Ikoitz Arrese, Haizea Solagurenbeaskoa
Ikasle Abertzaleak-eko bozeramaileak

Lomce: aplikatu, asumitu ala desobeditu

Espainiako LOMCE legea azken ibilbide burokratikoa egiten ari da. Iragan ostiralean José Ignacio Wert Hezkuntza Ministroak beste aurrera urrats bat eman zuen inposatu nahi diguten erreforma arrotz eta atzerakoi horren aplikazioan.

LOMCEren inguruan luze hitz egin bada ere, ondorengo hiru ezaugarri mingarrienak aipatu nahiko genituzke: lege sexista, elitista eta espainolista da.

Sexista da ikasleria sexuaren arabera bereizten duen hezkuntzari bide emango diolako. PPk duen ideologia atzerakoia heziguneetara eraman eta neskak eta mutilak bereizten dituzten ikastetxeei diru publikoarekin finantziatuko ditu.

Gainera, ikasleoi etorkizuneko eskola ibilbidea zehazteko ematen zaigun aukeraketa goiztiarra, genoro-rol gatazka gaindutu ezezik, berproduzitzera dator, jendarte patriarkarrak dakarren zapalkuntza mantenduko duelarik. Hezkidetzaren inguruan ere, aipamenik ez lege osoan zehar.

Aniztasun ikuspegia ere desagertu egingo da erabat eta erlijio eta moral katolikoak pisu gehiago hartuko du. Eskola komunitatea osatzen dugun ikasle, guraso, hezitzaile eta herritarren parte hartzea ere mugatzera dator. Eskola kontseiluak organo kontsultibo huts bilakatuko dira eta erabaki eskumen osoa zuzendariari aitortuko zaio, soilik.

Hau gutxi balitz, ikasleon arteko konpetitibitatea sustatzera dator LOMCE. Ikasle ‘bikainak’ nahi ditu Wert-ek eta horretarako ikasleon arteko leihan oinarritzen da. Notarik onenak dituenak lortuko du aurrera egitea, gainontzekoek ez.

Elitista da gutxi batzuen mesedera diseinatu dutelako. Merkatuen beharrak asetzeko sortu dute. Ikasleon beharrei baino, enpresa eta multinazional handien mesedera diseinatua izan da erreforma. Ustezko kalitatezko hezkuntza gutxi batzuen esku geldituko da. Egoera ekonimikoen arabera mailaketa soziala ugaritu eta bazterketa egingo du erreformak. Gainera, hezkuntza aurrekontua murriztu da eta tasak igo dira. Gutxi batzuen luxu izango da goi mailako hezkuntza jasotzea.

Honekin, ikasle asko lan mundura arinago bideratuko da. Honek, gainera, lan esku merkeagoa ekarriko du, eta ondorioz, langile prekarioak sortuko ditu. Txintxo-txintxo, baldintza prekariotan eta soldata baxuaren truke lan egingo duen robotak nahi dituzte.

Espainolista da PPren ideologiaren arabera adoktrinatu nahi gaituztelako. Espainiar Estatuak dituen identitate konplexu eta arazoak gainditzeko inposatu nahi digute., inbutuz, ‘España una, grande y libre’ irentsiaraziz. Ikasgai tronkalen %100 madrildik zehaztuko da eta espezifiko zein espezialitatezkoen ebaluazioa Estatuaren irizpideen esku geldituko dira. Horrela, curriculumaren gaineko kontrol osoa izaten jarraituko dute.

Euskarari dagokionean, hilzorian kokatu nahi dute. Ikasgai espezifiko bezala kokatu eta hautazko huts izatea nahi dute. Gainera, ikaste-hizkuntza hautatzeko eztabaida eta zalaparta manipulatuaren ondorioz gaztelaniera lehentasunezko hizkuntza izango da.

Bolo bolo dabilen gaia da LOMCE. Komunikabide ezberdinek kaleratutako titularrak eta eragile ezberdinen adierazpenak ikustea besterik ez dago bakoitza bere tokian kokatze.

Espainiako ultraeskuindar atzerakoienek eredugarritzat jo dute Ministro Kontseiluak hartutako erabakia. Eliza Katolikoak goraipatu du legeak ekarriko dizkion onurak. PSOEk, Espainiako gobernua lortuko balu bertan behera utziko duela adierazi du. Cristina Uriarte EAEko Hezkuntza Sailburuak erkidegoak dituen eskunduntzen kontrakoa bada errekurrituko duela esan du. Hezkuntza komunitatea osatzen dugun ikasle, hezitzaile guraso eta herritarrok argi eta garbi esan diogu behin eta berriz ezetz.

Gure aburuz, hiru dira, ere, LOMCEren aurrean dauden egiteko posibleak:

Aplikatzea. Zalantzarik ez dago PPren inguruan mugitzen diren eskuindar atzerakoi eta matxistek LOMCEren alde egingo dutela. Espainiar Estatuaren egitura eta identitatea kolokan dagoen honetan ondo dakite hezkuntza asimilazio tresna gisa baliatu dezaketela euren ideologia extremistena inposatzeko. Hau horrela eta Eliza Katolikoaren babesarekin, legea osotasunean aplika dadin euren esku dagoena egiten ahaleginduko dira.

Asumitzea. Anbiguetatean dauden sektoreen jarrera da honako. Aplikatzea bai, baina osotasunean onartzen ez dutenak dira. PNV eta ingurukoak ditugu kasu. Legea kritikatu, eskuduntzen exkusa merkea jarri eta mediatikoki onartzen ez dutela esaten dute. Onartu ez baina Uriarte sailburuak egin zuen lehenengo gauza, sailburu izendatu eta Werten albora bidaiatzea izan zen. Ondoren Elizbarrutiarekin batzartu zen. Hezkuntza komunitatearekin iritzi elkartrukerako mahairik ez du osatu ere egin.

Jarrera honekin ere hainbat sektore identifikatzen ditugu. Erreformari ezezkotasuna adierazi baina euren zilborretatik begirada altxatu gabe tartaren zatirik handienaren bila dabiltza. Euskal Herriaren interesak alboratu eta ‘erremediorik onenaren’ bila dabiltza. Legea asumitzen dute hauek.

Desobeditzea. Inposatutako lege arrotzik ez onartzea da azken aukera. Gure aukera. Ikasle Abertzaleak antolakundearen konpromesua da. Gurearekin batera Euskal Herriarentzat bestelako hezkuntza eredu propio bat eraikitzeko hautua konplexu gabe egin dugunon aukera.

Ez dago erdi biderik: Espainiari men edo Euskal Herria eraiki. Deskribatutako lehengo bi jarrerek Espainiatik datozen inposaketak onartzera garamatzate. LOE izan zen atzo, LOMCE izango da orain, eta bestelako bat hurrengoa, datorrena datorrela aplikatu eta asumitu. Madrilgo erabakiei men eginez.

Hirugarren aukera Euskal Herriaren aldeko hautua da. Burujabetasunaren aldeko konpromesua, Euskal Eskola Nazionalera eramango gaituen hezkuntza sistema propio baten aldeko indar metaketa eta elkarlanaren bidea, alegia. Ikasleok erabaki dugu zein den gure bidea, eta zuek?

Buscar