Bidea ekinaz egina, beti!
Beraz, kontuan izan dezagun Kataluniako independentziaren aldeko borroka bultzatzea gure independentzia bultzatzea dela, haiei egiten dieten kaltea eta ezartzen dizkieten trabak gure aurkakoak ere badirela.
Zenbat idatziko ote dugun katalanek zabaldu duten prozesuari buruz, inor ausartzen al da trabesa egiten? Orain arte Europan ezagutzen ditugun prozesu politikoetatik guztiz desberdina ageri zaigu Katalunian egiten ari diren independentziaren aldeko bidea, demokraziara zuzendua. Indiara, Ghandiren garaira, jo beharko genuke antzekotasun bila eta, hala eta guztiz, ez du parekotasunik. Katalanak beren prozesua XXI. gizaldian garatzen hasiak direnez Europaren bihotzean, bada, Indiarekin baino, Europarekin kontatu beharko dute garatu ahal izateko.
Guztiok dakigu hasierako txanpainak dakarren aparra laster desagertzen dela, baina ez horrela ilusioak barne sendotasunean oinarriturikoa baldin bada. Eta hori da, hain zuzen, nire begiekin eta bihotzarekin ikusten ari naizena garrantzizko egun hauetan; espainiar erregimen ez-demokrata, atzeratu eta zaharmindua, Francoren herentzia gainetik astindu ezinik, egonezinean dagoela Kataluniatik jasotzen ari den haize freskoak min ematen baitio: independentziaren aldeko jendea, ezkerreko, abertzale, eskumako, espainol ez-independentista... baina demokrata azken batean; beraz, elkartzen dituen ore horri nolaz aurre egin behar dio Espainiak? Bada, dakiten eta erakusten ari diren era bakarrean, tamalez. Euskaldunok, eta ezker abertzalekook batik bat, ederki asko dakigun bezala: errepresio bortitzaz.
Honezkero, sinetsi ezin zuten katalan demokratak konturatu dira luze joko duela independentziaren aldarrikapenetik guztion herri independente subiranoa izatera pasatzea. Lehen aipatu dudan sendotasuna nabari diet herritarrei eta agintariei, eta bat datoz! Hau handia da, lagunok. Zintzo eta tinko ari diren itxura hartzen diot, beren asmoetan, gogo eta itxaropenetan; horregatik, ustea baino sinesmen osoa dut irabaziko dutela!
Hau esan eta gero, gogoeta batzuk nahi ditut paper gainean jarri Euskal Herriari buruz, niretzat, aberriari buruz. Azken hirurogei urteotan Euskal Herriaren biziraupenerako, pertsona koherenteenek egin duten bidea kontuan hartzen badugu, bere kontraesan guztiak gainean ditugularik, Euskal Herria gaur dagoen egoerara bizirik ekartzea lortu dute! Euskal Herria ez desagerraraztea Espainiak asimilaturik. Inork esan al dezake bere burua engainatu gabe ez dela gauza asko?
Hil ala biziko egoera luzea izan da belaunaldi batzuentzat. Eskuzabaltasunez egina, duintasun eta maitasunez, lurraldearen, hizkuntzaren, kulturaren alde, langileriaren defentsan, Euskal Herriaren askatasunaren alde, azken batean. Bide horrek etsai handiak sortzen ditu inguruan, hanka sartzeak ere egiten dira, noski, iraultza guztietan munduan zehar gertatu den legez. Beraz, pauso aldaketa emateko denbora behar da, nahiz garbi daukadan denborak ia beti borrokatzen denaren kontra egiten duela.
Ez dugu erlojua katalanen orduan jarria, haiek 1978an gure orduan ez zuten bezala. Gogoan izan behar dugu, garai garrantzizko hartan, espainiar erregimen faxistak idatzitako konstituzioari Euskal Herriak soilik aurre egin ziola Estatu osoan, Konstituzioari uko eginez. Katalanek onartu egin zuten, baita erreforma frankista ere. Bi herri adoretsu hauen arteko desberdintasuna ez da 78ko garaikoa. Herri biek dute historia eta ibilbide politiko desberdina eta, hala eta guztiz ere, eta guztiaren gainetik, senidetasun zintzoak lotzen gaitu bi herriok.
Orain, une garrantzitsu honetan, katalanen alde ezinbestekoa dugu eskuzabaltasunez jokatzea, garena emanaz. Ez dut zalantza izpirik horrela egiten ari garela poliki bada ere, eta gogotsu erantzungo diogula, jasango duten errepresioa aurreikusten baita. Euskaldunok ondo ezagutzen dugu etsaiaren nolakotasuna. Zoritxarrez, iaioak gara errepresio kontuetan.
Beraz, kontuan izan dezagun Kataluniako independentziaren aldeko borroka bultzatzea gure independentzia bultzatzea dela, haiei egiten dieten kaltea eta ezartzen dizkieten trabak gure aurkakoak ere badirela. Eta, ohar gaitezen, bi herrien artean, Euskal Herria 1978an hasita, eta Katalunia 2010eko txanpatik, suntsiturik utzi dugula betirako konstituzioaren balioa eta bidea, Estatuko edozein herrik askatasuna lortu nahiko balu kontuan hartu beharko lukeena.
