Jose Ramon Arrieta eta Nerea Arrizabalaga
Egurra ta kandela baserritar ekintza

Eusko Jaurlaritzaren ildo estrategikoak

Baserritarrontzat Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (EEBB LPS) irakurtzea baino etsigarriagoa izan da 2023ko uztailean horri jarritako 4.217 alegazio-egileri emandako erantzunen txostena irakurtzea. Urriaren 31n argitaratu zen, eta gaua ohi baino beltzagoa izan genuen etxe askotan.

Lehen 34 orrialdeetan dago ondorengo 453 orrialdeen mamia. Irakurri ahala, argi ikusten da 2023ko maiatzaren 10ean argitaratutako EEBB LPSaren dokumentuaren hasieran jasotako helburuen itzala: «Helburua da sustatzaileek gaur egun dituzten ziurgabetasunak murriztea eta ekimen pribatuaren interesa pizteko segurtasun juridikoa areagotzea». «Zehaztutako kokalekuak energia elektrikoa sortzeko instalaziorako dira, helburua da sortutako energia garraio edo banaketako sare elektrikoan isurtzea, eta ez autokontsumoari lotuta».

Horiekiko erabat koherenteak dira txosteneko esaldi gehienak; ez dugu paragraforik aurkitu non pertsonen ongizatea aitortzen den edo babesteko intentziorik azaltzen den, dena dago enpresa sustatzaileei begira; herritar arrunton eskubideak ez dira ageri –ezta gure bizitzak sustengatzeko behar dugun energia ere–. Herritarrok babesten gaituzten neurri apurrak, komeni bada, ezabatzen dira. Adibidez, instalazio horietatik pertsonen bizilekuetara dagoen 500 metroko distantziari dagokiona.

Ezustekorik ez; txostenaren hasiera-hasieran –8. orrialdean– administrazioak bidea markatzen baitu, lurralde-ereduari dagokionez: instalazio handiak eta txikiagoak konbinatuko dituen eredu bakar bat garatzeko. Lehenik eta behin, errealitateak erakusten duelako instalazio handiak beharrezkoak direla sistemari bermeak emateko; (...)...

«(...). beharrezkoak instalazio handiak dira sistemari bermeak emateko». Sistemari? Sistema elektrikoaz ari bada, enpresa pribatuen mozkinez ari gara; burtsetan oinarrizko eskubideekin espekulatzen dituzten inbertitzaileen dibidenduez, alegia. Finean, sistema bermatzearren, herritarrok bermerik gabe uzten gaituzte, eta energia berriztagarrien instalazio deszentralizatuen eta gertukoen planifikazioak emango lizkigukeen aukerak galdu egin dira.

Handikeriaren inperioa ez da mugatzen energiaren alorrera; elikadura edo baserria eredua ere horren menpeko bilakatu dute. Inon ez dira azaltzen pertsona guztiontzako gertuko elikadura osasuntsu eta osasungarria bermatu beharko lituzketen politika publikoak. Politika publikoek hartu duten norabideaz jabetzeko, ale ditzagun Eusko Jaurlaritzak elikaduraren sistemarentzat ezarritako lan-ildo estrategikoen lehentasunak.

Lehena: Errioxako upategi handiak erreskatatzea; ezin baitiote aterabiderik eman lortutako gainprodukzioari. Bigarrena, Donostian BioTech Foods enpresaren laborategiko haragi-fabrika –EBk eta Eusko Jaurlaritzak finantzatutakoa–. Hirugarrena, balio teknologiko handiko negutegiak eta zutikakoak –indoor vertical farming delakoa– EAE osora zabaltzea. Laugarrena, nekazaritza ekologikoaren zabalpena; horren atzean, Europatik dirua jasotzen jarraitzeko, Bruselasek 2030erako nekazari- eta abeltzain-lurren%25 ekologikoan egiaztatzeko egindako iradokizunean. Helburu horretan, ez dira garrantzitsuak lan-egiteko moldeak edota lurraldearekiko eta komunitatearekiko atxikimenduak; baizik eta hektarea kopurua lortzea. Eta bosgarrena, Getarian izango den atun gorria kaiolatan hazteko Itsas Balfegó izeneko instalazioa –Balfegó SL enpresak eta AZTIk sortutakoa–. Ikusten denez, herritarron elikadurarako EJren ildo estrategikoak etorriko dira eredugarriak diren enpresa teknologikoen eskutik.

