Iristea
Astelehena. Fotokopiak egiten ditudan bitartean «El Repe»-az gogoratzen naiz. «Repe» haurtzaroko laguna da; bere bikia baino minutu batzuk beranduago jaio zena. Horrexegatik klasekideok bera «Repe» bataiatu genuen, Juliorengandik, izena mantendu zuena, bereizteko; inolako gaiztakeriarik gabe. «El Repe» bere anaiaren ostean iritsi zen mundura, haren kopia balitz bezala, jatorrizkoaren kopia. Aditz horri −«iritsi»– erreparatu diot. Gaur egun iristea dugu helburu nagusi: Udaberrira, udara, batxilergora, erretirora, orgasmora, hilaren amaiera, Europara, Bruselasera, zahartzarora −ufff, Biden eta bere jaka; Bidenen nahasketak...−, Moncloara, Etxe Zurira. Puntu batetik bestera doan ibilbidea −astelehenetik ostiralerakoa esate baterako− ahalik eta lasterren egitea. Halandaze, tartean egin beharko dugun bidaiari ez diogu ematen daukan inportantzia. Tomate urdin pare bat erosi ditut. Aurten ere ez naiz mozorrotu. Whatsapp-a eguneratu behar izan dut. Hemezortzi gradu.
Asteartea. Sarean saltseatuz zartaginak bakarrik saltzen dituen webgune bat aurkitu dut. Azpitituluan diotenez, 1824tik belaunaldiz belaunaldi igaro da fabrika gurasoengandik seme-alabengana. Urte hartatik hona Badillotarrek −holan deituko diegu publizitaterik ez egiteko− zartaginak besterik ez dituzte egin. Izugarria iruditzen zait sikiera Badillotar bakar batek ere familia-tradizioa hautsi ez izana eta zartaginetatik haratago bizitza dagoela deskubritu ez izana; gizakia ez dela zartaginez bakarrik bizi konturatu ez izana. Ikaragarria iruditzen zait familia horretan jaiotzeagatik, tradizio hutsagatik zure patua mugiezina izatea.
Bere sitetik nabigatzen dudan bitartean, Badillo familiakideak mahai gaineko solasaldietan zartaginei buruz hitz egiten imajinatzen ditut, burdinazko, altzairuzko, teflonezko, indukzioko zartaginekin ametsetan... 200. urteurrenera iritsi dira. Ailegatu behar da. Kiko −«El Cabra»− zen ustez narkotxalupa gidatzen zuena. Kikori ordaindu egiten zioten heltzeagatik, hondartza galdu batetara iristeagatik.
Asteazkena. Goizean Fernandorekin topatu naiz. Badakit gezurra dirudiela, baina garai batean, Fernando eta bion gaztaroan, aparaturen bat hondatzen zenean, konpondu egiten genuen. Oso ideia argitsua zen bigarren edo hirugarren aukera bat hozkailuari, irabiagailuari ematea. Izan ere, nire lagun Fernandok konponketa tailer −lonja− bat zuen, eta bertan mota guztietako elektrotresnak pilatzen zitzaizkion, leku hartan egon izanaren justifikazio txiki bat zeramatenak: «gelditu egin zen eta ez da berriro martxan jarri», «UHF bakarrik ikusten da», «batzuetan funtzionatzen du eta beste batzuetan berriz ez», «piztean erre usaina dago», «ikusten da, baina ez da entzuten», «entzuten da, baina ez da ikusten», «gauez baino ez dabil!». Udaran eta oporraldian C15 zuri batean ia berrogei kilo pisatzen zuten telebistak −«koloreak galdu ditu», «ez dago amatatzerik»− horraino garraiatzen lagundu nion. Lonja, espazio horrek “Ehun urteko bakardadea” eleberriaren ateratakoa ematen zuen. Hori guztia eta istorio liluragarri gehiago gertatzen ziren zaharkitze, obsolestzentzia programatura iritsi, heldu, ailegatu aurretik. Nola iritsi diren puntu horretaraino Castroko bi anaiak? Zein kale edo kalezulotatik heldu diren haraino? Langabezian dago; Antonio, diot. Aspalditik.
Osteguna. «Deitu iristen zarenean», entzun diot emakume bati esaten bere alabari Bilboko Intermodalean. Euria ari du. Azkenean depresioa iritsi da isobarek iragartzen zutena baino lehen. Egunkariak dioenez iritsi zaizkion kritikek gogoeta eragin diote Alberto Garzoni kargu, pelotazo hori ez «heltzeko».
Ostirala. Etxera gidatzen dudan bitartean, sirena bat entzun dut nire atzetik, Carlos VII etorbidean bidea irekitzen saiatzen. Irratian tertulianoek Antonio Tejadori buruz eztabaidatzen dutelarik eskuinera jo dut anbulantzia lehenbailehen iritsi ahal izateko. Tomate urdinak entsaladan afaldu ditut. Tripako mina izan dut gauez: ikusmena eta dastamena akordio batera iritsiko ez balirateke bezalaxe
Larunbata. Badatozkit burura Madrilen bizi izandako urteak. Lan egiten nuen institutua gure egongelako leihotik ikusten zen. Oinez «El Pilar» auzora iritsiko nintzatekeen hamabost minutu pasatxoan, baina ezinezkoa zen: M-30 eta M-40 errepideak zeharkatu beharko nituzkeen.
Ikastetxea, IES Manuel Chaves, hantxe bertan zegoen, eskueran; patioa eta geletako gortin horiak ere ikusten ziren, baina hiru transbordo egin behar nituen haraino −agian horraino, sofatik begiratuta− iristeko. Autobiei esker etxeko atean geneukana Toledo baino urrunago zegoen. Lehenago iristen, heltzen, ailegatzen ginen Segoviara Malasañara, Cibelesera baino. Alvaro Djaló, Bragako aurrelaria, laster iritsiko, helduko, ailegatuko omen da Athleticera. Dirudienez, jokalaria Basaurin erroldatuta dago bost urte zituenetik; askoz lasaiago geratu naiz.
Igandea. Egun ikusgarria. «Ez dakit, laztana, udaberria den gugana heltzen dena edo gu garen udaberrira iristen garenok», esan diot emazteari Portuko kaitik paseatzen gabiltzala, farora heltzerakoan.
«Agian zartaginak aldatu beharko genituzke», erantzun dit berak. «Ez dago jadanik beraietan arrautza frijitu duin bat egiteko modurik», argudiatu du.
«Badillorenak bikainak dira», gomendatu diot begirada zerumugan jarrita.
En fin.