Euskal kultura lehentasunez hartzeko unea da
Guztiari eutsi behar zaio. Euskara ardatz izango duten hizkuntza eta kultur politika eraginkorrak lehentasunez behar ditugu, eta hori denon artean egin behar dugu
Duela hilabete aurkeztu zuen elkar Fundazioak Siadeco-ren eskutik egindako “Euskal Herriko biztanleen irakurketa eta musika ohituren merkatu ikerketa”-ren bi ondoriotatik abiatutako gogoeta da honakoa.
Alde batetik, irakurle kopuruaren datua: euskaldun elebidunen artean %42k du irakurtzeko ohitura –%23 dira ohiko irakurleak eta gainerakoak noizbehinkakoak–. Datua eskasa da, ezin uka. Bi joera izan ditzakegu, etsipenean erori edo erronka gisa hartu. Lehenak ez gaitu inora eramango, eta derrigorrez hartu behar dugu bigarren bidea, horrela bakarrik lor baikenezake egoera hobetzen jotzea. Pentsa dezagun oraindik jende asko dugula euskarazko kultur eskaintzara erakartzeko, eta has gaitezen pentsatzen hori nola egin. Euskarazko kultur eskaintza orokorrean hartu nahiko nuke, eta ez soilik liburugintza, antzeko azterketarik ez izan arren, dugun susmoa baita antzekoa dela errealitatea antzerkia, zinema edo beste kultur eremu batzuetan ere. Arazoa ez dago eskaintzaren kalitatean, gurean ere denetik dago, baina iritzi orokorra da dagoen eskaintza ona dela. Adibidez, duela aste batzuk “Berria”-n argitaratu zen erreportaje zabal batean irakur zitezkeen Ramon Saizarbitoriaren hitz hauek, kalitatea badagoela esanez: «Euskarazko literatura, esaterako, gure zenbakiei dagokiena baino hobea ere bada, beharbada». Kalitateaz ari garela, sortzaileak aipatu behar dira. Inoizko sortzaile kopuru handiena dugu euskaraz, eta kalitatezko eskaintza ugari horretan zeresan handia dute sortzaile gazteek, eta batez ere emakumeek. Berri ona, dudarik gabe!
Eskaintzan, gehienez ere gauza gehiago izatea lortu beharko genuke, gaur egun oraindik euskaraz eskaintzen ez den hori izateko. Ugaritasuna dugu irabazteko. Baina hortik aurrera, ikusgarritasun arazo handia badugu, nahiz eta ahalegin handiak egiten diren, zaila da euskarazkoa nabarmentzea, erdaretan dagoen eskaintza zabal horren aurrean: filmak urriak dira urtean zehar; antzerki lanak tarteka dira euskaraz; erdarazko liburuak ehunka dauden lekuan, euskarazkoak askoz gutxiago dira… Euskarazko ekoizpenari presentzia handiagoa eman gizartean, eta horren existentzia jendearengan iristea beharko luke lehen lana.
Baina ikusgarritasunak bakarrik ez ditu emaitza nahikoak emango, ez behintzat irakurketara begira, azterketaren arabera jendeak euskaraz ez irakurtzeko arrazoi nagusia bada euskaraz irakurtzeko ohitura edo erraztasun falta, %42k dio hori. Horixe da, hain zuzen ere aipatu nahi nuen bigarren datua. Kezkatzeko datua inondik ere. Euskalduntzat dugun hori ez da hain euskalduna. Bai, badu gaitasuna euskaraz egiteko, baina ez du nahikoa gaitasun euskaraz naturaltasunez funtzio guztietan aritzeko. Seguru asko, datu horrek adierazten digu beste hainbat datutan ageri dena, euskaraz dakien asko ere ez dela euskaraz ari eremu gehienetan; eta horietako bat kultur bizitza da, hor gehienbat erdaraz egiten dute gehienek. Norbait has daiteke pentsatzen eskola eta euskaltegien lana egokia den, baina berriro okertuko ginateke euskararen gaitasuna eskolarekin lotuko bagenu. Seguru irakaskuntzan ere badagoela zer hobetu, baina hor hobe daitekeen guztiarekin ere ez dugu gure arazoa konponduko. Euskaraz ikasten duen horrek gero ingurua erdalduna badu, ez dugu lortuko euskaldun osoak izatea. Eta hori diodanean ez ditut buruan eremu erdaldunak, ez, eremu euskaldunez ari naiz: eremu euskaldunetan ere erreferentzia gehienak erdaraz dira: hedabideak, kultur eskaintza, kale giroa… Guztiari eutsi behar zaio. Euskara ardatz izango duten hizkuntza eta kultur politika eraginkorrak lehentasunez behar ditugu, eta hori denon artean egin behar dugu.
Euskaldunari euskaraz egiteko erabakia eskatzen zaio, ahalegin kontziente eta militantea, hizkuntza handietako biztanleak behar ez duen ahalegina, indar berezirik egin gabe eta naturaltasunez ateratzen zaiolako, inguruak hartara bultzatzen baitu. Gutako bakoitzak bere lana egin beharko du euskaraz gaitasun handiagoa izateko, euskaraz gehiago bizitzeko, eta euskal eskaintzara jotzeko, ados, baina ez da nahikoa. Hemen neurriak behar ditugu, norbanakoaren esfortzu horretan lagunduko dutenak, eta euskaldunagoa den eremua ekarriko dutenak.
Elkar-ek erakutsi du gaurdaino prest dela lan horretan aritzeko, lan horretan segitzeko. Beraz, gizarte eragileok –elkarte, enpresa eta abar…– gaiari eutsi behar diogu elkarrekin, eta administrazioak lehentasunez hartu behar du gaia, denon artean lan eginez bakarrik lortuko baitugu honi buelta ematea. Elkar-ek Siadecoren eskutik egin duen ikerketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin da, bere txikian, urrats horrek erakusten digu elkarrekin aritzeak emaitza onak ekar ditzakeela. Landu dezagun bide hori euskal kulturak behar duen kultur politika egiteko.
Itxaropenez bukatu nahiko nuke. Egoera ez da ona, ados, baina inoiz ez da izan, eta orain arte ere lan egin dugu eta urratsak egin ditugu. Erronka zaila dugu aurrean, baina nahi badugu gai gara, ez izan zalantzarik.