Josu Naberan
Idazlea

Eutsi goiari

Oposizioak indarrik baldin badu, mozio-zentsura da bidezkoena. Ez al da erantzukizuna eskatzerik euren kudeaketa tamalgarriagatik? Irauntza ez, Urkullu jauna. Orain iraultzak behar du txanda.

Berba gutxi entzun dut koronabirus honen kausa zehatzari buruz. Ez da ausaz sortu, hori seguru, baina zein da kausa? Zeren hori jakin gabe, ezinezkoa izango da erremedioa. Ikerleek ados daude laborategitik ez dela sortu. Nondik orduan? Horretan ez daude ziur. Ah bai, saguzarraren kontua: txinoek saguzar bat jan zutela, edo beste bitxoren bat (paolina edo).

Ez da lehen aldiz animalia bati errua leporatzen zaiola. Egin kontu: atzo «behi zoroek» izan ziren alzheimerra eta mugigetasunaren errudun; herenegun tximua izan omen zen IHESa kutsatu ziguna, eta herenegun bezperan oiloa, Txinakoa berriz ere, halako gripea ekarri zuena... Barregarri samarra deritzot. Dena dela, adituak ez daude ziur saguzarraren edo pangolinoaren kontuaz. Beste zerbaitetara jo behar, orduan.

Askoz sinesgarriago deritzot beste aditu batek dioenari: gure planeta elektrifikatzearen ondorioz zirkuitulabur bat gertatu dela. Ez da soilik mundua bera elektrifikatzea, baizik baita gure planeta inguruko espazioa. Beraz, elektro-zabortegia litzateke Covid-19aren kausa.

Gure antzina-antzinakoko arbasoek ez ziren batere fidatzen espazioaz eta bertako asturuez. Izarrak «espirituen mamuak» zirela uste zuten («denek kolpatu eta azkenak hil») Goikoa egunen batean buru gainera eroriko zitzaien beldur ziren. Horregatik «Eutsi Goiari» esaten zuten behin eta berriro. Nik ez dakit eletro-zabortegia ala zer, baina seguru gizakiok Goia (Gaia delakoa) zikinkeriaz gainez jarri dugula. Eta Gaiaren erantzuna jasotzen hasiak garela. Horrela bada, une honetan Covid-19a, baino hurrengoan Covix edo bestelako zerbait izango da, harik eta Gaia desintoxikatu arte.

Presta gaitezen, bada, ziklo luze baterako. Batzuek apokalipsia deitzen diote, eta neuk ere «2020, apokalipsi bezpera» idazkunez sinatu nuen azken argitalpena. Baina ez gaitezen hain serio jarri eta umorea galdu. Aurrera begirako galderei erantzuten entreteni gaitezke, «momentu historiko» baten lekuko garela pentsatuz.

Zer diote oraingoan gure betiko Urkulluk eta Aspiazuk? Hainbat arinen «produkziora» jo behar dugula. Ados. Baina ez, inola ere, haien buruan dagoen «betiko produkziora». Ezelan ere ez desarrollismoan oinarrituriko kapitalismoaren eskemara. Horixe baita, izan ere, eta ez Txinako saguzarra, pandemia larria ekarri diguna. Lehenik, kapitalismo finantzario horrek, bere eskari-eskaintza dotrina aspalditik alboratuta, lurralde franko kolonizatu eta suntsitu du, giza-migrazio larriak eraginez. Lurra xahutu du, autoktonoak larrutu, indigenoei bizipidea lapurtu. Eta segidan planeta osoa zaborrez bete. Atmosfera toxikatu, klima aldaketa eragin… Klima aldaketa abian da honezkero; Covid-19a larria bada, are larriagoa klima aldaketa, bere ondorio kalkulaezinekin.

Gaia larregi zamatu dugu eta pandemia larria eragin, noski. Zeinek antolatu du hainbat pribatizazio, txantxuiloak medio? Zeinek eremu lokalak (bertoko laborantza, osasunbide hurbila eta abar) suntsitzen utzi eta makro-eremuak, makro-garraio alferrak bultzatu, berriro ere txantxuilo eta klientelismoa medio? Eta okerrena, giza baliabide erabilgarrietan sekulako murrizketak eginez.

Oposizioak indarrik baldin badu, mozio-zentsura da bidezkoena. Ez al da erantzukizuna eskatzerik euren kudeaketa tamalgarriagatik? Irauntza ez, Urkullu jauna. Orain iraultzak behar du txanda. Oposizioak duintasunen bat baldin badu. Gure planeta aztoratuta dagoen bitartean, ez al da ezer gertatu «euskal oasian»? PNVeko eliteak, herria ez baita elitea, esperantza merkea saldu berri digu. Ez dute zehaztu esperantza horiek (betiko eskemaren irauntzak) zein garesti aterako zaizkion oinezkoari.

Badakigu oinezko horiek abarka barik ibili beharko dutela, pobre eta prekario mordoa irtengo dela «krisi» honetatik, krisiak betiere paganoek ordaindu ohi dituztelako. Eta bitartean, herriak emandako diruen zaintzaile ditugun agintariok, merezi ote duzue zeuen karguetan lasai irauntzea? Gutxienez behintzat, ezkerrak mozio-zentsura prestatzen duen bitartean, ez al da egongo zuen partetik detailetxoren bat? Adibidez, Diputazioetako ile-kizkurrarari eta gainerakoei ez al zaie bururatuko, adibidez, «salbuespen egoera» honetan oinarrizko errenta duin bat antolatzea.

Izan ere, badakigu, edo jakin beharko genuke, beste guztiok etxean isolatuta gauden bitartean, Europako eliteak asmo handiko planak egiten ari direla guri buruz. «Hau» igarota, normaltasunera, lehengora, makurtuko garelakoan. Haien planei aurre egin behar gure indar guztiarekin ala gure burua eta gure planeta, Gaia, akabatzen utzi. Ez dago erdibideetarako lekurik. Badakizue karta-jokoan zer garrantzitsua den «esku» izatea. Par eginez gero, esku duenak irabazten du. Merezi al dute hauek, hogeita hamar urtez ondare publikoa hain gaizki kudeatu dutenok, aurrerantzean ere esku izatea? Kapitalismo basatia, Confebask eta goragokoak (aberatsen %1a osatzen duen Estatu Sakona ez dago biagoan. Laster hasiko dira uluka.

Eta euskaldunok zer? Badugu eskarmentua. Moncloako Itun Zaharrera bueltatu? Eutsi beharko diogu Goiari, ez dago besterik, baina honezkero ez gara artalde inozoa, Antigoaleko Testamentu Zaharrarekin konformatzeko. Gehienok ez gaude mozio-zentsura jartzeko tenorean, baina bihoa, nire aldetik behintzat, zentsura-mozio birtuala hemengo Gobernuari, birtuala, bai, baina ozena.

Buscar