Joseba Aurkenerena

Bikingoak euskal itsaso eta lurretan barna

Antton Erkorekaren "Los vikingos de Euskal Herria" liburua ardatz hartuta, idazleak bikingoiei buruz idatzi du. Nor ziren azaltzeaz gain, besteak beste, Akitania eta Baionan izan zuten garrantzia aipatu du.

Gazte-gaztetatik sentitu dut bikingoekiko jakin-mina, begirunea eta nolabaiteko miresmena. Haien inguruko historiek eta istorioek harrapatu naute beti, eta ordu ainitz eman ditut beraiei buruzko liburuak eta artikuluak irakurtzen. 1995ean, Anton Erkoreka bermeotarrak idatzitako “Los vikingos en Euskal Herria”  liburu liluragarria irakurri nuen, eta ordutik izan dut jira-biraka ene gogoan. Aitor dezadan liburu hori dela artikulu honen ardatz nagusia. Erkorekari, bada, nire eskerrik beroena, gai honetan urratu dudan bidean artez eta zuzen gidatu nauelako.

1.-  Baina nor ziren bikingoak?

    Eskandinaviarrak edo normandoak germaniarrekin bai kulturaz, baia arrazaz eta bai mintzairaz senidetutako leinuak ziren. Europako iparraldean ezagunak baziren ere, gainerako europarrek jende hotz eta atzeratutzat hartzen zituzten. Erdi Aroko lehen mendeetan,  klimaren berotze aldi handi batek Europako iparraldea bete-betan jo zuen. Berotze aldi honek uzta ezin hobeak, ordurako eskualde haietan ezezagunak zirenak,  ekarri zituen, eta horren ondorioz, bertako biztanleria izugarri ugaldu eta handitu zen. Garai hartan Eskandinaviako lurren %3a bakarrik zen laborantzarako egokia. Honek gosete handia eragin zuen, eta bertako biztanleek lur berriak bilatzeari ekin behar izan zioten.

    Normando gehienek itsas merkataritzan jardun bazuten ere, izan ziren Europako kostaldeetara erasoak egiten aritu zirenak ere. Eta azken horiei deitu izan diegu bikingo, horixe bera baitzen Eskandinavian itsas gerlariei ematen zitzaien izena.  Erdi Aroko lehen mende haietan eskandinaviarrek maniobretarako izugarri trebe eta aproposak ziren ontziak egin zituzten. Drakkar izeneko itsasontzi haiek gauza ziren hondo ttikiko uretan  nabigatzeko, baita ibaietatik barrena ibiltzeko eta ibaietatik gora igotzeko ere. Eta, gezurra badirudi ere, ozeanoa zeharkatzeko ere guztiz egokiak ziren. Drakkarrak izan ziren, beraz, bikingoek Europako kostaldeak erasotzeko, lapurtzeko eta sarraskitzeko topatu zuten baliabiderik onena.

2.- Bikingoen erasoek Europa beldurtu zutenekoa.-

    789. urtean, Norvegiako mendebal kostaldetik gertu nabigatzen zuten hiru drakkar Ingalaterrako hegoaldeko ertzetara iritsi ziren. Ingalaterrako Bertric erregeak zenbait bakezko mezulari bidali zuen bikingoena beraien asmoez galdetzera, eta ustekabean, bikingoek mezulariak preso hartu eta lepoa moztu zieten. Hau izan zen, mendebaldeko europarrek bikingoek izan zuten lehen harremana.

    Bost urte beranduago, hau da, 793ko ekainaren 8an, ingeles kostaldeko Lindisfarne monasterio ospetsua eraso egin zuten, bertan bizi ziren fraideak kalituz, bertako altxorrak ebatsiz eta azkenik, monasterio osoa erraustuz. Honela hasi zen, Europako historian luzaz deitu izan den bikingoen aroa.

    Hurrengo hamarkadetan Ingalaterrako, Eskoziako eta Irlandako kostaldeak suz eta odolez sarraskitu zituzten, eta 799. urtean, Akitaniako zenbait uhartetan azaldu ziren. 808an, Alemaniako iparraldea erasotu zuten, 809an Irlandaren aurkako erasoaldi handi bati ekin zioten, 810ean Frisiako itsasbazterrak sarraskitu zituzten, 819an Noirmoutier irla hesitu eta erasotu zuten, 820an drakkar talde bat Sena eta Loirako bokaletan barrena ibili zen bazterretako herriak errez eta zakuratuz. 836ean Anberes hiria arpilatu zuten, 842an gauza bera egin zuten Londres eta Rochester hiriekin eta 843an Nantesekin.

