Jon Argintxona eta Ibon Meñika
Gernika Memoriaren Lekuko plataforma

Memoria Demokratikoaren Legea eta memoria lekuak

Memoria leku izendapena dela-eta beste euskal memoria lekuentzat ere nabarmentzekoa izan daitekeen oharra gehi daiteke: Gernikako Memoria Lekuaren eraikuntzak bere historia eta bere memoria propioak ere badauzkala.

Espainiako Kongresuak Memoria Demokratikoaren Lege Egitasmoa uztailean onartu zuen arren, ez da iraila arte, Senatuko oniritzia lortu eta gero, behin betiko indarrean sartuko. Bitartean, badira egun batzuk, prentsan eta beste zenbait hedabidetan agertu dela, Gernika-Lumo Lege Egitasmoan aurreikusten diren memoria lekuen zerrendan egongo litzatekeela, 36ko gerrako beste toki batzuekin batera. Horrela, Euskal Herriari begira, Gernika-Lumok jada legearen xedapen gehigarrietan memoria leku gisa onartua dagoen Ezkabako gotorlekuarekin bat egingo luke (azken hau, Cumbre jauregiaren zesioarekin, EH Bilduren ekarpenen ondorioa). Bestalde, legeak, lehen aldiz estatu mailan, memoria historikoaren arloan frankismoaren zilegitasun eduki eta egiturei aurre egiteko ahalegin azpimarragarria egiten duen arren, kontuan eduki behar da ez duela etorkizun handirik, baldin eta hurrengo Espainiako hauteskundeetan PPren aldeko aldaketarik gertatzen bada. Ez bakarrik espainiar eskumako blokeak, ohi den moduan, argi eta garbi esan duelako boterea eskuratuz gero legea kenduko duela, PSOEren barruan eta inguruan ere ahots asko altxatu direlako legearen kontra (Felipe Gonzalez beragandik hasita).

Dena den, memoriaren lekuei dagokienez, ezin dugu zenbait gauza ahaztu. Batetik, Euskal Herriko ikuspegitik, gure memoria kolektiboaren eraikuntzak, euskal memoriaren lekuen bereizketak, azterketak, ezagutzak eta hedapenak bere horretan gure ardatza izaten jarraitu beharko duela, begi bistakoa denez, gure euskal perspektiba osoa landu nahi badugu. Bestetik, Euskal Herrirako osatzen goazen zerrenda horietan aipatutako lekuen lanketan, administrazioen eta gizarte zibilaren eragileen arteko elkarlanaren beharra nahitaezkoa izango dela, benetako memoria kolektibo bizia, gardena eta partekatua egin nahi bada. Era berean, Gernika-Lumoko kasuak bere ñabardurak ditu, euskal memoria lekua delako, memoria historikoaren lekua ere bai, eta nazioartean memoria lekutzat hartzen den toki sinboliko sakona. Izaera zabal hori izatea nahi dugu, gainera, eta horretara doaz gure artean ahalegin garrantzitsuenak (inola ere ez, ordea, publizitaterako marka bat sortzeko).

Gainera, memoria leku izendapena dela-eta beste euskal memoria lekuentzat ere nabarmentzekoa izan daitekeen oharra gaineratu daiteke: Gernikako Memoria Lekuaren eraikuntzak –eraikuntza soziala beti; komunitate baten ahaleginen eta borroken ondorioa– bere historia eta bere memoria propioak ere badauzkala. Hasteko, herritarrena: Gernikar-lumotarrak, Busturialdekoak; Euskal Herriko oroimena eta egia gosearena. Bonbardaketa gertatu zenetik gerra erasoaren eta osteko biolentzia eta inposaketaren memoria eta egia gorde eta aukera eduki zutenean zabaltzea erabaki zutenena (70eko hamarkadaren hasieran William Smallwood “Egurtxiki”-k ezkutuan bildutako lekukotasunak, adibidez). Gero Franco diktadorea hil zenetik memoria hori agerrarazi eta azaltzeko ahaleginak etorriko ziren, gaur arte. Herri ekimenak lehenengo, esaterako, 1976. urtean sortu zen Gernikako Bonbardaketaren Batzorde Ikertzaileak bultzatu zituenak helburu zehatz bezain indartsuekin (denborarekin gaur egun ezagutzen dugun Gernika Batzordea adiera hartu zuenak): ikerketa historikoa bultzatzea, erantzukizunak eskatzea, artxiboak zabaltzea, Gernika kulturaren hiria bihurtzea eta “Guernica” Gernikara ekartzeko eskaria. Laster erakundeen aldetik jarraipena; adibidez, Bizkaiko Batzar Nagusiek 1979an "Guernica Gernikara" eskari ofiziala egin zuten eta, beste hainbat ekimenekin batera, herrian borroka antifaxistaren zentro bat egitea proposatu zuten. Hortik aurrera, eta egitasmo multzo zabal eta eraldatzaile horien  guztien ikur bezala, herri aldarrikapena izateraino heldu zen "Guernica Gernikara" eskaria.

Zenbait gauza lortu dira, oso maila apalean, gizartearen asmo haiek guztiak errepasatzen ditugunean. Baina asmo, irudi, ideia, hausnarketa, idatzi, mobilizazio eta pankarta haiek guztiek Gernika memoria lekuaren historia, memoria eta zentzua osatzen dutela argi dago. Eta, bere bidez, herri oso batena.

Buscar