Tasio Erkizia
Dominika Agergarairen laguna

Eskerrik hanitx, Dominika maitea

Gizon handi guztiak agurtzea zaila den bezala, zuri, Dominika, azken agurra ematea bereziki hunkigarria gertatzen zait. Banekien gaixorik zeundela, animoak emanez mezu pare bat zuzendu nizkizun bere garaian, baina lehengo batean hobetzen ari zinela entzun nuenean, sinetsirik nengoen berriro ere elkarlanean arituko ginela.

Ez da horrela izan. Bihotz handia zeneukan baina, dena eman duzunez, ahitu egin zaizu. Gure lurraren sabelean, hainbeste maite zenuen lurrean, urtu zaizu bihotza. Har ezazu, arbasoekin batera, atseden goxoa.

Zure alabak hitz hauen bidez jakinarazi zidan berri latza: «Gure aita eta zuen Dominika maitea zendu da». Penaz eta aldi berean esker onez, pentsamendu ederretan murgildu nintzen. Negar isilean baina oroimen zoragarrietan. Zuri esker ezagutu eta maitatu izan dudan guztia eta elkarrekin bizitako pasadizo ugari datozkit burura. Zein maitagarria zaren, Dominika!

Zuberoako artzaina. Azken hamar urteotan harreman handia izan dugu, eta lotzen gintuen hestea elikadura zen; bertoko elikaduraren bidez Euskal Herria nola saretu, bion ametsa eta utopia. Oso gogoan dut 2005eko udaberrian zer esan zenigun Urdiñarbeko Txistera ostatuan gure funtsezko kezka bati erantzunez bete-betean galdetu genizuenean: «Abertzaleontzat Zuberoa oso garrantzitsua da, baina zuberotarrentzat zer da Euskal Herria?». Zure erantzuna berehalakoa izan zen, aurretik ongi hausnartua zenuela erakutsiz: «Gaur egun, zuberotar askorentzat ezer gutxi da, baina asko izan daiteke baldin eta Zuberoako produktuen merkatua bihurtuko balitz». Eta jarraitu zenuen esanez: «Begira, hemendik ikusten duzuen Azkorria gasna-kooperatiba hemezortzi artzainek martxan jarri behar izan dugu, bestela lurrak utzi eta emigratu behar genuelako. Gasna hori Euskal Herrian saltzea izango litzateke gure herri-izaera esnatzeko biderik eraginkorrena». Erronka zaila eta berria, ezezaguna. Halere, gogoz eta ilusioz bideak zabaltzeari ekin diogu azken hamar urteotan. Hainbat hitzordu, milaka kilometro, hausnarketa bizi, harreman berri... merkatu hori zabaltze bidean. Maisu handia izan zaitugu, Dominika!

Nekeza zen zure lana. Etxalde txikia izanik, ardiak eta behiak edukitzera behartuta zeunden. Etxean eta gainera gasnategian aritzen zinen, beti praka bete lan! Egun anitzetan egon zara goizeko 10.30erako Gipuzkoan edo Bizkaian Zuberoatik etorria, goizean goiz ardiak jetzi eta ukuiluko lanak egin ondoren. Langile porrokatu eta fina. Kalitatezko produktuaren aldeko apustua irmoa zenuen, bide bakartzat jotzen baitzenuen, bai naturarekiko errespetuagatik, baita nekazarien etorkizunagatik ere. Horregatik, Azkorria kalitatearen ikur bihurtu da; ereindako hazia loratua ikusten da, laborarien garaipen eredugarria. Lurrarekiko atxikimenduaren erakuslea.

Euskaldun aberatsa. Euskal Herrian barna ederki konpontzen zinen Zuberoako euskara aberatsarekin. Euskara maite zenuenez, edozein euskalki zen erraza zuretzat. Eta batez ere, Zuberoako kultura-eragile eta euskaltzale sutsua izan zara. Xiberoko Botza irratia, Sohüta ikastola, kanta eta dantza-jaialdiak... guztiek dakite zer den zure babes eta laguntza. Eta nola ez, pilota partidak euskaraz transmititzeko ere, Dominika zen aitzindaria. Horretarako ere abila eta trebea zinen, alajaina! Zuberoarentzat asko izan zara, baina batez ere, euskaltzale, herri gizon eta ekintzaile nekaezina.

Euskal Herriko semea. Zazpi herrialdeak aski ongi ezagutzen zenituen, eta guztietan zenituen lagun ugari, Dominika. Lurraldeen arteko zatiketa instituzionalak gaindituz, guztien arteko elkarlana sendotu eta saretzea zen zure eta gure ametsa, eta ekinbide horrek bildu gaitu Zazpiak Bat Harreman Sarea elkartean, zeinaren lehendakari izan zaitugun hasieratik. Alderdirik gabeko abertzalea izan zara, edo hobeto esanda, alderdi guztietako abertzaleen adiskidea. Herria maite zenuen eta beraren alde jarduteko beti prest izan zaitugu. Euskal Herriak, bere txikitasunean, ohorezko seme-alaba asko ditu, eta zu zerrenda horretan hizki handiz jartzen zaitugu.

Dominika, hutsune handia utzi duzu Marie Helene emazteak, Agnes eta Lüxi alabekin osatu duzuen familian; bai horixe! Baina zure hutsunea oso zabala da. Umezurtz utzi baituzu Zuberoa eta Euskal Herria; umezurtz, zazpi herrialdeak saretzeko proiektua; umezurtz, Azkorria eta bere ildoan lanean diharduten hainbat laborari. Triste, baina ez etsita. Gora begiratzen erakutsi diguzu, eta bide horri jarraituko diogu. Urdiñarbeko abestiak eta Orhi mendiko irrintziak bihar ere entzungo dira.

«Eskerrik hanitx» erranez erakusten zenigun zure esker ona elikadura alorrean bide berriak zabaltzen egiten genuen ahaleginagatik. Nik ere horrela agurtzen zaitut, bihotz-bihotzez Dominika maitea. Besarkada eta musuak familia zabalari. Biba Dominika eta biba Zuberoa

Buscar