Aitor Montes Lasarte
Familia medikua Aramaion, Arrasateko LMAU, Debagoieneko ESI (Osakidetza)

Jakinsarea, edo kolonizatuen akademia

Paziente bezala, herritar bezala, baina batez ere mediku bezala, ikastaro hau bertan behera uztea eskatzen diot Osakidetzako zuzendaritzari.

Umeen zentzuna, etxean entzuna esaten da. Osasun langileekin gauza bera gertatzen da: haurrak etxean bezala, erakunde sanitarioetan sozializatzen dira, ospitaleetan eta arreta guneetan, unibertsitatean zein espezialitatea egiteko orduan. Medikuak ikasia, ospitalean ikusia esan daiteke. Eguneroko jarduera barneratzen dugu, indarrean dagoena oharkabean irentsi, normaltzat hartuz.

Osakidetza edo Osasunbidea, azken batean, gure gizartearen isla dira, herri zapaldu eta kolonizatu batek sortu dituen erakunde sanitarioak. Gazteleraz sortu ziren, gazteleraz bizi dira eta gaztelera zabaltzen dute, gure intimitatean, gurea ez dena gurea eginez, jaiotzetik hil arte. Gure identitatea bestekotzeko tresnarik eraginkorrenetarikoak direla esan daiteke.

Gaztelera muinean txertatzeko joera osasun langileon prestakuntzan nabarmentzen da. Mugarik gabe, muturrekoak izan daitezken jarduerak onartzerainokoan.

Jakinsarea Osakidetzak martxan jarri duen plataforma da, osasun langileen artean ezagutza partekatzeko eta zabaltzeko asmoz. Plataforma horri esker, hainbat ikastaroetan izena eman dezakegu, etengabeko prestakuntzaren bitartez gaitasunak eskuratuz, horrela maila goreneko langileak izan gaitezen. Erakundearen lerro estrategikoetan  prestakuntza-ibilbideetan oinarritutako eredu bat aukeratu da, zeinaren bidez eskuratuko diren lanpostu bakoitzean jarduteko gaitasunak.

Nork erabakitzen du zeintzuk diren langileon gaitasunak? Zerbitzu erakunde bakoitzeko zuzendaritzak noski. Zerbitzu-buruek, zuzendariek ezarriko dute zer lehentasun-irizpide izango dituzten prestakuntza-ekintzek: Zer hartzen dute kontuan? Zerbitzu bakoitzaren berezko beharrak, osasun sailaren lerro estrategikoak, eta lehentasunezko proiektuak. Prestakuntza, oker ez banago, giza-baliabideen zerbitzuak kudeatzen du.

Duela gutxi, "Komunikazio eraginkorra" izenburua duen ikastaroa eskaini zaigu. Ikastaroa gaztelera hutsean da, ohi legez. Horrek, berez, langileon hizkuntza eskubideak urratzen ditu eta gure arteko hierarkiak ezarri. Baina hori ez da txarrena. Ingelesez balitz ere moldatuko ginateke euskaldunok, txapela buruan munduan ibilitakoak baikara.

Txarrena pazienteekiko agertzen duen errespetu falta da. Ikastaroak langileon komunikaziorako gaitasuna hobetzea omen du helburu, pazienteei arreta hobeago bat emateko asmoz. Baina ez du hizkuntza kontuan hartzen, non eta eremu elebidun batean. Komunikazio zehatza, objektiboa, enpatia, teknologia berriak, emozioak… hainbat gauza aipatzen dira, baina hizkuntza, ordea, ez. Hizkuntzarik gabeko komunikazioa.

Zerbitzuak erabiltzaileen beharren arabera antolatu behar dira, pazientean zentraturiko arreta izango bada. Arretaren oinarriak duintasuna eta errespetua direlarik, eta norbanakoaren premiak azaltzeko hizkuntza ezinbestekoa dela aitortuz, zerbitzuaren parte dela onartu beharra dago. Ez da aukerako edo hautazko osagaia, arreta eta hizkuntza banaezinak dira.

Ikastaro honek iraungita dauden aurreiritziak berresten ditu. Jardunbide desegokiak sustatzen ditu, profesionalaren apetak gaixoaren beharren eta eskubideen gainetik jarriz. Are gehiago: norbanakoaren eta herri baten identitatea ukatzen du. Ez du erakundearen lerro estrategikoekin bat egiten, ez du gure jarduera arautzen duen kode deontologikoa errespetatzen, gure izaera zein irudi korporatiboari kalte egiten die eta ez du legea betetzen. Horrez gain, euskaldunontzat iraingarria izan daiteke.

Gauzak horrela, paziente bezala, herritar bezala, baina batez ere mediku bezala, ikastaro hau bertan behera uztea eskatzen diot Osakidetzako zuzendaritzari. Bide batez, prestakuntzaren arduradunari bere karguari uztea eskatzen diot, pazienteen defentsan, mediku izateak ematen didan autoritateaz eta eskatzen duen gizarte erantzukizunaz.

Buscar