Euskaraz lan egitea arriskutsua al da?
Medikua naiz, eta medikuntza guk euskaldunduko dugu. Horretarako laguntza beharko dugu, konplizitateak: lankideak erakarri, euskaldunak adoretu, kudeatzaileak konbentzitu.
Osakidetzan bagara euskaraz lan egin nahi dugunok, uzten badigute behintzat. Euskaraz hitz egin paziente euskaldunekin, behar den legez, eta euskaraz idatzi euren historia klinikoa, baita espezialistenganako deribazioak ere. Horixe baita euskaraz lan egitea: ahozko eta idatzizko harremanetan erabiltzea. Zoritxarrez ez dut ezagutzen hori egiten duenik, ezta dokumentazio klinikoa bere hizkuntzan eskatu duen euskaltzalerik ere. Are txarrago, lankideek zera diote: hobeto gazteleraz lan egitea, guztion onerako.
Gai honen inguruko ezjakintasuna, interesik eza eta kontzientzia falta izugarriak dira. Hizkuntzak arretan duen garrantzia aspalditik ari dira aztertzen nazioartean, batik bat hizkuntza gutxituen hiztun diren emakumeak, ez kasualitatez, baina hemen ez dakigu ezer ere ez. Ezta euskalgintzak ere.
Medikuok gure ahalmenaz jabetzen gara, badakigu huts egitea oso larria izan daitekeela. Pazienteen segurtasuna lehenesten dugu ororen gainetik, ahal dugun heinean kalteak saihestuz. Hori horrela, pazienteen gaineko oharrak euskaraz idaztea arriskutsua dela deritzote batzuek, langile erdaldunek ez dutelako tutik ere ulertuko. Horrenbestez, hobe gazteleraz idaztea, elebakarren mesederako: ulergarria.
Arreta espezializatua euskaraz bermatzeko zirkuituak proposatu izan dira. Asmo horrekin irizpide batzuk plazaratu ditu Osakidetzako giza baliabideetako zuzendaritzak, indarrean dagoen Euskara Planarekin lerrokaturik. Eskaintza ahozko harremanetara mugatzen du euskara zerbitzuak, eta hori argi eta garbi utzi behar zaie pazienteei nahiz profesionalei. Dokumentazio klinikoari dagokionez, Osakidetzak erabakitzen duenaren arabera jokatu behar omen da, posible den heinean. Eurek erabakiko dute, eta ez pazienteak edo langileak. Euskaraz lan egitea arriskutsua omen zuzendaritzarentzat eta euskara zerbitzuarentzat, behorrak eta erleak.
Arriskutsua izango da, baina kasu honetan errua ezin da pazientearena izan; bere eskubidea da eta kitto. Erdarara joko du ordea, bere burua zaintzeko. Paziente euskaldun bat larrialdietara joango balitz euskaraz idatzitako bolante bat eskuan, zer gertatuko litzateke? Gaizki-ulertu bat gerta daiteke, pazientearen bizia kolokan jarriz. Hori saihesteko, erdaraz lan egiteko joera dugu. Hala ere, mediku euskaldunak euskaraz idazten badu, ezin da bere errua izan. Euskara bion hizkuntza da, paziente eta profesionalarena, bertokoa eta horrezaz gain, ofiziala. Erantzukizuna, egotekotan, erdaldunena da. Ez gaitezen akerraren adarrak bezain gogorrak izan, ez diezaiogun lankideari errua bota: arazoaren muina erakundearen egitura, antolakuntza eta pentsamoldean datza. Arazo sistemikoa da. Osakidetzak jarri beharko lituzke hizkuntza mugak gainditzeko baliabideak, eta horrelako irizpideek ez dute batere laguntzen.
Medikua naiz, eta medikuntza guk euskaldunduko dugu. Horretarako laguntza beharko dugu, konplizitateak: lankideak erakarri, euskaldunak adoretu, kudeatzaileak konbentzitu. Ez da erraza izango; nekez lortuko dugu erdaldunen laguntza, ezta euskaltzale askorena ere. Izan ere, euskalgintzak, eta oro har euskaltzaleek, naturaltasunez eta esker onez onartzen dute osasun arreta erdaraz. Bere dokumentazio klinikoa euskaraz eskatu duen euskaltzalerik edo abertzalerik ez dago. Giro erdaldun batean jaio eta hazi nintzen, erdaldun elebiduna naiz beraz, egun pazienteen historia klinikoa euskaraz idazten duen mediku bakarra. Ez da harro egotekoa, lotsagarria baizik. Euskaldunen lotsarako esan nahi dut. Baina horrek nolabait, legitimitatea ematen dit; ez didate eskolarik emango osasun arreta gazteleraz nahiago duten euskaltzaleek. Baita laguntza eskatzeko aukera eman ere. Euskaraz lan egitea arriskutsua izan daiteke, baina erantzuleak zuzendariak dira, gehienak gizon erdaldun elebakarrak. Konplizitateak bilatu behar dira, zubiak eraiki, baina lehenik eta behin euskaraz lan egitea zentzuzkoa eta legezkoa dela onartu behar genuke, eta arreta ahozko harremanetara mugatzen duten irizpideak erauzi. Euskara ez da lan hizkuntza izango historia klinikoa euskaraz ez badugu lantzen, arreta zirkuituen bitartez. Baina hori ez da gertatuko euskaltzaleek ez badute eskatzen, hasita, esate baterako, hain dokumentu estandarizatua den alta txostenetatik. Euren babesa beharko dugu. Beraz, hona galdera eta eskaera: arriskutsua al da euskaraz lan egitea? Eskatuko al duzue zuen historia klinikoa euskaraz?