    844an Gijoneko itsasaldean azaldu ziren eta handik Galiziara pasatu ziren 850. urtean. Urte haietan, 350 drakkar azaldu ziren Ingalaterrako kostaldeetan, eta uhartea konkistatzeari ekin zioten. 852an Nantes arpilatu zuten bigarren aldiz. 866an Londres hiriaz nagusitu ziren. 868an Orleans hartu zuten eta hamahiru urte luzez eskualdeko hiri eta herriak arpilatu zituzten, behin eta berriro.

    882an Rin ibaitik zehar ibili ziren. 885an Senan sartu ziren eta azaroaren 24an Parisera iritsi. Borgoñara omen zihoazen eta Paris hesitzeari ekin zioten. Hiria Karlos Gizena enperadorearekin egindako tratatu bati esker salbatu zen. 896 eta 944 urteen artean, erasoaldi berriak burutu zituzten. 897an, berriz ere, Senako bokalea sarraskitu zuten, Loiratik gora igo ziren bikingoek 903ko ekainaren 28an Tours arpilatu zuten. 911n, ordutik Normandia deitu izan den eskualde zabala konkistatu zuten. Geroxeago Mediterraneora sartu eta kostalde guztiak beldurtu eta erasotu zituzten. XI. mendean Siziliako estatu normandoa sortu zuten. Hiru mendetan Europa osoa bikingoen beldur bizi izan zen, elizetan errezatzen zen “A furore normandorum libera nos domine”  (Jauna, babes gaitzazu bikingoen suminetik) otoitz famatuak garbiki azaltzen digun bezala.

    X. mendearen hastapenetan, Eskandinaviatik normandoak iparraldeko itsasoak zeharkatu eta mendebalde urrunera abiatu ziren, Feroe uharteetara, hasiera batean, eta ondoren Islandiara. 980an Groenlandiara iritsi ziren eta 1000. urtean Leif Eriksonen drakkarrak Vinlandiara (Ipar Amerikako kostaldeak).


3.- Bikingoak Akitanian eta Baionan.-
    
    799koak dira orduan euskalduna zen Akitaniaren kontrako erasoen berri ematen diguten idatziak. Aipatu agiri horietan irakur daitekeenez, bikingoek urte horretan eraso egin baitzituzten akitaniar kostaldeko zenbait uharte. Bestalde, badirudi 814tik 986ra bitartean, bikingoak Baionan finkatu zirela eta bertan Odinen gurtzerako tenplu bat eraiki zutela. Honela defendatzen du Hourmat historialari frantsesak.  Beñat Estornes Lasak dioenez, Baskoniako duke independente zen Gilen Antsok normandoei eraso egin zien eta Baiona hiria eta bere eskualdea bereganatu zituen. Horren ondorioz, normandoek emeki-emeki Baiona inguruan zituzten kokalekuak utzi behar izan zituzten.


4.- Bikingoen kokalekuak Bizkaiko kostaldean.-

    Al-Andaluseko kroniketan Bizkaiko kostaldean, Mundaka-Gernikaren itsasadarren bazterretan zehazkiago, kokaturik zeuden madjuei buruzko datuak eta baita horien aurka izandako borrokaldien berri ere ematen dizkigute. Madju hitza arabierazkoa da eta suaren gurtzaile esan nahi du. Eta honela deitzen zieten Al-Andaluseko mairuek normandoei.

    823an eta 825ean mairuek bi sarraldi edo aceifa burutu zituzten Bizkaiko kostaldean, Mundaka-Gernikaren itsasadarrean kokaturik zeuden bikingoen aurka egiteko. Badirudi aipaturiko itsas bazterretan normandoek zenbait kokaleku edo faktoria zituztela, eta sarraldi hauen xedea, bertan pilatzen zuten materiala lapurtzeko izan zela. Horretaz gain, gaur Busturia deitzen den eskualde hartan bazen burdina eta haritz zur ugari, eta bi gai haiek guztiz beharrezkoak ziren itsasontzi berriak egiteko edota zaharrak konpontzeko. Hortik ulertzen da, bai bikingoek eta bai mairuek lur haien jabetza izateko azaltzen zuten nahikeria.

    Lehen esan bezala, 823an, Abderrahaman handiaren garaian, mairuak Arabako lautadatik sartu, eta Durangoaldea zeharkatu ondoren, kostaldera iritsi ziren. Bikingoek Djernik edo Charniq izeneko lekuan zuten kokalekua birrindu eta gerrako harrapakin ikaragarri handiak atzeman ondoren, beraien erresumara itzuli ziren.  Gaurko historialari askok, eta beraien artean Anton Erkorekak,  Djernik edo Charniq izeneko lekua gaur Gernika deitzen duguna dela uste dute.