Gaur Euskal Herrian saiatzen ari garen borroka-aro honi ez nioke inondik inora ere bide aldaketa deituko, denbora berrietara egokitzea baizik. Nire ustez, behinik behin, lehengo lepotik dugu burua, euskaldunok diogun legez, nahiz pauso aldaketak ajea sortu digun, GARAn irakurri dudanez...
Katalunian bizitzen ari diren prozesuak sortuko dien kontraesan eta pauso aldaketak gure herrian sinesten dugunongan eragin zuzena izango du, baita edozein pertsonarengan ere: izan abertzale, demokrata, ezkerreko, eskumako edo espainol nazionalista. Batzuk eta besteok, Estatu bateko biztanle gara. Hortik aurrera, nire ustez, desberdintzen gara, nahi eta nahi ez. Desberdintasun handiena une honetan Kataluniako prozesuaren eraginak begi bistan, azpimarraturik, utzi digu: espainolak izan ala katalanak; gure kasuan, espainolak ala euskaldunak.
Atarikoa al da demokraziaren alde egitea? Nire ustez, bildurik, baturik, ikusi dut gure borrokaldi osoan, eta ez lehenagoko edo geroagoko zeregina. Bestela, zein motatako subiranotasuna, independentzia eta sozialismoa lor genezake demokraziarik gabe, benetako herri bat izan nahi badugu? Demokrazia gehiengoaren agintea dela diote, baina gizakiaren duintasunean eta gizaki bakoitzaren eskubide guztien errespetuan oinarriturik. Horrela ez balitz, edozein herriren independentzia eta independentziaranzko bidea laster joango litzateke pikutara, azken 40 urteotan «Espainiako demokrazian» ikusten ari garen bezala.
Hirurogeiko hamarkadatik gaur arte, ez nuen entzun hain gartsu humanismoa defendatzen, gizakia oinarritzat harturiko filosofia, alegia. Ez naiz kontrakoa, alderantziz, baina, garbi utzi nahi dut nire aldetik pertsonak ez garela arbolan jaio eta haize boladak lurrera botatzen duen fruitua. Lurralde batean jaiotakoak, kultura baten hezitakoak, eta nahitasun eta ezintasunean bizitakoak garela. Horrek gizaki egiten gaitu, eta, gainera, lurralde bateko gizakiak, ez bestekoak. Bakoitza nongoa den, zer ikasi duen, nola bizi izan den, eta zein diren bere helburuak, sentipenak... horrek desberdinduko gaitu besteengandik. Noraino? Norberaren askatasuna eta duintasuna besteak ere horrela sentitzen duenera arte, eta alderantziz, orduan aske biziko ginateke. Noski, hori, gaur utopikoa da, niretzat behinik behin, baina, utopia maite dut, horrek egiten bainau libre izatea eta ilusioz bidean ekitea, eta hortik joko dut bizi naizen bitartean. Ez dut humanismo «aseptikoa» onartzen, hau da, denen gainetik jainkoak balira bezala kritikatzea errazena delako, ez hotz eta ez bero, ez hango ez hemengo, epelaren eraginak porrotera daraman bidea da, ez duelako bide berririk inoiz jorratuko, nire ustez.
Ekiteko unea bizi dugu! eta orain arte ikusi eta ikasitakoari kasu eginaz, bidea ekinaz egina izaten da.
Ez dugu inoiz borrokaren une bakoitzerako aurretik sekulako txosten eder, mardul eta iraultzailerik prestatua izan. Eta praxiaren eraginaz herriaren helburuak betetzeko behar zen antolakuntza, metodologia, osatu da beti.
Gizarte osoaren beharra dago herria antolatzeko baina, batez ere, gazteei kasu egin behar diegu geureganatzeko beren oraina, horiek baitira azken batean etorkizuna egiten ari direnak, gustatu ala ez, ulertu ala ez!
Urriko azken asteburuan, Deban, Reus-Debako topaketak antolatu ziren Reustik etorritako hirurehun bat lagunekin batera. Jai giroan: herri bakoitzak erakustaldia eman zuen kantaldi eta dantzan, historia, elkarrizketak, senidetasun bazkaria, eta azken agurra baino lehen, reustarren ibilbide politikoaren azterketa kazetaria aurrean zutela. Ikasgai bi atera nituen: bat: gazteak ez daudela duela 40-50 urte gertatu zenari begira, ezta zain ere, nahiz beren historia hurbila izan, eta, tamalez, diot! Ez daude horretan denbora galtzeko. Erakargarriago dute whatsappa, bere bidez azkarrago heltzen direlako harremanetara eta esan behar dutenera. Eta horretan, ez dute arrazoirik falta!
Bi: ez zekiten zer gertatuko ote zen Katalunian, ezta hara helduta zerekin topo egingo zuten ere; hurrengo pausoa nolakoa izango zen eta abarren ideia garbirik ez, baina alaitasunez beteriko iraultza nahi zutela ageri zen, eta gogo biziz, barruan zeramaten indarra lagun, konpromisoaren bidetik, irabaziko dutela garbi ikusi nuen gazte horien begi eta hitzetan.
Beraz, ilusioz beterik utzi ninduten, eta horiek bezalako gazteengan uzten dut nire itxaropena, egunen batean Euskal Herria askea izan dadin.