Aster Navas

Fogeo musuak

Astelehena. Askotan, jeniotasuna izaten da argudiorik onena. Konbentzitu gaitzake edo ez, baina esaldi baten ustekabeko biraketa horrek gaia berriz edo beste era batez planteatzera garamatza. C. S. Lewisen −“Narniako kronikak” liburuaren egilea− perpaus bat Xn −antzinako Twitter− topatu dut: «Ez duzu arimarik, arima bat zara. Daukazuna gorputza da». Ostis... Nire iturginak, profesionalki bakarrik ezagutzen dudanak, beraren argazkiak eskegi ditu bere Whatsapp egoeran, bizikletari ekinez: hortxe dago «dándolo todo», buru-belarri; oso eta bizi, buru eta bihotz, arima eta gorputz. Gazan dagoeneko 30.000 arimak alde egin dute beren gorputzetatik.

Asteartea. “First dates” atal berri batean, Murtziako neska batek dio bere arima bikiaren bila datorrela; gorputza ere axola zaio, baina berak arimatik hasi nahi du. «Gainera edertasuna oso subjektiboa da», argudiatu izan du. Kate Middletonen argazkiak arima badauka, baina zerbait arraroa gertatzen omen zaie bertan agertzen diren gorputzei.

Asteazkena. Corte Inglesera. Badakit irakurle batzuei ez zaiela oso objektiboa irudituko, baina egin kasu: udaberria Corte Inglesera iristen da lehendabizi. Bertan, martxoaren lehenengo hamabostalditik negoziatzen du beraren konbenioa hango gerenteekin: zein egunetan joango den solairuz solairu merkataritza-gunea birmoldatzen; noiz iragarriko duten bere iritsiera telebistan eta gainerako hedabideetan.

Gero, ondoko, Gran Viako zuhaitzetara igoko da aurretik daukan egundoko ataza baloratzeko, eta, azkenik, metroa edo autobusen bat harturik, neguari lurraldeko gainerakoa lapurtuko dio. Basati, arimarik gabeko tipo batzuek mailukadaz eraso diote Volkovi, Navalniren laguntzaileari.

Osteguna. Metroan noala ulertzen dut garraiobide honetan ibilbideak ez duela inolako garrantzirik, arimarik. Bai, badakit ikuspuntu oso subjektiboa dela, baina metroko bidaiaren helburu bakarra puntu batetik beste puntu batera heltzea da; leihatilatik ikusiko duguna tunel bat izango da, geltoki kloniko berdinen aldizkako argiekin; minutu horiek gurekin partekatuko dituztenek beren mugikorretan babestuko dute begirada. Sarean deskubritu dut ez dela gauza bera garagardoa «gabe» edo 0,0. «Gabe» esaldiak %0,9ra arteko alkohola izan dezake. Agian «gabeko musuak» edo «0,0 musuak» ere badaude; indarrik gabe, arimarik gabe. «Fogeo musuak»: elkarri ematen dizkiogunak, aurkeztean, protokolo hutsez. Hain desberdinak musu klandestinoetatik, isilpekoetatik...

Ostirala. DBH 4. mailan. Esamolde eta esaldiei buelta bat ematea proposatu diet ikasleei, konbinazio ezohikoak egitea. Lagun min baten ordez «etsai min» bat izango genuke. Taldeka jarrita zenbait bitxi ateratzen dira, esamolde bakoitzeko arima berri bana. Hala nola «oporrengatik irekita», «uda gorria», «larriki onik», «larrialdiko sarrera», «alboko onurak», «fogeo hitzak»... Portzierto Matute, Rufian edo Oscar Puenteri esker, hitzak, diskurtsoak bere jatorrizko arima berreskuratu du Kongresuan. Azaña edo Tierno Galvanaren garaietako −salvando las distancias− kalitatea.

Larunbata. Astelehenean ezinezkoa zirudien. Larunbata diot; larunbataren kontzeptu bera. Larunbata iritsiko zela, larunbatera iritsiko ginela. Ba larunbata da. Objektibo eta subjektiboki. Data eta sentsazio moduan. Arima eta gorputz; oso eta bizi, buru eta bihotz.

Igandea. «Zorroko deskafeinatua, sakarinagaz eta epel», eskatzen entzun diot barran alboan daukadan tipoari. Besaurrean, bere gorputzean, «Tempus fugit» irakur daiteke. Ez dakit, agian, koherenteagoa izango litzateke, bere arimarekin behintzat, «Memento mori» tatuaturik eroatea...

«Lo siento en el alma», dio telefonoz igerilekuko aldagelan pare-parean daukadan nire adineko gizon biluzi batek.

En fin.

Buscar