Tasio Erkizia
Ezker abertzaleko militantea

Eskola publikoak eta ikastolak, osagarriak

Hezkuntza sistemak eztabaida zabala bezain sakona behar du. Ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik.

Frankismo garaian ikastolak beharrezkoak izan ziren euskara berreskuratzeko eta hezkuntza eredu berri baten suspertzaile gisa. Ondorengo urteetan ere ikastolen mugimendua ekarpen aski interesgarria egiten ari da. Eta, beraz, gaur-gaurkoz, ikastolak Iparraldean eta Nafarroan ezinbestekoak diren bezala, EAEn ere beharrezkoak dira. Ikastolak ez daude soberan eta Euskal Herriak herri zapaldua izaten jarraitzen duen artean, hezkuntza sistema burujabe baten bidean, bidelagun garrantzitsuak dira.

Horrek ez du esan nahi, baina, euskal eskola publikoa baztertzen dudanik. Eskola publikoa eta ikastola ez dira kontrajarriak, osagarriak baizik. Euskal Herria euskalduntzeko, hezkuntza sistema inklusiboa indartzeko eta biharko euskal eskola publiko berria eraikitzeko biak ala biak dira beharrezkoak. Hots, etorkizunean kalitatezko euskal eskola publiko izateko lanean diharduen oro da beharrezkoa.

Hezkuntzari buruz aspaldi honetan asko idazten ari da, baina harriturik nago zergatik ez ditugun hezkuntza sistemak dituen arazoak ongi identifikatzen eta hausnarketa ardatz horietan zentratzen. Harriturik nago batzuek soluzio guztiak balizko ikastolen publifikazio prozesu batean kokatzen dutelako. Zinez, ez dut ulertzen. Zergatik nahi diren muturka jarri ikastolak eta eskola publikoa; nola kalitatezko hezkuntza baten gakoa soil-soilik eskolen titularra nor den definitzean datzan eta horretara murriztu nahi den; eta zertan oinarritzen diren euskararen egoera hain normalizatutzat emateko, ikastolak soberan daudela adieraztera heltzeraino.

Hasteko, hezkuntza alorrean ez gaude sistema dual baten aurrean, hiru sare dituen errealitatearen aurrean baizik. Nahi edo nahi ez onartu behar dugu hirugarren sarea osatzen dutela ikastolek. Barkatu, hemen eta Gaztelan ezin dira azterketa berdinak egin. Hemen, herriak sortu eta herritarrek mantentzen duten hezkuntza sarea daukagu. Akatsa eta ezintasunak dituena, zer hobetu asko duena, noski; baina bai, egungo erronkei aurre egiteko irekia dagoena, etengabeko hausnarketan lanean diharduena eta bereziki euskararen eta euskal curriculumaren alde ekarpen esanguratsua egiten ari dena. Herri zapaldu honetan instituzioek ez diete ikastolei marko legal egokirik eskaini, eta ondorioz Espainiako edo Frantziako eskema dualean sartzera behartzen dituzte. Baina ikastolek beste eredu bat izan nahi dute. Eta, nire uste apalean, ez da zilegi «progresismoaren» izenean herri nahi hori itotzen jarraitzea. Ikastolak eta eskola publikoen artean tirabirak eta gatazkak sortuz oso oker ari gara. Eskola publikoa indartu behar da, noski, baina ez ikastolen kontura, barneko eskola komunitatea biziberrituz eta administrazioari bitarteko nahikoak exijituz baizik.

Bestetik, zazpi herrialde dituen nazioa gara, eta herri gisara hezkuntza sistema propioa eraikitzeko eskubidea duen komunitatea osatzen dugu. Ikastolak dira zazpi herrialdetara hedatzen den hezkuntza sare bakarra. EAEko eskola publikoa hiru herrialdetara mugatzen da. Nola osatuko dugu biharko hezkuntza eredua, gaurko oinarriak deseginez? Hiru herrialdetara mugatzen den eskola, bera bakarrik, inoiz izan ahal daiteke zazpi herrialdeek osatzen duten hezkuntza sistema? Ikastolen mugimendua desagertuz nola gelditzen dira Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa?

Hirugarren gakoa. Hezkuntza inklusibo eta euskaldunaren gako nagusia hezkuntza komunitatea suspertzea eta indarberritzea da. Hori da hezkuntza sistemaren gako garrantzitsuena, hori da eskolak desberdinak egiten gaituztena, hori da kalitatearen giltzarria. Sindikatu, alderdi politiko zein udalbatzen eginkizun nagusia hezkuntza komunitate hori ahaldundu eta indartzea da, hain zuzen. Horretarako bitartekoak exijitu behar dizkiogu administrazioari, eskolaren autonomia bermatzen duen lege babesa bermatu, funtzionamendu egokia adostu, oinarrizko lanabesak arautu. Oso garbi izan behar dugu hezkuntza komunitatea dela eskoletan egon daitezkeen aldaketa eta berrikuntza guztien giltza eta zutabea. Ondorioz, horretan jarri behar dugu arreta osoa: irakasleak ilusionatzeko bitartekoak eskaini, gurasoak aktibatzeko mekanismoak adostu, ikastetxea kokatua den auzoarekin eta udalbatzarekin harreman sare zabala landu. Lege berriak beharrezkoak dira, baina ezin dute hezkuntza komunitatea ordezkatu. Eta, zoritxarrez, honi buruz gutxi mintzatzen gara. Eskola nola izango da inklusiboa hezkuntza komunitate bizi, emankor eta aktiborik gabe?

Laugarren gakoa: nola euskaldundu eskola. Batzuei entzunda, badirudi, euskararen normalizazioa lortua dugula. Gehiegi entzuten ari naiz: «Lehen behar ziren ikastolak, baina euskalduntzeko orain nahiko da eskola publikoa». Euskal Herria eta eskoletako egoera ikusiz, broma dirudi horrelako planteamenduak egitea. Gaur-gaurkoz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzerakoan, 16 urtetan alegia, ikasleen erdiak ere ez dira heltzen hainbeste aipatzen den B2 mailara. Beraz, euskarak, hezkuntza sare guztien atxikimendua eta konpromisoa behar ditu.

Hezkuntza sistemak eztabaida zabala bezain sakona behar du. Ez da gure artean liskarrak sortzeko garaia, herri gisara pentsatuz elkarrekin ekiteko unea baizik. Ausardiaz jokatuz jauzi berriak emateko aukera dago. Biharko euskal herritarrak euskaldunak eta euskal kulturan murgildutako gizon-emakumeak izan daitezen; irizpide propioa duten pertsona solidarioak hezi ditzagun; naturaren defentsan konprometituak eta gizarte justuago baten aldeko ekintzaile aktiboak izan daitezen onena eman behar dugu hezkuntza sistema berri eta eraldatzailearen alde. Asko dugu egiteko. Bildu ditzagun indarrak. Sortu dezagun elkarlanerako ilusioa.

Buscar