Garazi Aizpurua
Filosofian irakaslea

Beharrak zer ote diren

Nire irudipena da gure nahiek (eta noizbehinka desiraren batek) sufrimendua ekartzen digutenean beharrak bilakatzen direla. Horixe da, beraz, beharra: sufrimendua ekarri digun nahia.

Aurreko artikulu batean desiren eta nahien inguruan arakatu nuen, bi kontzeptu horien izaeraz eta bien arteko ezberdintasunaz galdezka. Esan nuen biak une honetan ez dugun baina noizbait izan nahiko genukeen zerbaiten esperoa adierazteko erabiltzen ditugula, baina badutela ezberdintasunen bat; funtsean, desiren aldean nahiak epe laburrera lorgarriagoak direla aipatu nuen.

Hausnarketa horrekin batera, gaurkoan beste bat datorkit burura, uste baitut hausnarketa hori hankamotz gelditzen dela eta beste kontzeptu bat sartu behar dudala eszenatokira, halabeharrez: beharrak. Gero eta gehiago entzuten ari gara gure txikien artean: «Mugikor bat behar dut!». Gero eta gehiago agertzen ari da gure gazteen artean «mugikor soil bat ez, Iphone 14 bat behar dut!». Gugan, helduongan ere, lehenago behartzat hartzen ez genituen beharrak sortzen hasi zaizkigu. Baina zer dira horiek? Beharrak dira, nahiak dira, barneko gabeziak akaso?

Inongo ezbairik gabe, nahiak, desirak eta beharrak, biak erabat lotuta daude bizitzearekin; baina hemen komenigarria da bizitzearekin loturiko bereizketa txiki bat egitea: ez da gauza bera bizirautea eta ondo bizitzea (bizitza ona edukitzea; hots, zoriontsu izatea). Izan ere, aipatu bi horien arabera, bi behar mota bereiziko nituzke nik, orduan: batetik, oinarrizko beharrak eta, bestetik, behar modernoak (hala deitzen diet nik). Oinarrizko beharrak biziraute hutsarekin loturik daudenak direla uste dut; alegia, bizirauteko ezinbesteko ditugunak, hala nola: elikatzea, ura edatea, behar beste lo egitea…

Oinarrizko beharrak zer edo zein diren intuitiboki denok uler dezakegun arren, ez pentsa hain garbiak direnik! Are gehiago, esango nuke oinarrizko behar horien zerrenda egiteko eskatuko balitzaigu, zerrenda aldatuko litzatekeela pertsona batetik bestera. Haatik, ziur naiz antzekotasunak gehiago izango direla ezberdintasunak baino. Aitzitik, behar modernoak zer edo zein diren, zerrenda horrek buruhauste gehiago ekarriko lituzkeela iruditzen zait. Behar modernoak hertsiki loturik daude ondo bizitzearekin. Ondo bizitzeko edo zoriontsu izateko norberak zer behar duen konplexua da oso. Zer sartu behar dugu zerrendan? Ezin da zerrenda bat bakarra egon; ez dira egongo bi zerrenda berdin. Behar modernoak norbera, pertsona bakoitza, zoriontsu, lasai, asebeteta sentitzeko ezinbesteko dituen horiek dira; gehienetan gauza materialak izan daitezke, baina ez beti. Edonola ere, arrazoi horregatik, ausardiaz esango nuke behar moderno horiek, hasiera batean, nahiak (eta tarteka desirak) besterik ez zirela.

Hau da, nire irudipena da gure nahiek (eta noizbehinka desiraren batek) sufrimendua ekartzen digutenean beharrak bilakatzen direla. Horixe da, beraz, beharra: sufrimendua ekarri digun nahia. Eta, jakina, hor jokoan sartzen da presio soziala, sozialki onartua dagoena, modan dagoena, ondo ikusia dagoena. Nahiak zirenak beharrak bilakatzen dira besteen onarpena bilatzen dugulako etengabe. Hortaz, hasiera batean nahi hutsak zirenak bat-batean beharrak izaten hasten dira; izan ere, horiek izan ezean, ez dago ondo bizitzerik. Bat-batean, nahi horiek beharrak izaten hasten dira, hain justu, horiek gabe ez dagoelako bizitza bizigarri (eta batzuetan jasangarri) egiterik, ez dugulako geure identitatea sortzerik besteekin bat egiten dugun arte, puzzle bateko piezak bagina bezala. Bizitzan ezagutzen ditugun pertsonek puzzle bat osatuko balute, geuk puzzle horretako pieza bat gehiago izan nahiko genuke une oro, puzzle osoarekin bat egiten duena, gainerako piezekin elkar daitekeena.

Eta, bat-batean nahien eta beharren arteko marra mardula apurka fintzen doa; biak bereizten zituen dena delako hori lausotzen doa, eta biak nahastera edo bakoitza ez identifikatzera eramaten gaitu horrek.

Baliteke, beste behin, geure buruari galdekatu behar izatea zergatik behartzen dugun geure burua kanpotik geuk erabaki gabe eman zaigun puzzle horrekin bat egitera. Izaki sozial izate hutsak eraman behar al gaitu puzzlearen arabera geure izaera aldatzera eta moldatzera? Ez dakit. Baliteke aldatu behar dena puzzlearen jokoa bera izatea, inork puzzle horrekin bat egiteko behar hori sentitu ez dezan. Ez dirudi gizarteak edo giza bizitzak puzzle bat izan behar lukeenik. Agian beste joko bat bilatu beharko dugu, non denontzako tokia dagoen, non denok haren parte sentitzen garen, non inoren identitateren moldaketarik eskatzen ez duen, denon bizitzak zentzua izan dezan eta nahiak behar bilaka ez daitezen. Nire irudipena da bizitza jolastea bera dela, besterik ez; inongo erregelarik gabe, inoren onarpenik behar izan gabe, betiere geure buruarekiko autokritika eta hobetu nahia ahantzi gabe. Edonola ere, behar moderno horiek ez lukete sekula gure izatea eta izaera moldarazi behar eta, modu horretan sentitzen bagara, ziurrenik, jokoa aldatu behar den seinale!

Buscar