Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion

Hazitik uzta, espezialitatea euskaraz

Uzta, ereintzaren saria. Mediku egoiliarrak (BAMEak) espezialitatea egiten ari diren medikuak dira, biharko espezialistak, gure osasun-sistemaren geroa. Euren formakuntza ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, funtsezkoa baizik, ezinbestekoa gure erakundearen kalitatea bermatzeko.

Osasun-prestakuntza espezializatua edozein osasun-sistemaren zutoin nagusienetarikoa da, eta gizartearen etengabeko aldaketak dakartzan erronkei aurre egin behar die. Medikuntzak aldaketa nabarmenak bizi izan ditu azken urteotan: alde batetik aurrerapauso tekniko eta zientifikoak, profesionalen ezagutzaren eguneraketa zailtzen dutenak; bestetik  osasun sistemaren eraldaketa, arreta sanitario integratuaren ereduari jarraituz eta informazio-sistema berriak garatuz; azkenik, gizartearen aldaketa demografiko eta kulturala.

Hori horrela, eremuaren ezaugarriei egokituriko profesionalak sortu behar ditugu nahitaez. Gure eremua elebiduna da, arreta euskaraz zein gazteleraz eskaintzera behartzen gaituena. Orain arte ezagutu dugun formakuntza ereduak ez dio behar horri era egokian aurre egin zoritxarrez. Eredu elebakar eta homogeneizatzailea nagusitu da, erabiltzaile zein profesionalen arteko hierarkiak ezarriz, kalitatea hondoratuz. Arreta eta hizkuntza bereizi ditugu, pazienteen hizkuntza balio gabeko eranskina bailitzan eta ez arretaren muina bera. Erein gabe, zer itxaro? Medikuntza ikasleek ezin dituzte euren ikasketak euskaraz osorik burutu. Are txarrago daude mediku egoiliarrak; ez daukate inolako aukerarik, dena gazteleraz egin behar dute. Ikasketa-buru guztiak erdaldun elebakarrak dira. Euskara eta euskaldunak ez dira existitzen gure profesionalen prestakuntza prozesuan.

Eredu Sanitario Integratuaren aldeko apustua egin du Osakidetzak. Bide horretan, euskarri informatikoen hobekuntzak  profesionalen arteko elkarlana eta informazioa partekatzea ahalbidetu du, historia kliniko informatizatu eta bateratuaren bitartez arretan ezinbestekoa zaigun jarraikortasuna bermatuz. Osasun langileen jarduera goitik behera aldatzen ari dela esan genezake. Gauzak horrela, gurea bezalako eremu baten ezaugarriek prozesu hau baldintzatzen dute, bestelako erronkak ezarriz. Historia klinikoa euskaraz etorkizun hurbilean posible izango da. Horrenbestez, eremu elebidun batean lan egin ahal izateko, hizkuntza gaitasuna laster bilakatuko da betebeharra, zalantzarik gabe. Hau guztiari aurre egiteko BAMEen formakuntza-prozesuan hizkuntza kontzientzia eta eskaintza aktiboaren eredua txertatzea ezinbestekoa zaigu, eta arlo honetan lider ekintzaileak izatea.

Mediku egoiliarren ikasketa-buru izateko bi baldintza bete behar dira: osasun-zientzietan aditua izatea alde batetik eta formakuntza kudeatzeko proiektua aurkeztea bestetik. Euskara ordea ez da beharrezkoa, ez da betebehar bat. Euskara Planean ezarritako helburuen arabera egokitzen du Osakidetzak bere jarduna, eta Plan horrek ez du kontuan hartzen ikasketa-buruek euskaraz jakitea.

Gure helburua ez da lanpostu funtzional bat eskuratzea, funtzio bat betetzea baizik. Gure xedea osasun-laguntza bermatzea da. Horretarako, gaur egungo osasun-zientziak bi zutoin dauzka. Lehenengoa, ebidentzian oinarrituriko medikuntza da: indarrean eta eguneratuta dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko jarduera kontzientea, arduratsua eta neurrizkoa.  Bigarren ardatza eredu biopsikosoziala da, pazientean zentraturiko arreta-eredua, bere ezaugarriak eta ingurunea kontuan hartzen dituena, baita hizkuntza ere. Egungo osasungintzaren paradigmari jarraituz beraz hizkuntza ez da eranskin bat, ez da apaingarri bat. Gaitasun bat da, betebeharreko gaitasuna, eta mediku egoiliarren formakuntza-eredua gaitasunak eskuratzean oinarritzen da.

Medikuntzako ikasleak aipatzen ditugu behin eta berriro, baina ikasketa prozesua ez da hor gelditzen.  Egoiliarren formakuntza ere jokoan dago. Etorkizunean eremu elebidun batean euren burua kokatzeko gaitasuna eskuratuko duten profesionalak. Hau guztia kontuan hartuta, argi dago mediku egoiliarren formakuntzan euskara ere txertatu behar dela, eta horretarako ikasketa-buru guztiak elebidunak izan behar direla. Hazitik uzta, espezialitatea euskaraz.

Buscar