelkeriak, murrizketak, eraginkortasunik eza, lotsariak, boto galerak, eta abar, eta abar estaltzeko. Berriz ere antolatu dute estrategia hau, ezkerreko euskal abertzaleak desprestigiatzeko, botoak kentzeko, izorratzeko, mendekua hartzeko, kalte egiteko, beraiek denbora irabazteko, eta abar hamaika aldiz. Ustezko hitz miresgarriaren babesarekin, nonbait iruditzen omen zaie, askatasuna dutela edozein astakeria antidemokratiko eta Giza Eskubideen kontrakoa egiteko, inolako lotsarik eta ordainik gabe.
Beren praktika hauxe da: <esan gezurra esan, beti zerbait gelditzen da-eta!>. Atxilotu politiko eta badaezpadakoekin ere, beste horrenbeste gertatzen ari da, momentuz ziegetara, eta gero, zigor guztia bete ondoren, errugabeak zirela frogatzen bada ere, berdin da, hor konpon, izorratu eta gainera isilik egon daitezela! Lehenago ere antzeko nahiko kasu ikusiak gara: Egin egunkariarena, Egin Irratiarena, Ardi Beltza aldizkariarena, Euskaldunon Egunkariarena, Bateragune auzikoena, Parot doktrinakoena, eta abar.
PPk dagoeneko hamaika aldiz frogatu digu ez dela oso alderdi demokratikoa, eta alderantziz bai, ordea, hots, Giza Eskubideetan egundoko gabeziak dituela.