Hain gertu eta, hala ere, hain urrun
Astelehena. Nire postako spam erretiluan sartu naiz. Hango emailak ezabatu ostean pantailak mezu bat itzuli dit: «Zorionak, ez duzu spamik». Ea amaieran topiko ospetsu horrek «zoriona gauza txikietan dago» arrazoi osoa daukan... Ea zoriona eguneroko kontu xume-xumenetan bilatu behar dugun... Alvesek ongia eta gaizkiaren artean bereiz omen zitzakeen.
Asteartea. Goizean goiz Bilbora noa jendez beteriko metro batean. Bakoitza bere munduan eta mugikorrean galduta dagoen arren, bidaiarien arteko hurbiltasun fisikoa egundokoa da. Hain urrun gaude eta, aldi berean, hain gertu. Gero bakoitza bere geralekuan jaitsi eta presaka itzuli da bere asteartera, segundo horiek, eguneroko minutu horiek ezohikoenak direla konprenitzeko astirik gabe. Ikusi dut Navalni bere kartzelariekin txantxetan agertzen den bideoa. Bera ere haiengandik hain hurbil eta, aldi berean, hain urrun.
Asteazkena. Euria ari du. Dozena erdi bat pertsona bezala arkupe batzuen azpian bilatu dut babesa. Ezezagun hutsak gara euriak oso espazio mugatuan bildu, elkarganatu gaituenak: bi nerabe institutura bidean, jubilatu pare bat, Glovoko banatzaile bat eta ni. Eguraldiak norbanako bidetik, norbanako asteartetik ezbideratu gaitu eta elkar topatu dugu aterpe horretan. Atertu du eta denok urrundu gara gure norbanako asteazkenerantz eta, ulergarria denez, ez dugu jazoera horretaz, amankomunean izan dugun eskarmentu horretaz ezer majikorik gogoratuko. Abalos eta bere aholkularia, elkarrengandik gertuegi.
Osteguna. Horoskopoak dioenez Jupiter eta Venusen uztartzeak Taurori −onerako− eragingo dio. Piscis-ek, berriz, gaztetako lagun batekin egingo du topo, eta, horri esker, bere adinaz jabetuko da.
Bi pertsona gehiagorekin igo naiz bulego-eraikin bateko igogailu batean. Txanda −azkena, mesedez?− eskatu dut arrandegian, non lau bezero gehiago dauden. Dermatologoaren itxarongelan itxoiten egon naiz ordu luze bat beste sei pazienterekin. Noizbehinkako elkarganatze horietatik bikoteren bat sortzen da, bizitza osorako lagunak, diru-zorroren bat lapurtzen da; covid-19a kutsatzen da; eguneroko dutxaren onurak ulertzen dira. Izan ere, dena kontrolpean izateko obsesioa dugun arren, ausazko une horietan gertatzen zaigu gure biografiakorik funtsezkoena. Kasualitatea da azken finean gure bizitza bideratzen duena. Bai, bera eta desioa; klasikoek «emotio» deitzen zutena. Traktoreak Madrilera hurbiltzen... eta Madriltik hain aparte.
Ostirala. Arratsalde erdian kalez kale, bi gidari ikusi ditut biribilgune batean eztabaidan. Antza denez, autoek elkar jo dute, eta biek elkarri egotzi diote erantzukizuna −yo iba por mi carril− Elkar topo egin duten bi ezezagun, elkarren kontra talka egin dutenak, minutu batzuez elkarren aurka −llevaba media hora, capullo, marcándote que iba a la derecha− borrokatu direnak. Gero bakoitza bere ostiralera itzuli da, bere errutinara guztiz ezohiko istorio horri inolako garrantzirik emateke. Mohamed VI. aren Marokotik urrundu beharrean...
Larunbata. Pare bat aste ospitalean daramatzan lagun bat bisitatzera joan naiz. Gazte argentinar batekin partekatzen du gela eta adiskidetu dira, lagunak egin dira. Egundoko konfidantza −pero cómo pensás boludo que te quedarás acá− nabaritzen da bion artean.
Etxerako bidean, elkarren artean izandako topaketa horri buruz hausnartzen ari naiz: Bapatean, ordurarte ezezagun hutsak ziren tipo pare bat, denbora eta espazioa partekatzen daude; sendatuko dira, errutinara itzuliko dira eta ez diote garrantzi handiagorik emango gertaera, mirari horri: bizitzak elkarganatu dituela, elkar topatu dutela. Elkarrengandik oso urrun zeuden arren, bizitzak, ustekabean, elkarrengana hurbildu ditu. Podemos Sumarrengandik, Sumar Podemosengandik hain hurbil eta, hala ere, gero eta urrunago.
Igandea. Nire postako spam erretiluan berriro sartu naiz. Hara heldutako korreo berriak ezabatu ondoren gmailek zoriondu nau: «Enhorabuena, no tienes spam». Saiatu naiz nire gogoberotasuna, nire poza disimulatzen: jendea oso bekaiztia da.
En fin.