Irulegiko eskuaz
«Esea». Garbi irakurtzen da hirugarren blokean. Alegia, etxea. Eta blokea osorik harturik: Etxea garbi eraukon.
Zelakantoarena. Hasteko, gertakari hori ekarri dit gogora Irulegikoak. Badakizue, eboluzioaren teorian, animaliak itsasotik lehorrera etorri zirela eta horretan oinarria zelakantoa izan zela, arnasketa aparatu berezia garatu eta uretan zein lehorrean bizitzeko ahalmena zuela eta, beraz, arbasoa. Ezagutzen zuten fosilen bidez, duela ehunka milioi urte bizi baitzen. Baina, hara, halako batean Hegoafrikako kostaldeko portu batean, deskargatutako arrainen artean, Ene, hori zelakanto baten antzekoa da! Eta bazen, bai. Baietz, sareetan endredatzen zirela batzuetan, ez zutela ezertarako balio… Espedizio bat finantzatu zuten. Ibili eta ibili, diruak eta denbora agortzear, halako batean urpekuntziko leihatilarantz zelakanto bat hurbildu zen. Sinestezina, dinosauro bat ikustea bezalako zirrara. Antzinako erlikia bat, hara hor, bizi-bizi. Ingurua babestuta dago egun. Bada, gure eskua zelakantoaren agerpenaren parekoa da.
Oihenarten sonetoa. Gure historialari eta idazle bikainak utzi zigun hamalauko bat gogoangarria, Zalgiz jaunari zuzendua, beraren ustetan euskal poeta gorena. Sonetoa kriptikoa izaki, Mitxelenak kontatzen zuen hasieran konprenitu ezinik aritu zela, baina halako batean dena garbi agertu zitzaiola begien aurrean eta poemaren edertasuna gozatu ahal izan zuela. Tamalez, Zalgizen poemarik ez zaigu iritsi. Irulegiko eskua bezala, agertuko ahal da halako batean!
Eskuko mezua. Sonetoaren antzera, eskuko edukiak ere ulergaitza ematen du, ezohizko zeinuetan ezkutaturik. Baina haren antzera, gehiena uler daitekeela erakustera ausartuko naiz, arriskuak arrisku.
Hasteko, kontuan hartu beharra dago erabili den alfabetoa-edo nahiko basikoa dela, alegia, ez dela zehatza gaur egun ohituta gauden eran; alegia, antzeko soinu batzuen sinboloa berdina dela, esaterako ahostunak/ahoskabeak ez zituztela bereizten: k/g, te/de, s/z… Baina hori, komunikaziorako, ez da arazo; gaur egun ere zenbat marka komertzial-eta ikusten ditugu bokalen faltan edo beste joko batzuk eginda? Eta ulertzen dugu, komunikazioak funtzionatzen du.
«Sorioneku» hitza. Horrela idatzita, garbi, letraz letra ageri zaigu. Eta behar bezala ahoskatuta, euskaraz: so -rio- ne ku. Gaztelaniaz ahoskatuta, azentua -ne- silaban. Akats hedatua. Agurra da. Dakigunez, agur hitza latinetik hartua dugu (augurium), hots, zoria (zuri), adurra zurekin esatea bezala; hots, adur ona (zuri). Ene, as-pal-diko esamoldea ere hor dugu.
Orain komeni da testuaren argazkia aurrean izatea, adieraziko dudana erkatu ahal izateko. Hiru bloke daudela kontsideratzen dut, erdiko puntu edo zeinu batekin bereizita. Lau, sorioneku-ren ondoko zeinu bakarra kontuan hartuz gero.
«Esea». Garbi irakurtzen da hirugarren blokean. Alegia, etxea. Eta blokea osorik harturik: Etxea garbi eraukon. Azken hori aditz faktitibo bat da. Bereterretxeren erromantzean azaltzen denaren moldekoa: …dago hilik. Eraikan bizirik. Jaiki aditzarena: jaikiaraz ezazu. Hortaz, Ukan etxea garbi.
Bigarren blokeko azken hitza da ulergaitzena, tan amaiera duena. Aurrekoa honela irakur daiteke: te-nek e-ben-gi-ra-ter-pen. Egokitzapena eginda: Denek hemen gira aterpean …tan. Bi te transkribatu dira, baina zeinuen erdiko marra desberdina da. Bat de izan daiteke. Ate hitza usu ageri da antzina, leku izenetan: Atauri, Atapuerca… Eta aterpe hitzak gordeleku zentzua du: Denek hemen gira aterpean (abaroan, babesturik; hots, etxean). Ezin da denok agertu, hori hizkuntzaren eboluzioan geroagokoa baita.
Beraz: Zorioneko · Denek hemen gira aterpean …tan · Etxea garbi ukan. Zer ederragorik etxe baten atarian jartzeko? Benetan.