    825ean, mairuek bigarren sarraldi bat burutu zuten Bizkaiko kostaldean. Erkorekaren ustetan, berriz ere, Busturia aldean zeuden madju edo normandoen kontra. Badirudi arabiarrek zerabilten izengoiti hori lotua dagoela Busturiako biztanleek mendietan suak piztuz egiten zituzten seinaleekin. Jakin badakigu XV. mendera arte, Gernikan egiten zen batzarrera deitzeko suak pizten zituztela Sollube, Oiz, Gorbeia, Ganekogorta eta Kolitxa mendietan.


5.- Bikingoak Bizkaiko kostaldean arabiar kroniken arabera.-

    Arabiar kroniketan azaltzen denez, bigarren sarraldi horretan gatazka odoltsua gertatu zen arabiarren eta normandoen artean kroniketan Djabal al-Madjus (Suaren gurtzaileen mendia) deitzen duten lekuan. Erkorekaren ustez, mendi hori Sollube (680 metro) izan zitekeen. Normandoek izugarrizko porrota ukan  zuten eta Bizkaiko kostaldean zituzten kokalekuetatik (Busturia, Mundaka, Albonika, Oka, Gaztelugatxe, Bakio eta gainerako itsas talaiak) alde egin behar izan zuten. Arabiarrek, erdietsitako garaipena zela eta,  sarraldi honi: Quhaz-wat al-fatch  (garaipenaren sarraldia) deitu zioten.

    844an, normandoak Bizkaiko kostaldera itzuli ziren eta 861 arte kokaleku berriak eraiki zituzten Mundaka-Gernika itsasadarreko bazterretan.

    Jon Bilbaok 1982an plazaraturiko Bizkaiko Jaun Zuriari buruzko ikerketan, biziki hipotesi erakargarri agertu zuen. Honen ustez, IX. mendeko bigarren erdialdean, Dublineko errege izandako Olafr Zuria eta Ivarr Sugaarrekin lotura zuen kokaleku bikingo bat ezarri zuten Mundakako itsasadarreko kostaldean. Badirudi Bizkaiko lehen jauna izandako Jaun Zuria bikingo horien ondorengoa izan zela. Leongo Erresumako tropak Bizkaian sartu zirenean, bizkaitarrek Jaun Zuria hautatu zuten kapitain gisa, eta honek agindutako armadak leondarrak Arrigorriagako paduretan garaitu zituen. Garaipen horren ondorioz Bizkaiko Jaun izendatu zuten.

    852an musulmanak kroniketan Baquira (Bakio ote?) deitzen duten lekuan borrokatu ziren, eta 867an Gernika eraso egin zuten bigarren aldiz, eta hesitu ondoren hartu egin zuten. Arabiarren kroniketan aipatzen denez, Gernika aldea haritz zurez eta burdinez aberatsa omen zen, eta bi lehengai horiek izugarri estimatuak ziren garai hartan itsasontziak egiteko edota konpontzeko. Hauxe izan daiteke Al-Andaluseko arabiarrek Bizkaiko normandoekin etengabeko borroketan aritzeko zuten arrazoienetako bat.


6.- Gartzia Enekoitz erregearen bahiketa eta Tuteraren konkista.-

    858 eta 861 urteen artean bikingoen erasoaldi berri batek Europako kostaldeak zigortu zituen. Erasoaldi berri hartan bikingoak Iruñeraino iritsi ziren, Gartzia Enekoitz erregearen jauregian sartu eta erregea bahitu zuten. Iruñeko erresumako baskoiek euren errege askatzeko urrezko 70.000 txanpon ordaindu behar izan zizkieten.

    Zenbait historialariren ustez, erasoaldi hau burutzeko, bikingoek Ebro, Argoi eta Arga ibaiak igo behar izan zituzten, baina badira Mundaka-Gernika itsasadarretik abiatu eta handik ekialdera eginez, Iruñeraino iritsi zirela defendatzen duten historialariak ere. Hirugarren hipotesi baten arabera, bikingoak Bidasoatik sartu ziren hasiera batean, eta gero Oiasso eta Iruñea lotzen zituen erromatarren garaiko galtzada zaharretik barrena iritsi ziren Iruñeraino.

    Baskoiak bikingoek Gartzia Enekoitz erregea askatzeko eskatzen zieten diru kopura biltzen luzatu zirenez gero, erregea askatu zuten eta haren semeak bahiturik eta berme gisa eraman. Baina, nora? Bizkaiko kostaldean kokaleku bikingoak izan zirela defendatzen dutenen ustez, horietako batera, eta bertatik gauzatu zituzten bahituen ordaina kobratzeko eman beharreko pauso guztiak.