Kurioso da oso baserrien etorkizuna lehen postuetan ez egotea; are gehiago kontuan izanda egungo baserritar gehienok gertu dugula erretiro adina. Dirudienez, gobernuak jada pentsatu du zein izango den etorkizuneko elikadura, eta gure erreleboa osatuko dute eredugarriak diren enpresa teknologikoek; erraz limurtuko baititu denon diruarekin. Baserritarrok Euskal Jaietarako edota museo etnografikoetarako.

Aztertzen ari garen LPSri jarritako alegazioen erantzunen txostenaren arabera, energia berriztagarrien zabalpen masiboak ez du elikadura burujabetza zalantzan jartzen, baizik eta EAEko lurraldearen ezaugarriek eta tamainak mugatu egiten dute, eta horrek eragotzi egiten du laboreen garapen masiboa, orografia eta baldintza desberdinak dituzten beste eskualde batzuetan bezala.

Lurraldearen ezaugarriek eta tamainak. Ez, ordea, baserritarrei eta landa-eremuko herritarrei putre energetikoek, botere politikoaren laguntzarekin, eman nahi diguten azken kolpea; ezta lehenagotik pairatu dugun lur emankorren artifizializazioak eta okupazioak ere; ezta diru-laguntzen banaketa injustuak ere; are gutxiago banatzaile handiek, agronegozioaren lobbyek eta nazioarteko merkataritza akordioek inposatzen dituzten prezioek eta baldintzek ere. Ezta existitzen ez den erreleboa ere. Afera orografikoa baino ez da. Eskerrak erakarriko ditugun eredugarriak diren enpresa teknologikoak euskalautonomiaerkidegotarren tripak betetzeko, bestela, akabo makina-erreminta.

Horrela bai, horrela ederki ulertzen da alegazioen txostenean azaltzen den hau: Araba Erdialdearen kasuan, beste Eremu Funtzional batzuetan ez bezala, tamaina handiagoko instalazio fotovoltaikoak hartzeko gaitasun handiagoa duen eremu laua da (...)... Beraz, zertarako gorde proiektu energetikoetarako, duten inklinazioagatik nekazaritzarako zailagoak diren lurrak; indoorreko janari eredugarria bidean bada?

Biblia bilakatu zaigun txostenean diotenez, nekazariok eta abeltzainok janaria sortzen erabiltzen ditugun lur horietan instalazio elektrikoak jartzea izango da hauen arabera: 1. Sustatzailearen interesa, eta 2. Aurkezten den proiektuak sektore- eta ingurumen-baimen egokiak lortzea.

Izan ere, mundua sustatzaileen gosearen neurrira dago egina. Berdin dio energia hori bizitzarako ala heriotzarako erabiliko den. Gerora etorriko dira baimen egokiak egokitzen lortzea, den-dena jasangarria bezain jangarria izan dadin.

Legeak lege izan arren, beti ez dira zilegi denon bizitzak arriskuan jartzen dituztenean; ezta bidezko ere, ondorengoei etorkizuna ukatzen dietenean. Eta zuek ere jakin badakizue, ezker eta eskuin; gainean dugun desastrea nola desegin, frogatuta dago: planetaren mugetara etorri.

Ematen du lurra altxatzeko garaia heldu dela, kaletik eta landa-eremutik elkarrekin. Bizirik mantentzen gaituen Lurra ezin diegu arpilatzen utzi; bizitza horretan baitoakigu –literal, orain dioten bezala–.

Buscar