Euskara Plana aurrera
Aurretiaz egiten dira geroko lanak. Orain gutxi osasun politiken lerro nagusien berri izan dugu, datozen urteotan Osakidetzaren ahaleginak bideratuko dituzten lerro estrategikoak. Horien artean, euskararen normalizazioan aurrerapausoak ematea omen du helburu, erabiltzaileek arreta euskaraz jasotzeko duten eskubidean aurrera eginez. Gauzak horrela, aurrera omen doa Osakidetzaren II. Euskara Plana.
Bazen garaia! Euskal kazetaritzan aurrelari “Berria”-k planaren zirriborroa argitara eman du aurrena.
Euskara Planak izango ditu, eta baditu, bere ostarteak, bere alde onak eta txarrak, bere argiuneak eta beltzuneak, aurpegiz aurpegi luze eztabaidatzeko modukoak, baina aurreko Euskara Planari eta haren ebaluazio-txostenari aurre ederra daramakie.
Arazoaren aurpegiak asko izanik, euskararen aurkariek aurre egin diote arrapaladan, euren aurreiritziak aurrez aurre agerian utziz. Azken batean euskara inposizioa da eurentzat; aurpegiz ezagutzen ditugu horiek aspaldi.
Osasun arretaren benetako aurpegia historia klinikoak erakusten du. Bera da zerbitzuaren adierazgarri, erakusle eta oinarria, osasungoaren zutabea, eta gaur egun gaztelaniaz dago. Aurpegi biko argizari jaleak nagusi, orain arte historia klinikoa euskaraz edukitzeko eskubideari (hori baita osasun arreta euskaraz jasotzea) ez zaio garrantzirik eman, eta horren alde egindako ahaleginak jelatu dira argirik gabeko zuloan. Aurreko Euskara Planaren ebaluazio txostenaren hitzetan, «hizkuntza ofizial bietan idatzita edukitzea ez da agian lehentasun osoko arloa izango Osakidetzaren hurrengo Euskara Planean». Orain, ordea, historia klinikoa euskaraz sortu eta eskaintzea izango omen du helburu Osakidetzak, besteak beste.
Baina aurrera egingo al du Euskara Planak? Osasun arreta euskaraz bermatu eta historia klinikoa euskaraz eskainiko al da? Ez dakit ba; egia esan, ezezkotan nago. Erabiltzaileen beharrei aurre egitea omen du helburu erakundeak baina egiak aurkakoa dio: lan-tresna diren aplikazio informatikoak euskaraz eskaintzera behartu du Legebiltzarrak, EH Bilduk hala eskatuta; odol-analisien emaitzak euskaraz jasotzea osasun-langileek eskatu diote, historia klinikoa euskaraz eskatu zaio. Aurrea hartu diote Osakidetzari. Izan ere, pikotxa maite dute aurpegi biko meatzariek, hizkuntza eskubideek ez dute sekula lehentasunik izan euren nazio proiektuan, eta horrela jarraituz gero, euskara aurretik eraman dezake normalizazioaren trenak. Gauza batzuetan zorrotz, baina euskararen aurrean, lauago. Itxuraz aurrekontuetan Euskara Plana ez dute kontuan hartu eta behar lituzkeen baliabideak ez badira aurreikusi, ez du aurrera egingo. Dirua lagun ona, baina jabe txarra.
Aurpegia eman behar du orain Eusko Jaurlaritzak, aurre egin behar dio erronkari, oztopo eta traba guztiak gaindituz aurrera eraman behar du Euskara Plana bere osotasunean eta errealitate bilakatu. Ezinbestekoak diren bitarteko guztiak ezarri behar ditu, euskararen normalizazioak aurrerakada izan dezan. Osasun arreta euskaraz eskaintzen ez den artean, historia klinikoa euskaraz egon arte, ez da kalitateko zerbitzurik izango, eta Osakidetza euskararen galbiderako tresna izango da.
Baina Euskara Planak ez du aurrera egingo. Osasun arreta euskaraz eskaintzea, ahalegin guztiak eginda ere, ezinezkoa dela esango dute, edozein aitzakiaren babesa bilatuz. Egia da horrek denbora behar duela, baina ez gaitezen gerotik gerora lotu, has gaitezen oinarri edo zimendu egokiak garatzen berehala, ez biharamunerako utziz.
Plana abiarazi eta hiru urtera, lehenengo ebaluazioa egingo da, neurriak zenbateraino bete diren neurtzeko. Eman diezaiogun, hortaz, hiru urteko epea Osasun sailburuari, baina lotsarik gabe, beldurrik gabe eta batez ere errukirik gabe, gaiaren garrantziaz jakinaren gainean. Gogorrak izan gaitezen eta euskarazko osasun arreta eskaintzeko gauza ez bada, alde egin dezala lehenbailehen. Egun gai ez dena, bihar gutxiago izango da eta.