EH Bildutik kirolaz, hedabideez eta estereotipo matxistez
Udazkeneko hego haizeak iraileko kresal usaina dakarkigunean, oraindik gogora dezakegu irailaren 14ko igandea: Kontxako estropada eta emakume arraunlarien ahalegina, poza, urtetako lana agerian geratu zenekoa. Zirrara berezia eragin zigun hainbeste oztoporen gainetik kirolari lotuta jarraitzen duten emakumeak ikusteak, Kontxako estropada ez ezik, emakumeek arrotz zaizkien uretan lehiatu behar dutelako egunero eta kirolean nabarmen. Garaipen txiki bat zela sentitu genuen, emakume arraunlari guztien garaipena, emakume kirolari guztiena, emakume guztiena eta jendarte osoarena. Udazkeneko hego haizeak dakarren kresal usainarekin egun hura gogoratzean, irribarrea sortzen zaigu ia oharkabean.
Irailaren 14ak argi-ilunak izan zituen, ordea. Egunean bertan eta biharamunean kezkaz ikusi genuen hedabide batzuentzat emakumeen estropada ez zela existitu ere egin, edo beste batzuk gizonen estropadaren “telonero” gisa tratatu zituztela. Are gehiago, gure hedabide publikoa denak, EiTBk, titularretan gizonen estropadaz soilik hitz egin izanak eta emakumeen estropadari bazterreko lekua emateak. Are gehiago, Hego Euskal Herrian gehien saltzen den prentsa gehienak emakumeen estropada ezkutatu izanak. Egia da hedabideek kirolean emakumeak baztertzea edo ezkutatzea ez dela kontu berria, baina bai larria. “Normala da”, “beti horrela izan da” eta antzeko argudioek ez gaituzte asebetetzen. Atzo normaltzat ematen genuena ez da gaur normaltzat daukaguna.
Kirola, eta bereziki lehiaketara bideratutako kirola, gizonen espazioa dela adierazten digute etengabe. Hedabideetako titularrak eta irudiak gizonenak dira, gizonak jokalari titularrak, gizonen partida da kirolarena eta emakumeak aulkian geratzea tokatzen zaie; ikusle gisa edo ikusiak izateko gisan, azafata, animatzaile edo bikotekide-ederraren paperean, ikuskizunari glamourra ematen. Lehenago ezagutuko dugu futbolari izar baten bikotekidea, emakume futbolari puntako bat baino. Ez al da hala? Esaera batek dioen bezala, denok jolastu ezean, baloia zulatuko dugu, eta agian iritsi da ordua. Hemen ez dugu denok jolasten eta, are gutxiago, antzeko baldintzatan.
Kezkaz begiratzen diogu kirolari, ikusita osasungarri eta gozagarri izan daitekeena nola bihurtu den patriarkatuaren gotorleku, hedabide nagusien konplizitatearekin. Kirola eta hedabideak balio, rol eta estereotipo sexisten sorburu inportantea dira gaur egun. Gizon kirolariak izar eta heroi bihurtzen dituzte, mutikoentzat erreferente eta eredu bakarra sortuz, mutikoek ondo ikas ditzaten gizon arrakastatsu izateko behar dituzten ezaugarri eta jokabideak. Neskek, berriz, segituan ikasten dute mezua: “kirola ez dela neskentzat”, nahiz eta ezkon daitezkeen kirol izar batekin, eta Hello Kyttiren mundua daukatela zain. Bestelako erreferenterik ez daukate apenas.
Kezkatuta gaude kirol-ikuskizun handiek eta hedabideek, kirolaren aitzakian, zabaltzen dituzten mezu eta irudiekin, erreferente eta eredu matxistak sortzen eta indartzen etengabe. Munduko saskibaloi txapelketa Bizkaitik pasa berri zaigu eta esatari baten komentario matxista dela eta ez dela zalaparta sortu da, ikuskizun arranditsu hori erabat matxista zela aipatu gabe, protagonistak gizonak zirela ahaztuz eta emakumeek animatzaile edo azafata gisa parte-hartzea beste aukerarik ez zutela. Horregatik, uste dugu urgentea dela erakunde publikoek esparru honetan parekidetasunaren alde egitea. Gaiari heldu behar diogu udako kresal usaina neguko ipar haizeak izoztu baino lehen. Ez gaude prest gure seme-alabak sexismoan hezteko; ez dugu haientzat jendarte sexistarik nahi. Pertsona aske nahi ditugu.
Ordezkari politikook eta bereziki erakunde publikoek badugu ardura eta gaitasuna egoera hau iraultzen laguntzeko. Horretan saiatuko gara guretik. Hasteko, gure kezka helaraziko diogu Emakunderi eta ekimenak abiatuko ditugu Gasteizko legebiltzarrean. Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez? Balio eta estereotipo sexistak indartzen dituzten kirol-ikuskizun handiak diru publikoz lagundu behar dira? Galdera hauexek egiten dizkiogu Jaurlaritzari eta eskatu diru publikoa 0 izan dadila hedabide eta kirol-ikuskizun hauentzat. Alferrikakoa da emakumeen kontrako eraso agerikoenen aurrean txapa morea jartzea, eraso horien oinarrian dauden desberdintasunak gainditzeko ezer egiten ez badugu. Has gaitezen serio jokatzen.