Patxi Zabaleta
Abokatua

Bakea bai! NATO ez!

Baina Europak bere kabuz erabakiak hartu ahal izatekotan lehenik eta behin gogoratu behar dena da Europa ez dela NATO eta Europak ez lukeela NATO erakundearekin nahasi beharko

Europarrok berriro ere gerraren ezkaratzean gaude. Gerra nozitzeko arrisku bizi-bizian aurkitzen gara, aipatzen den Ukraina eta Errusiaren arteko balizko gerra europarra izango litzatekeelako.

Egoera honetan lehen gogoeta izan beharko luke Europak bere gogoetak bere buruz eta kabuz hartzeko gai izan beharko lukeela; eta ez soilik Amerikako Estatu Batuek, AEBk, erabakitzen duenari jarraitu. Europa, ordea, ez da erantzun bateratua ematen ari. Frantzia bere aldetik dabil, Alemania beretik, Erresuma Batua beste alde batetik eta bitartean Boris Johnson bere arazo pertsonalak eta politikoak nahasi eta konpondu nahiean.

Baina Europak bere kabuz erabakiak hartu ahal izatekotan lehenik eta behin gogoratu behar dena da Europa ez dela NATO eta Europak ez lukeela NATO erakundearekin nahasi beharko, orain Sanchez, Borrell eta Margarita Robles maltzurkeria handiz egiten ari direnaren aurka.

Europa ez da NATO eta gainera ez dauka gudaroste bateraturik baina indar handi bat egin lezake, eta da bakearena. Bakearen indarra izaten da beti azkenerako balio duen bakarra, baina guda-zaleak eta indarkeriaren aldekoak direnak, estali eta mozorrotu egin nahi izaten dute bakearen aldeko ahalegina «disuasioa» deitzen duten trikimailuarekin. Oso zaharra da trikimailu hori eta erromatarren inperioko sustraietan –«si vis pacem, para bellum»- okerrerako tentaldi bat bezala, ezarririk zegoen jada.

Europar batasuna soilik bakearen indarrez eraikia izan zen Bigarren Munduko Gerraren ondoren eta gerraren erabilera behin betiko baztertzearen asmoz, baina orain borondate hori ustezko «disuasioaren» trikimailuarekin nahasi nahi dutenek Europaren beraren izateko sena ukatzen ari dira. «Bakea bai» leloak uko egin behar dio NATO eta NATOren morroi eta menpeko izateari eta jokabideari.

Gogoratu nahiko nuke joan den mendeko 80ko hamarkadaren erdian izandako erreferendumean Hego Euskal Herri osoak ezetza eman ziola NATOn sartzeari. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herritarrik gehienok ezetza eman genion NATOn sartzeari, bakearen aldeko argudioengatik, eta hori da orain ere aukeratzen dugun jarrera eta jokabidea. Norbaitek zilegitasuna kendu nahiko balio orduko erabakiari kontuan hartu beharko lirateke gutxienez hurrengo bi gauzak: bat, hainbestetan aipatzen den konstituzioaren erreferenduma 10 urte zaharragoa dela; eta bi, zehazki Nafarroan nahiz ustez alderdi handi guztiek –UPN, UCD, PSOE, PNV eta abar- baiezkoa eskatu, herritarren 10etatik 6k baino gehiagok bakearen aldeko apustua egin genuela.

Ukrainako herritarrei ere bakea zaie komeni eta ez inolaz ere NATOn sartzea, eta soilik hori litzateke Europa osoan berdintasuna eta bakea ekar lezakeena. Ezin da ahaztu Ukrainako herritarren erditsuak Errusieraz mintzatzen direla eta egoera horren aurrean Ukrainako lurraldetasuna eta nazio burujabetasuna soilik aipatzea, Sanchezek egin berri duen bezala, ez da ez serioa, eta ez zuhurra. Sanchez eta PSOE oso atzeratuak gelditzen ari dira demokraziaren ezinbesteko zatia den nazioen autodeterminazioa ukatzeko itsukeriarengatik; adibidez, Kosoboko kasua aztertzea nahikoa den bezala.

Europaren etorkizuna ezin daiteke AEBko inperioaren asmo eta esanen azpian utzi. Egia esan, Biden presidentea irrigarri gelditzen ari da ez bakarrik ez direlako betetzen ari berak iragarritakoak, baizik eta soilik eta bakarrik eskuin muturrekoen aldeko mezuak eta aginduak ematen dituelako. Badirudi gerraren inguruko negozio beltz eta zikinetako ugazaba eta nagusiei men egiten ari dela. Trump berak egin lezakeenaren papera jokatzen ari dela alegia.

Bakearen aldeko argudioetan giza eskubideen defentsatik hasita ezin da gerraren inguruko negozioen aipamena egin gabe utzi. Eta horretan ere Euskal Herriak eta zehazki Nafarroak, badauka zertaz gogoeta egin eta damuak aztertu.

Bardeetako poligono militarrak hanka bat baino gehiago dauka; alde batetik gudarostearen agintea eta indarra daude; bestetik nafar guztiona zen eta beharko lukeen Bardeetako eremua erabiltzaile batzuen eskuetan –kongozanteak direlakoak– jartzeko trikimailu juridikoak daude; baina beste alde batetik, borondateak erosteko urtero-urtero ematen dituzten ia 40 milioi euroko ekarpen eztabaidagarria dago. Ezin aipatu gabe utzi soilik Bardeekin mugatzen duten udalerrietan irabazi zuela baiezko bozkak NATOko erreferendunean.

«Bakea bai» eta lelo hori batzuetan ez baldin bada zuhurra, egokia, komenigarria, zentzuduna eta erraza ere, beti eta noiznahi erabili behar dena da. Europar bezala eta herritar bezala, Bakeari bai, NATOri ez.

Buscar