Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

Euskararen normalizazioa ala arretaren normalizazioa?

Osakidetza sortu zenetik 20 urte itxaron behar izan genuen euskararen erabilera normalizatzeko dekretua ikusteko. Handik bi urtera abiarazi zen lehen Euskara Plana. Euskara Zerbitzuak kudeatzen ditu plan horiek, inolako ahalmenik ez duten euskara teknikariek, alegia.

Normalizazio teknikariek eta zerbitzu-buruek, eurek aitortu dutenez, ez dute hizkuntza-politika erabakitzen, ez dute haren aplikazioa ebazten; euskara plan bat diseinatu, kudeatu eta ebaluatu, besterik ez. Aldez aurretik onartuz Euskara Planak ez duela osasun arreta euskaldunduko euren txokoan, batzuk euskararen alde dabiltza buru-belarri; beste batzuk euskaratik bizi dira.

Orain arte helburu nagusia hizkuntza eskakizunak izan dira. Hizkuntza eder, eskakizunak lander. Egun osasun alorreko profesionalen laurdenak baino ez dira elebidunak. Zenbateraino diren, ordea, ez dago esaterik. Ahozko eta idatzizko harremanak kontuan hartzen al dira? Dokumentazio klinikoa euskaraz garatzeko gauza al dira? Euskara teknikoa dakite? Hizkuntzak osasun-zerbitzuan duen garrantziaz jabetzen dira? Nago ezetz. Hizkuntza eskakizunek ez dute euskarazko osasun arreta bermatuko inondik inora.

II. Euskara Planak, 2013an abian jarri zenak, teorian aurrerapauso nabarmenak eman ditu, urrutiko intxaurrak. Lehenik eta behin, pazientearen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa. Orain arte paziente guztiei, euren baimenik gabe, gaztelera ezartzen zitzaien hautazko hizkuntza gisa. Egun euskara lehenesteko aukera dago, baina oraindik ere jende gehienak ez daki. Gerturatzen ari gara.
Bigarren pausoa euskarazko arreta-zirkuituak dira. Euren helburua arreta osoa euskaraz bermatzea litzateke, lehen mailako arretatik espezializatura. Debagoienean, berbarako, urologia zirkuitua abiatu da. Gertuago.

Hirugarren aurrerapausoa dokumentazio klinikoa euskaraz garatzeko asmoa izan da, erabiltzaileen historia klinikoa euskaraz edukitzeko xedea. Guk asmo bat eta zuzendaritzak beste bat. Azkenean, gerturatu eta lau.

Hiru aurrerapauso horietako bat ere ez da bete. Batetik, euskarazko arreta espezializatua ez dago bermaturik. Osasun-jardueran edozein ibilbidek bere prozedurak eta protokoloak bete behar ditu. Baina arreta espezializatua ad hoc ematen da euskaraz, txiripaz. Urologia izan zen lehenik abiatu zena, Debagoienean, hain zuzen ere. Baina euskara lehenetsi duten pazienteak, euren kontsulta-arteko dokumentua edo bolantea euskaraz idatzirik eskuan daramatela, urologo erdaldun elebakar batek artatzen ditu.
«Dokumentazio klinikoa euskaraz» infernua aipatzea bezalakoa da Osakidetzako zuzendaritzarentzat. Gaur egun milaka eta milaka proba osagarri burutzen dira egunero gure jardueran. Eskanerrak, erresonantziak, espirometriak, zitologiak, biopsiak... den-denak gazteleraz. Ekografia bakan batzuk euskaraz jasotzen dira Aramaion, batek daki zergatik.

II. Euskara Planak kale egin du. Baina garrantzitsuena ez da hori, Planaren funtsa, helburu nagusia baizik. Zer eta zertarako diren Euskara Zerbitzua eta kudeatzen duen Plana. Eta hasiera- hasieratik, oinarrian, huts egiten dute. Hasi aurretik iraungita dago.

Helburua ez da euskararen normalizazioa, edo euskararen erabileraren normalizazioa, horiek bitartekoak baitira. Helburua arreta bera normalizatzea da; izan ere, hizkuntza eta arreta banaezinak dira. Pazientean zentraturiko, eta aldi berean indarrean eta eskura daukagun ebidentzia zientifikoan oinarrituriko, arreta sanitario integratua, pazientearen ezaugarriei zein inguruneari egokituta. Euskalduna bada, euskaraz; erdalduna bada erdaraz. Pazientea baita arretaren muina, funtsa, gure osasun-sistemaren ardatza eta xedea.

Osakidetzako zuzendaritzak eta Euskara Zerbitzuak gauza bat bera dute bi zatitan jarri, hizkuntza eta arreta, biak ala biak puskatuz. Batzuk arreta lehenesten, arrotz baten hitzaz. Besteak euskara goraipatzen, arretarekin lotu gabe. Oker daude. Indarrean dagoen Euskara Plana ez da behar duguna; III. Euskara Plan bat behar dugu, mamitsua, eraginkorra, diziplina anitzeko lantalde batek eginda, ikuspegi zabalekoa. Osasun-profesional, unibertsitateko aditu eta euskara teknikarien artean. Jakintza eta gogo hegoek igoa.

Buscar