Aitor Ionescu
Donostiar gaztea

Donostiako martxa, Donostiatik martxa?

Eta zenbat joxemaritar eta koxkero gaztek utzi behar izan duten euren auzoa, ehunka kontatzen diren etxebizitza turistiko legal, alegal eta ilegalen ondorioz? «Kalerik kale, soldata bajoaz, umore tristez Donostitik kanpora doaz».

Sebastian bat bada zeruan». Hala abesten eta jotzen dugu, behintzat, milaka donostiarrok egunotan. Hirian bizi, lan, paseatu, maitatu eta pairatzen dugunok ziur dakiguna, hala ere, zera da: Donostia bat bakarra dagoela munduan. Eta bakarra izanagatik, ez dagoela salbu.

Zeruan ez dakigu, baina Parte Zaharraren erdian, Santa Maria eliza gainean, badago Sebastian zenaren irudi bat. Ehunka urte han pasata, zorrotz begiratuko gintuzke donostiarrak, ahal balu. Orain, aurre-aurrean ikusiko luke enpresari turistiko eta jabe aseezinek hotel bilakatu nahi duten eraikina. Bertako balkoi batean, han bizi diren okupek ezarri duten pankarta, “Hotel + Ez” dioena, eta inguruko hainbat etxetan gauza bera eta “auzoa berreskuratu” dioten banderola urdinak ere bai, baita ostegun arratsaldero eliza parean egiten dituzten bilkurak ere, egunero kopuru handiagoetan bisitatzen eta argazkiz josten duten turistak ikusten dituen bezala.

Pentsa genezake, harrizkoa eta donostiarra izanik, Sebastian honek begirune berezia liokeela hiriko ondare eraikiari ere. Gorputzean iltzaturik dituen geziak bezainbesteko mina egingo liokeela San Bartolome gainean hotela eraikitzen ari direnek komentua legez kanpo txikitu izanak, baina baita San Bartolomen bertan beste komentu batean sortu den negozio handiak ere, Mirakruz 19.a eta etxe historiko ugari eraitsi izanak, edota aurreko udal gobernuak salduta barnetik hutsik duten Lasalako eraikinak… Begirada pixka bat okertuko balu, alboan duen Santa Teresa komentuan (auzoko haurrentzat baino, nazioarteko moda coolarentzat aproposagoa omen den horretan), ikus lezake honen berri, “Galdutako hiria” erakusketan.

Baina, Sebastian alde batera utzita, «Donosti bat bakarra munduan». Akaso, beti interesa piztu duen Donostia bat, gaur egun kontaezina den diru publikoa xahutzen duena interes turistikoen mesedetan. Eta, Retortillo sailburuaren hitzetan, (hamaika jatorritako donostiar ugari turismofobo eta xenofobo deitu zituen berberarenetan), are gehiago inbertituko dugu, Munduko Turismo Erakundea gurera etortzekoa baita. Ze Esatek taldeak dioen bezala… Ongi etorri Mr. Marshall!

Irutxuloko gaztelupean, zahar eta gazteak omen. Ai, jakingo bagenu zenbat zaharrek ihes egin duten edozein asteartetan goizeko ordu txikietan pairatu beharreko zaratagatik! Eta zenbat joxemaritar eta koxkero gaztek utzi behar izan duten euren auzoa, ehunka kontatzen diren etxebizitza turistiko legal, alegal eta ilegalen ondorioz? «Kalerik kale, soldata bajoaz, umore tristez Donostiatik kanpora doaz, Joxemari!» Hala baita, “Donostiako Martxa” joaz hazi edo bizi izan garen hamaika gazte langile kanporatuak izaten ari baikara. Batzuk turismoa baino lantzen ez duen merkatuan lanik ez, eta «abentura bila» atzerrira joan behar dugulako. Beste batzuk, jada inoizko handiena den alokairuen salneurri igoeragatik. Beste asko, etxe jabeei lobby eta higiezin enpresa handiek egindako presio eraginkorrek jabegoa kontzentratu dutelako. Gutxi balitz, donostiarren ihesaldi honek eragin kaskarra du inguruko herrietan, bertan ere alokairuen igoera eta ihesak sortuz. Gazte langileak edozein enplegu onartzera bultzatzen gaituzte, horrela. «Eta gaurtandik gerora, penak zokora» ezinak dira. Zokora botata bizi dira, ordea, hamarka etxegabe, postaleko hiri honetan. Hiru hilean behin, hiru egun eman ditzakete teilatupean. Beteezinak izan daitezkeen baldintzak bete ezean, gehiago ez. 2016ko urtarrilaren 20an, Donostia ofiziala kulturaz mozorrotzen zen bitartean, Bulebarreko kutxazain batean, zokoratu eta ikusi nahi ez dugun miseriak Yoli izeneko 50 urteko andrea hotzez erail zuen, 14.000 etxe huts dituen hirian.

Penak zokoratzen espezialistak dira, baina, gure agintariak. Urteetan pisu turistikoekin beste aldera begiratu edota arazoa Uliako mintegien parkea porlanez betetzen arindu nahi dutenak, ostalaritzako lobbyei men eginez gobernatzen dutenak, indartsuarekin ahul eta ahulekiko harro. «Beti pozez eta alai ezin, baina bagera, gu ere bai». Gure hiria eta hiritarrak maite ditugunez, festara! Dantzara! Poz handiz oihu egiteko arrazoiak ere baditugulako. Zorionez, hiri hau egunero lantzen dugulako langileok, udalaren pasibotasunaren aurrean negozio kaltegarriak salatzen dituzten auzotarrek, eta hamaika ekimenetan bestelako Donostia eraikitzen duelako jende askok. Donostia berdeago bat, elkartasunean oinarritua eta argazki bat egiteko etorri ordez hemen bizitzeko etorri diren hiritar helduberriei ongietorria emango diena. Horra zer (izango) den gure Donostia.

Buscar