Antxon Santamaria
UPV-EHUko Katedradun Emeritua

Jose Migel Zumalabe, euskara ardatz izan zuen matematikari eta margolaria

Jose Migel Zumalabe Mendiburu donostiarraren izena izango du Loiola auzoko kale batek, Udalak hartutako erabakiaren ondorioz. Merezimendu osoz, nire iritziz.

Gertuko pertsona izan zen niretzat eta, urteek ematen duten perspektibaz baliatuz, esan dezaket ezagutu dudan gizakirik inteligente eta atseginenetakoa izan zela. Baita dotorea ere, hitzaren zentzu zabalenean.

Euskara izan zuen ardatz Jose Migel Zumalaberen bizitzak. Familia-gizon eredugarria izanik, sendo ezarri zuen euskararekiko grina Koro alabarengan eta Joxemi semearengan, azken hau “Egunkaria”-ren sortzaileetakoa.

Zumalaberen euskaltzaletasunak bazuen bi hitzetan adieraz daitekeen ezaugarria: aktibismoa eta pragmatismoa, hain zuzen ere. Ez zuen asko hitz egiten euskarari buruz, baina beti prest agertzen zen asmoz eta jakitez gure hizkuntzaren eremu latzean zerbait sortzeko. Hainbat jardueraren artean bi aipatuko ditut: Batxiler mailako lehenengo euskal ikastetxearen (Donostiako Santo Tomas Lizeoa 1961. urtean) sortzaile eta funtseko egilea eta 1960ko hamarkadan Andereñoen Erresidentziaren bultzatzailea. Azken honen bitartez ehundaka irakasle euskaldunek (andereñoek) formazio berezia jaso ahal izan zuten; batik bat, zetorren ikastolen legalizazioaren aurrean. Anekdota interesgarri eta esanguratsua agertzen da Santo Tomas Lizeoaren hastapenetan. Legalizazioa zela-eta ministerioaren inspektore baten bisita aurreikusia zegoenez, Zumalabek, nola ez, bere burua eskaini zuen harrera egiteko. Inspekzioa aurrera zihoala, halako batean ikuskatzaileak «veo que tienen ustedes unos carteles en vascuence» bota zuen. Zumalabek bere pertsuasio guztia erabiliz, «sano regionalismo» eta horrelako topikoetara jo zuen, halabeharrez. Zorionez, lasaitze ederra hartu zuen inspektoreari hau entzun zionean: «Pues me parece muy bien. Yo soy valenciano y a mis hijos les hablo siempre en valenciano». Gizon hori Zumalaberi egokitu zitzaion perla isolatu bat izan zen. Zorte on horrek ateak zabaldu zizkion Santo Tomas Lizeoaren legalizazioari eta agian ondoren etorriko ziren euskal hezkuntzaren ekimenei.

Jose Migel Zumalabe matematikaria zen izatez, bai eta pintorea bokazioz eta aparejadorea ogibidez ere. Beti nolabaiteko espiritu kartesiarrarekin; alegia, errealitatea onartuz eta berau aldatzeko prestatuz. Donostian 1950-60ko hamarkadan izan zen giro artistikoan murgildu eta bertan izan ziren tertulietan parte hartu zuen. Bada garai hartako pasadizo bat nik gaztetan entzun nuena. Ageri denez, Jorge Oteiza (Zumalabek nahiko miresten zuena) bazebilen etengabe tertulietan hiperboloideaz gora eta behera hitz potoloekin berbetan. Zumalabe (matematikaria beti) apur bat aspertuta zegoen Oteizaren perorata horiekin eta hara nola galdetu zion: «Don Jorge, cuando habla usted del hiperboloide a cuál se refiere, al elíptico o al hiperbólico». Oteizak bere harridura erakutsi zuen bi hiperboloide mota zeudela jakin zuenean. Jose Migel Zumalabek errealitate matematikoa bere lekuan jarri nahi izan zuen, baina inongo harrotasunik gabe, ez baitzuen handi-mandikeria izpi txikienik ere.

Buscar