    Urteen poderioz eta leku askotan, normandoak, pixkanaka-pixkanaka kristau egin ziren. Hori dela eta, musulmanen kontrako borroka aunitzetan hartu zuten parte gainerako herri kristauekin batera. Horrela, jakin badakigu, 1119. urtean Tuteraren konkistan aritu zirela.


7.- Bikingoek Bizkaiko kostaldean utzitako aztarnak.-

    Bizkaiko kostaldean izandako bikingoen aztarnak bilatzekotan segidakoak aipatu beharko genituzke:

a.- Jaun Zuriaren eta Sugaarren istorioak. Euskaldunon artean ospetsuak
     diren bi istorio hauek bikingoen tradizioetan ere aski ezagunak ziren. Ez
     ahantzi lehen aipatu ditugun Dublineko errege normando izandako Olafr
     Zuria eta Ivarr Sugaar. Nire aldetik, gure mitologian azaltzen den Maju
     edo Majju izeneko jainko ezkor eta gaiztoa gehituko nuke. Jainko hau
     Mari jainkosa baikor eta babeslearen senarra zen, leize-zulo ilunetan
     bizi zen eta zenbaitetan leize-zulo horietatik ateratzen zen Marirekin           
     sexu harremanak edukitzeko. Horrelakoetan kazkabarra sorrarazten
     zuen. Ene ustez, Maju jainko gaiztoa madjuekin loturik egon daiteke.

b.- Bizkaiko lehen jaunen garaietan, aztiek behien barrenak harri zabal
      batean ezartzen zituzten eskaintza gisa. Erkorekak dioenez, gauza bera
      egiten omen zuten bikingoek.

c.- Zenbait toponimo edo leku-izen: Bermeo, Mundaka (mund danieraz
     itsasoko bokalea da), Gernika, Albonika…  Toponimo hauek euskararen
     bidez ulertzeko zail samarrak baitira.

d.- Bizkaiko erakunde politikoen sortzea. Bikingoen jatorrizko erakundeak
      aski herrikoiak eta demokratikoak ziren, Europan zegoen
      feudalismoarekin zer ikusirik ez zutenak. Beraien erabakiak herrietako
      ordezkariek batzarretan bilduta hartzen zituzten. Bizkaiko demokrazia
      zaharrean erakunde berberak agertzen zaizkigu, eta gainera badakigu
      Mundaka-Gernika itsasadarraren inguruko eskualdean sortuak zirela.
      Bizkaiko Juntetan biltzen ziren herriak zenbakiturik zeuden. Lehena,
      hau da, Bizkaiko burua Bermeo zen, gero Mundaka, Sukarrieta
      ondoren, gero Busturia, Murueta, Forua, Gernika eta Lumo, hau da,
      iparretik hegora Mundaka-Gernika itsasadarreko ezker aldean dauden
      herriak.

e.- Bizkaiko foru zaharra. Bizkaitarren eskubide zaharrak badu antza
     handia zuzenbide eskandinaviarrarekin.

f.- Bizkaiko erromanikoak badu antza erromaniko irlandarrarekin edota
     normandoarekin.

g.- Ontzigintza. Charles Rabot ikerlari frantsesak dioenez, euskaldunok
      gure kostaldean ziren bikingoen eskutik ikasi omen genuen ontziak
      egiten, baita baleak arrantzatzeko teknikak ere. XIII. mendean gure
      arrantzaleek erabiltzen zituzten txalupak eta Roskildeko fiordoan
      hondoraturik topatu den ontzi bikingoa berdin-berdinak omen dira.
      Julio Caro Barojak gauza bera dio eta gaur itsasgintzarako euskaraz,
      gaztelaniaz eta frantsesez erabiltzen diren hitz asko Europaki
      iparraldeko hitzetatik sortutako maileguak direla gaineratzen du.
      Adibide gisa honako euskal hitzak aipatzen dizkigu: estriborra, baborra,
      toletea, lema, erlingea, eskota, baringak, balandrea…

h.- Busturian egin diren odol azterketetan nabarmen gelditu da euskaldunon
     artean horren  portzentaia handitan azaltzen den RH- izeneko odolaren
     presentzia hutsaren hurrengoa dela.


    Buka dezadan artikulu hau gure gazteak animatuz era guztietako ikerketak egin ditzaten. Euskal Herria dagokion askatasunezko portura zuzen eta artez eramateko gure historia ezagutu beharra daukagu, eta horretan, orain unibertsitatean hezten ari den belaunaldiaren lana ezinbestekoa izanen da gero hurbilean.

Buscar