Josu Naberan
Idazlea

Geure hizkuntzaz ez dakiguna

Ez naiz lehenaldi-minetan mozkortze zalea, bai baitakit «paradisurik baldin bada, hemen eta orain» dela. Eta honezkero, euskerak ez du izango globalizaziorik; gure txokoan geratu denaz gozatzea dugu helburu. Eta hurrengo belaunaldiari transmititzea.

Bai, euskerak bere globalizazio garaia izan zuen, duela hamar mila urte inguru. Gaur egun ingelesak duen bezala eta orain dela 500 urte hispanierak Hego Amerika osoan. Hara zelan gertatu zen euskerarena. Glaziazio aldian hemen jende pila bat babestu zen, hainbat lekutik etorrita. Hemen, esan dut. Ez al dago konkretatzerik? Kolonizatzaileek «cultura franco-cantábrica» deitu diote, «euskal» ez aipatzearren. Akitaniakoa deituko diot, Dordoina eta Asturias barne hartzen zituen Akitania zabaleko kultura eta hizkuntzari. Eta atxiki beharreko beste izen bat: madeleine aldia: Ekain, Altamira, Santimamiñe…, duela 15.000 inguruko koben garaia.

Izan ere, onomatopeia-hots eta monosilaboz osaturiko paleo-euskera, koba-garai horretan (duela 18.000 urte inguru) bi-silabadun bilakatu zen: bizi, bihots… –pultsuan «bi-isuri» eta «bi-hots» (sistole/diastole) hauteman zuten gure arbaso bizkorren hizkera arkaikoa–.

Baina harira. Madeleine aldi horretan Akitania zabaleko populazioaren saturazioa hain zen handia, non euren arteko gerrak ere gertatzen hasiak ziren. Orduan, glaziazioa bukatzean, jende-olde hura guztia Eurasian barna barreiatu zen.

Egia esan, hogei mila urte lehenago, gure euskera arkaikoa sortu bezain pronto, euskaldunek Kanadara eta Ipar Amerikara iritsi ziren, kostaz kosta glaziarraren barrenetik oinez (egin kontu orduko Ingalaterra, adibidez, Europara batuta zegoela lehorrez). Orduan, «solutre-azkona» ezeze, euskaldunek euren hizkuntzaren arrastoa utzi zuten, oraindik bizirik dirauena: hortik Kanadako athabaskoen eta EE.BB.etako apatxe eta nabajoen senidetasuna aurkitzea M. Rhülen eta egungo hizkuntzalari ospetsuenek.

Baina abia gaitezen orain madeleine-euskaldunekin «munduko kantoi guztietara».
Mendebalderantz, Britainia Handira iritsi ziren eta euren aztarnak utzi: gure F. Krutwigh ohartu zen lehenbizikoz eskoziera eta euskeraren antzekotasunaz; eta gaur egun Bernat Miro valentziarrak bildu du euskal leku- eta pertsona-izenen zerrenda luzea: esaterako, Errochair, Errogie, Flodigarry toponimoak; eta Erro, Aldene , Arran, Orrol… abizenak.

Ipar alderantz, Theo Venneman hizkuntzalaria eta Elisabeth Hamer genetista ditugu lekuko: iz, ver (iber), mun (munika, Munich) eta beste euskal erro garrantzitsu batzuen jatorria hautematean.

Hego alderanzko zabalkundeari buruz hainbat ikerlari dugu Ebro ibaian zehar eta Levante bueltan toponimia jasotzen ari direnak euskeraren bidez: Toponimia guztia da euskal-iberiera, arabieraren egokitzapen bakanak eta berbereen amazigh hizkuntzaren eragin fonetiko batzuk salbu. Ordea, zeltek sortu omen zuten toponimiaren arrastorik ere ez.

Hona hemen Valentziako toponimo batzuk: Zarra, Aldaya, Aspe, Oriola, Garaita, Ibi, Aia, Gandia… Mediterraneoko Irletan, berriz, Korsika eta Sardinia. Azken honi buruz, J.M. Elexpuru dugu maisu: honen datu-basearen 50.000 toponimotik (sic), hona banaka hau: Lesa, Othaea, Nora, Nura, Olbia, Ulbia, Biota, Othoka, Carbia; gainera Sizilian madaleine-artea dago.

Ekialderanzko zabalkundea. Lehenik Jonia daukagu, Iune-Jaone jainkosaren seme-alaba aurre-indoeuroparrak. Patxi Aginagaldek ikertu du joniarrei buruz, hango eta Kretako mitoak nahiz toponimiak euskerarekin duen lokarria nabarmenduz: (mitoa) Mina, Zezenos, Ariadana; (toponimoak) Kreta (*Agerreta), Candia, Mesara, Camara, Mallia… Joniarren ondorengoak Pelasgoak izan ziren: «los Pelasgos eran los vascos magdalenienses que dejaron vestigios toponímicos y rupestres», idatzi zuen Imanol Agirrek. Pelasgo, mitoaren arabera, Gea ama-lurraren semea. Hona hemen joniarren antzinako toponimo batzuk: Lébedos, Leucas, Naulocón, Pigela, Anea… Eta gogora Ilion (Troya).

Gero arioen inbasioak gertatu ziren (-4000 ing.), Europa indigena ia guztia ezabatuz. Grezian, kasu, Doriarrak sartu ziren, euren gizarte patriarkala eta estratifikatua ezarriz. Orduantxe hasi omen zen «zibilizazioa», guri irakatsi diguten historiaren hasiera.

Eta euskaldun haiek Kaukasora ere iritsi ziren. Hango hititiak Ankarara eta hortik Mesopotamiara jaitsi zirenean, euskal erroak eraman zituzten Sumeriara, duela 3.400 urte. Hititen toponimo zaharrak: Haçilar, Arzawa, Carquemish, Halab, Alalakh, Ankara (*aran-gara), Ugarit, Iwris (*iber-iri), Kultepe, Adan (*aran), Karatepe (*garate-behe), Alepo, Alaka; Sumeriako toponimoak ezagunagoak dira: Ur, Uruk, Mari, Kadesh…

Azkenez, harrigarriena, madeleine-euskaldunek Siberiako ipar aldera iritsi izana. Yenisei ibarretan barna, ket hizkuntza dago, euskeraren senide hurbil. Horren lekuko, Merith Rhülen, Samuel Noah eta abar.

Amaitzeko, ez naiz lehenaldi-minetan mozkortze zalea, bai baitakit «paradisurik baldin bada, hemen eta orain» dela. Eta honezkero, euskerak ez du izango globalizaziorik; gure txokoan geratu denaz gozatzea dugu helburu. Eta hurrengo belaunaldiari transmititzea.

Badakigu, baita, Almagro-Gorbea, Jon Juaristi eta halakoek etnizismoa, arrazismoa eta agian nazismoa egotziko liguketela hemen esandakoa irakurriko balute; nahiz eta haiek Hispanitatea lasai asko ospatu, gurutzea eta ezpata medio egin zuten «globalizazioa».

Baina zer demontre! Dagoeneko eman diogu ezetza kolonizazioari, ezta?

Buscar