Julen Zabalo
EHUko irakaslea

Euskal estatu ez-perfektua

Euskal estatu bat zeinean abertzale ez direnak ere interesatuta egongo diren, hori da berritasuna.

Tradizio sozialistan estatua ez zen helmuga. Maila idealean ulertuta, estatua trantsiziozko egitura bat zen, herritar guztien oinarrizko beharrizanak ziurtatuta, estaturik gabeko egitura batera pasatu artekoa. Hala izan behar zen, Estatuak berezkoa duen izaera koerzitiboak ezina egiten baitu «azken helburua» izatea. Estatua ez-perfektua da, definizioz.

Estatu bat ere bilatzen dute nazionalismoek, gaur egungo munduan burujabetza maila gorena eskaintzen duen egituraketa forma estatua baita. Batzuek badute, eta besteek hori dute helburu. Eta hori da, nazionalismo gisa, euskal nazionalismoak duen zeregin nagusia: estatu bat bere marko autonomoa finkatzeko, ondoren nazionalismo mota bakoitzak bere proiektu propioa garatu ahal izateko.

Helburu horrekin jardun du abertzaletasunak, eta herritar askoren atxikimendua lortu du. Aldiro-aldiro egiten diren zundatzeetan independentziarako gogoak baiezko kopuru altua lortzen du, %20-25 artekoa. Baina altua izanda ere, urrun geratzen da gehiengoa markatzen duen %50etik. Egia esanda, hori lehen ez zen hain garrantzitsua, nazio helburuak erdiesteko modua ez zegoelako zuzenean boto gehiengoa izatearekin lotuta. Uste zen abertzaletasun sendoa behar zela, baina indarra metatzea zen helburua, lorpenak zuzenean edo negoziazioaren bidez etorriko zirelakoan. Zenbateko zehatza jakitea ez zen beharrezkoa.

Gaur egun bai, ordea. Nazio helburuak lortzea ezin da ulertu gaur herritarren gehiengoaren oniritzi agerikorik gabe, nazio helburu horiek demokrazia testuinguru batean lortuko direla ulertzen baita, eta ez beste inola. Horrek, ezinbestean, galdera sinple batera garamatza: zelan lortu herritarren gehiengoren atxikimendua euskal estatu bat sortzeko? Naziometroa funtsezko tresna bihurtu da gai horri buruzko datuak biltzeko (2022ko apirileko datuak erabiliko ditugu).

Era horretara, «zein neurritan zaude ados Espainiatik/Frantziatik independizatzearekin» galdetuta, 2022an %22,4 ados edo oso ados zegoen. Horrekin nahikoa ez, eta Naziometroak beste galdera bat gaineratzen du: Espainiako edo Frantziako estatuekin adostutako erreferenduma antolatuko balitz, ea euskal estatu baten alde ala kontra egingo zuen inkestatuak. Arrazoi handiz, pentsa daiteke galdera, berez, inozoa dela, inork ez baitu aurreikusten ez Espainiak ez Frantziak halakorik onartuko dutenik. Hala ere, erantzunek zer pentsatua eman behar digute, hala galdetuta, inkestatuen %37,5 euskal estatuaren alde agertzen baita, eta kontra %29,7.

Izan ere, Naziometro guztien datuek ondo islatzen dute gaur egungo egoera: abertzale gisa, %22-27 inguru independentziaren alde dago; baina euskal estatu baten alde %37-42 inguru egon daiteke. Batetik besterako tarte horretan zenbait abertzale egongo da, baina ez denak, eta horrek abertzaleengandik haragoko euskal estatu baten erakargarritasunean pentsatzera eroan behar gaitu, are gehiago kontuan hartzen bada beste %30 inguru abstentzioan geratzen dela edo ez duela erantzuten.

Euskal estatu bat, beraz, zeinean abertzale ez direnak ere interesatuta egongo diren, hori da berritasuna. Euskal estatu bat zeinean abertzaletasunari lotutako helburuak ez baitira, halabeharrez, garrantzitsuenak. Aldaketa handia abertzaleentzat, argi dago. Bi jarrera ager daitezke.

Lehena, erronkari eustea, eta ondorioz, prest egotea euskal estatuaren eskaintzari aldaketak egiteko, estatu hori herritarrek aukeratua izango litzatekeela ulertuta, ez abertzaleen jabetza. Eskaintza erakargarria, herritarren desioei lotua, unean uneko eskaerei arreta emanez, eta halabeharrez, Espainiak edo Frantziak eskain dezaketena baino hobea. Bigarren jarrera, halako baldintzetan independentzia lortzeko helburuaz interesa galtzea. Jarrera ulergaitza abertzale batentzat, baina halako iritziak sumatzen dira gaur egun, euskal estatuari beste maila bateko helburuak gehitzen dizkiote eta.

1970 inguruko giroa ezagutu zuen lagun batek kontatzen zidanez, eztabaida teorikoak behin eta berriro errepikatzen ziren orduko ETAn, eta haien artean bat batez ere: ea independentzia eta sozialismoa (orduko erreibindikazioak laburbiltzen zituen binomioa) batera gertatu behar ziren ala ez. Batzuek zioten zertarako nahi genuen euskal estatu kapitalista bat, zapalkuntza berdinak birsortuko zituena; eta besteek, apur bat abertzaleagoek eta gerora ildoa markatu zutenek, erantzuten zuten helburuak bi baziren, non zegoen arazoa lehenago bat, eta gero bestea lortzeko: erdia eginda!, zioten.

Ordutik honako ibilbideak irakaspen asko ekarri dizkigu, haietako bat gure jokaerak ez direla egun batetik bestera aldatzen. Uste dugu gizarte parekide eta solidarioa eraikitzeko beharrezkoak diren aldaketa sakonak apurka eta lanketa luzearen ondoren gertatzen direla, eta iraultzaz baino, eraldaketaz hitz egiten dugu gehiago: parekidetasunaren edo homosexualitatearen onarpena, adibidez, ez dira prozesu amaituak, baina konturatzen gara aurrerapenak izan direla tarte horretan.

Hala ere, prozesu luze horietan noizean behin jauziak egiten dira, aldaketa esanguratsu txikiak. Asko izan dira 50 urte horietan: abortuaren arauketa, askatasun sexualaren eskubidea, hezkuntza euskaraz jasotzeko aukera lurralde batzuetan... Borroka luzeen ondorio izan dira, baina momentu jakin batean aldaketa gertatu da, eta positibotzat jo dugu, aurrera egiteko jarrera hobean utzi gaituelakoan.

Lurralde arazoa konpontze bidean jarriko lukeen euskal estatu bat sortzea ez da, berez, jauzi kualitatiboa dakarren garaipena? Berdintasunaren, energiaren, euskararen, hezkuntzaren edo euskal lurralde guztien batuketaren inguruan ditugun erreibindikazioak oraindik konpondu gabe, baina lurralde propio batekin. Positiboa litzateke? Euskal estatu bat, ezinbesteko helburua abertzaleentzat, eta oso lagungarria beste askorentzat; baina estatu ez-perfektua, oraindik gauzatzeke geratuko diren gainerako erreibindikazioei denen artean jarrera hobetik eusteko, eta lurralde markoaz arduratu gabe.

Buscar