Aitor Montes Lasarte

Esker oneko gutun irekia

Eskerrik asko, bihotz-bihotzez, benetan, mila esker. Aurten, lehenengo aldiz, ordezko mediku elebidun bat ekarri dute Aramaiora. On eginaren saria esker txarra izaten da askotan, beraz bihoa gure esker ona. Udako bero sargoriari aurre egiteko haize freskoa izan da egoera berria: mediku euskalduna udan ere herrian.

Aurten, aurrenekoz, herriko medikuak, Udalak, Uemak eta hamaika herritarrek udarako ere mediku euskalduna ekartzeko eskakizuna egin genion Osakidetzako zuzendaritzari. Hersturarik gabe, baina irmo eskatu ere, irria ahoan.


Eta zuzendaritzak, beste askotan egin duenaren kontra, erantzun egokia eman du ziztu bizian, egun batetik bestera, agudo eta garaiz. Ordezko mediku euskalduna etorri da aurten, eta ez hori bakarrik, euskaraz idatzi ditu pazienteen gaineko oharrak, euren historia klinikoa alegia, behar den moduan. Eskerrik asko, guztioi.


Hogeita hamaika urteren ondoren, lehenengo aldiz herriaren gogoari erantzuna eman diote. Legea bete dute. Izan ere, legeak hala agintzen du. Adar zorrotzak.


Europako Hizkuntza Gutxituen Itunak osasun zentroetan euskaraz artatuak izateko eskubidea aitortzen die Hegoaldeko euskaldunei (Frantziak ez baitu sinatu oraindik ituna), eta helburu hori betetzearren beharrezkoak diren giza baliabideak aukeratzearen garrantzia azpimarratzen du. Bide berean doa Medikuntza eta Biologiaren arloan Giza Eskubideen eta Duintasunaren Babeserako Hitzarmena, 1997an adostua.


Gure txikian, 10/1982 Euskararen normalizaziorako oinarrizko Legeak, euskara EAEko hizkuntza ofiziala izateaz gain, Euskal Herriaren kultura ondarearen funtsezko osagaia dela gogorarazten digu. Administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko eskubidea babesten du, betiere erantzukizuna eskubideak egikaritzeko administrazioarena delarik. Herri aginteei dagokie eskubide hau bermatzea, nahitaez. Euskal Osasun Zerbitzuan euskararen erabilera normalizatzeko 67/2003 Dekretuak, gainera, hizkuntza zerbitzuaren kalitatearekin lotzen du: «Pazientearekiko komunikazioaren kalitatea eta enpatia giltzarri dira jarduera sanitarioaren arrakastarako, bai eta funtsezko parametroetariko bat ere asistentziaren kalitatea balioesteko».
Legeaz eta kalitateaz harago, osasun zerbitzua euskaraz bermatzeak gure erakundearen izaerarekin eta xedearekin bat egiten du. Izan ere, Osakidetzaren helburua herritarren osasuna hobetzea eta babestea da, unibertsaltasunaren, elkartasunaren eta ekitatearen printzipioetan oinarrituta. Pertsonak artatzen dituzten pertsonak gara bertan lan egiten dugun profesionalak, eta erabiltzailea dugu ardatz; herritarrei arreta pertsonalizatua eskaini nahi diegu, eta hori ez da lortzen berak lehenetsitako hizkuntzan ematen ez badiogu. Buztana motza.


Esker onekoak izan behar dugu beti. Lehenik eta behin, pertsonalki nik eurekin dudan eskerra eta zorra adierazi nahi nioke Debagoienako ESIko zuzendaritza taldeari: zuzendari-gerenteari, arlo medikuko koordinazio zuzendariari, erizaintza arloko zuzendariari, langileriaren edo giza baliabideen zuzendariari, eta finantza arloko zuzendariari. Oso ondo egin duzue zuen lana, derrigorrezkoa zena onartuz eta baliabideak jarriz. Langile zintzoak, ongile oparoak.
Ondoren, eskerrak eman ere Osakidetzako Zerbitzu Zentraletako giza baliabideetako unitateari, baita Euskara Zerbitzuari ere.


Egunak badoaz, urteak badoaz eta bakoitzak bagaramatza. Datorren urtean, udan, dagozkidan oporrak hartzeko asmoa daukat, eta urtero bezala, ordezko medikua etorri beharko da Aramaiora. Ordezko mediku elebiduna, jakina. Zaila izango dela esan dezakete, ez dela posible izango agian, lan eskerga eskatuko duela, baina astia badute, denbora nahikoa giza baliabideak ganoraz antolatzeko. Izan ere, eginbeharren geroko uzteak, biharretik biharrera luzatzeak kalte egiten du. Urteak etorri, urteak joan eta batzuk baratz. Beti bihar, beti gero, beti luzamendu, baina gure pazientzia agortuko da. Aurrerantzean mediku elebidunak beharko ditugu, eta jadanik ez dugu aitzakiarik onartuko. Aramaion posible izan denak toki guztietan posible behar du, eskatu beharrik izan gabe. Zezenak ez gaitu berriro harrapatuko.


Ez naiz gehiago luzatuko. Berriro ere, ondo eginengatik mila esker, gaizki esanak barkatu eta ondo esanak kontuan hartu. Datorren urtera arte.

Buscar