Bakea Ziganda lehen emakume euskaltzaina
Bakea Zigandak berak Euskaltzaindiak antolatutako bilera batean hitza hartu zuela dion lekukotasun idatzi bat bada –«Amigos del Pais»-eko 1966ko boletinean dago–. Euskaraz eta adorez mintzatu zela dio lekukotasun horrek, nahiz bere ekarpena ez dagoen jasota.
Iruñeko Bakea –edo Maria Paz– Ziganda Ferrer (1890-1966) izan zen Euskaltzaindiako kide izatera iritsi zen lehen emakumea. 1954-II-26an euskaltzain urgazlea izendatua izan zen eta.
Bakea Zigandaren izena batez ere ezagutzen da Burlatan dagoen Iruñerriko ikastola garrantzitsu bati deitura ematen diolako; Paz de Ziganda Ikastola deitzen da. Izenaren esamoldeari berari dagokionez, berriz, nahiz erderazkoa izan den gehienik erabiltzen dena, Bakea ere idatzita dago, adibidez «Amigos del Pais» elkarteko 1966ko boletinean; horrek zilegitasuna ematen dio euskarazko deiera artikulu honen buruan erabiltzeari.
Sarean dauden entziklopedietan begiratuz gero, hiru edo lau zertzelada besterik ez da agertzen Ziganda andreari buruz. Esaten da Iruñeko familia aberats bateko alaba zela; euskal-zalea eta izadiaren maitalea zela, «Amigos del Pais» eta beste elkarteren bateko kidea egin zelaeta bere testamentuan diru kopuru eder bat utzi zuela Iruñeko ikastolarentzat; edo zehazkiago esate arren, «Amigos del Pais» elkarteak sustatutako ikastolarentzat.
Aldiz, ordea, entziklopedietan ez da aipatzen Bakea Ziganda 1954an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuenik. Euskaltzain oso izendatutako lehen emakumea Miren Azkarate da eta 1992 urtea arte itxoin behar zen izendapen hori gauzatua izan zedin. Euskaltzain guztiok, ni neu barne, jakina, autokritika zorrotza egin beharra daukagu ez bakarrik atzerapen onartezin honetaz, baizik eta baita ere gaur egungo egoeraz.
Ezin dena zalantzan jarri da urgazle eta ohorezkoen euskaltzain izaera. Alde batetik, izaera hori Euskaltzaindiaren Arautegian aitortua egoteaz gainera, litekeen eskubide akademikorik garrantzitsuena ematen zaielako Arautegiko 18. Artikuluan, nahiz ez den errespetatzen. Eskubide hori da hitzez hitz, «Akademia gaiak aztertzen direnean, ohorezkoak eta urgazleak ere, joateko eskubidea eta hitza izango dute, baina botorik gabe». Euskaltzaindiako eztabaiden mailak asko irabaziko luke eskubide hori errespetatuko balitz; eta gainera, endogamiaren pobrezia ekiditeko bidea izango litzateke… Ezin da ahaztu onartua eta aitortua dagoela euskararen batasunaren sustatzaile nagusiak Txillardegi eta Aresti urgazleak izan zirela, besteak beste. Aresti, esate baterako, Euskaltzaindiako bileratan egon izan zen; eta hori ez-ezik proposamen aurrerakoiak egin zituela ere jasota dago; adibidez, 1975 nazioarteko emakumeen urtea zela eta.
Bakea Zigandak berak Euskaltzaindiak antolatutako bilera batean hitza hartu zuela dion lekukotasun idatzi bat bada –«Amigos del Pais»-eko 1966ko boletinean dago–. Euskaraz eta adorez mintzatu zela dio lekukotasun horrek, nahiz bere ekarpena ez dagoen jasota.
Dena dela, ezin dugu lotsa besterik sentitu ikusita feminismoaren arloan euskaldungoan baino mende bat lehenago biztu zirela eztabaidak RAE (Real Academia Española) edo gazteleraren akademian bertan. XIX mendeko azken hamarkadan saiatu omen zen Emilia Pardo Bazan erakunde hartan sartzen. Ez bakarrik ez zuen lortu, baizik eta orduko matxitoek sekulakoak eta bi bota zituzten. Baina «feminismo» hitzaren sortzailetzat ere ezagutzen da, beste hainbat ekimen eta ahaleginen bultzatzailetzat bezala. Pazo de Meiras egin zuen eta gordeta zituen jasotako maitasun kartak Carmen Polok errearazi omen zituen...
Kataluniako akademia den Institut d'Estudis Catalans delakoan 2021-06-2an Teresa Cabré andrea izan da lehendakari aukeratua. Bozketan parte hartzko eskubidea 284 akademikoek zeukaten, eta 216k bozkatu dute, Cabré andreak %91 bozka jaso dituelarik. Orain arte, eta zortzi urtez akademiako burua izan den Joandoménec Ros i Aragonés jauna ez zaio karguari atxiki eta berrikuntzari bidea eman dio erakundearen eta katalaneraren mesedetan. Horrekin ez dut esan nahi haiek gauza guztiak ongi dauzkatenik; baizik eta eman dituzten urrats batzuk eredugarriak direla; adibidez, hautesle kopurua, karguen iraupen muga, feminismoa serio hartzea eta abar.
Arlo askotan daukagu zer eta non ikasia. Lehenik gardentasuna. Hurrena, aniztasuna. Eta horretarako, euskaltzain «zenbakidunak» («osoak» beharrean, deitura horrek faunako konnotazio itsusiak dauzka eta) ugaritzea. Gizon eta emakumeen kopurua berdintzea. Baina eman ditugu ere aurrera-pausu ikaragarriak, adibidez literaturan, non emakumeen gehiengoa gero eta nabariagoa eta garrantzitsuagoa den.
Euskararentzat erronkak ez dira nolanahikoak, baina arriskurik zailenetan egin du aurrera euskarak eta Euskal Herriak.