Iñaki Lasa Nuin

Lapiko handia

Konturatu gabe berriro ere iritsi zitzaigun udako solstizioa. Eguzkia bere gailurrera iritsi zen eta ederki berotzen zigun kaskoa. Leku askotan ospatzen dute suaren erritua eta euskaldunok ere antzinako ohitura dugu. Garai batean mendi puntetan egin ohi zen San Juan sua, baina orain baserri inguruetan, hiri eta herriko plazan bertan edo herri ondoko zelai batean. Kosta aldeko hondartzetan ere egin ohi dute. Mendi gailurretan sua egiteko ohitura hori dela-eta, nire burua kabalak egiten hasi da. Euskal mitologiako Mari, ama-lurraren jainkosa, suzko bola baten gainean ibiltzen omen zen mendi tontor batetik bestera −Anbototik Murumendira edo Aralar mendira−. Ez ote da leku altuetan suak egite horren ohitura lur emankorraren jainkosari eskainitako erritu bat? Baserri giroko San Juan suaren inguruan abestu izan dira konjuruen antzeko esaldiak: «Sugeak eta zapoak erre, erre...». Animalia hauek izurriteak sortuko ote zituzten beldurrez edo −bakterioak ez baitzituzten ezagutzen−. Gainera, lora sorta eder bat ere prestatzen zuten, udaberriko lorerik ederrenak baratze eta soroko uzta batzuekin nahastuz. Etxeetako ate-markoetan edo soroetan lizar adartxoak ere jartzen zituzten izurriteetatik babesteko. Ekainean, Ekiren hilabetean gaude, udako solstizioan, baina berehala dator Uztaila, uztaren garaia. Uzta ona eskatzen zaio orain San Juani, eta lehen Mari ama-lurraren jainkosari, izurriteek gosea eta miseria handiak ekartzen baitzituzten.

San Juan suak ez dira ilunabarrean ongi sartu arte pizten, ilunduta esango nuke nik. Izan ere, sua antzinako gizakiarentzat eguzkiaren ordezkoa zen. Suak argi egiten du, suak berotu egiten du, suak animalietatik babestu egiten du eta suak janariak prestatzen digu; sua gau beltzean eguzki txiki bat da. Beraz, eguzkiaren sasoirik onena, udako solstizioa, suarekin ospatzen zuten eta ospatzen dugu oraindik ere.

Ez, ez naiz idatziaren izenburuarekin ahaztu. Gure izar nagusienari, handienari, gertuen daukagunari esker gaude hemen bizirik. Bera da bizia ematen diguna. Baina ez pentsa ez dagoenik gauez ilunpetan bizi den animaliarik. Badira, noski, baina hauei ere eguzkiaren eta beste izar guztien uhinak eta partikulak iristen zaizkie. Ez dago/da ezer kosmosaren ukiturik ez duenik.

Bada lapiko handi-handi bat (metafora bat da) unibertsoa bera bezain handia, unibertso anitzen teoria egia bada, horiek ere barnean kabitzeko adinakoa, mugarik gabeko lapikoa. Den guztia lapiko horretan sartuta dago; hasi milioika galaxietatik, galaxia bakoitzeko milioika izar, hauen planeta eta satelite, energiaz betetako espazio huts izugarri handi, oraindik ere energia gehiago duten zulo beltz eta kosmos guztiraino. Eta gu, lur pilotatxo honetan bizi garen guztiok: gizakiak, animaliak, landareak eta bestelakoak diren guztiekin lapiko horretan gaude. Lapiko horretan salda dago –tabernetan karteltxoa jarri ohi duten bezala−, den-dena bustitzen duen salda. Betikotasunaren presentzia, haserako errealitatea, unibertsoaren sorkuntza bera, sorkuntzaren sakontasuna, betikotasun elkartasuna. Lapikoak berak dakarren salda eta egosten dagoena, beti egosten, beti eboluzionatzen, dena eta denok gara sortzaile-kide. Saltsa horrek den guztia lotzen du, dena erlazionatzen du, ez dago ezer bata bestearekin zer ikusirik ez duenik, dena lotuta dago, dena saltsa berean egosia.

Zientzia kuantikoko emaitzarik garbienetakoa hori da: den guztiaren arteko erlazioa. Baina zientzia kuantikoa XX. eta XXI. mendeetako zientzia da. 2.500 urte aurretik ekialdeko jakintsuek eman ziguten honen berri. Greziako Presokratikoek ere aipatzen zuten gauzen arteko erlazioa. Hauek asmatu zuten «atomo» hitza eta honen esanahia: den edozer osatzen duen elementurik txikiena.

Gu, berriz, xehekerietan murgilduta gabiltza. Duela gutxi ilargia eguzkiaren aurrean jarri dela, eta itzala egin digula lur honetan, eta hor ibili gara aztoratuta, medio guztietan munduko notiziarik garrantzitsuena bezala emanez. Hurrengo eklipserako ari dira diruzaleak antolakuntzetan. Zenbat aldiz gertatu ote da hori ilargia gure lurrari bueltaka dabilen milioika urteetan? Gehiago kezkatu beharko genuke eguzkiaren eta lurraren artean guk sortutako zaborrez, era guztietako materia solidoek eta gaseosoek egiten duten itzal arriskutsuaz.

Ez ahaztu gu ere eguzkiaren parte garela eta bere beharra dugula.

Buscar