Tasio ERKIZIA
Ezker abertzaleko militantea

Mokoka ez, konfrontazioa bai

Esku bat zabalik, ahal den neurrian akordio zabalak lortzeko, baina bestea harrizko ukabila, konturatzen joan daitezen beharrezkoa dela politikagintza errotik aldatzea

Espainiako Parlamentuan ikusten dugun «zirkua», zeinean lehiatzen diren nork bota beste alderdikoei astakeria handiagoa, lotsagarria da. Inork ez dugu maite politikariek beti eta noiznahi elkarri iseka ikustea. Herritarren arazoei buruz jardun beharrean elkar «mokoka» aritzea herritarrak aspertzeko bidea da, politikaren desafekzioa areagotzeko modurik zuzenena, alegia.

Zentzu horretan, oraingoz behintzat, Euskal Herriko instituzioetan, izan EAEkoak, Nafarroa edo Iparraldekoak, bestelako jarrera ikusteak pozten gaitu. Modu normalean, errespetuz edo tonu egokian mintzatzea eta eztabaidatzea eskertzen da. Estilo hori ez da berria. Hala ere, Pello Otxandianori aitortu behar zaio azken hilabeteetan eztabaidaren nibela koxka bat igotzea. Gai desberdinak planteatzeko sakontasun zein moduan ekarpen berezia egin digu; bestelako sakontasuna nabaritzen zaio.  

Baina, jakina, ez diote aitortuko ekarpen hori, ez behintzat EAJ-PSEko kideek. Alderantziz, jadanik ura beraien errotara eramaten saiatzen hasi dira. Horrela, berehala, eman dio bere interpretazioa Andoni Ortuzar jaunak: «EH Bilduk konfrontazioari uko egiten badio, akordiotara hel gaitezke». Hara, berehala berdintzen du «mokoka» ez aritzea eta «konfrontazioari uko egitea». Eta, areago, badirudi akordioetara heltzea lotzen duela jarrera tinkoak alboratzearekin. Edo honelako zerbait: «Guregana» hurbiltzen bazarete, akordioak lortuko ditugu, jakina.

Nik, berriz, konfrontazio demokratikoari uko egitea oso arriskutsutzat ikusten dut. Gehiago esango nuke, ezinezkoa, herriari esan dioguna bete nahi badugu, behintzat. Hots, konfrontaziorik gabe ez dago gizarte eraldaketarik eta gure helburua hori da. Alderdiaren mesedetan aritu beharrean, herria jartzea erdigunean; gizartearen eraldaketa soziala, ekonomikoa, kulturala eta politikoa bultzatzea. Alderdiak zein instituzioak bitartekoak dira; helburua gizarte justuagoa, berdintzaileagoa eta askeagoa lortzea da. Beraz, horretara bideratu behar ditugu gure esfortzu eta ahalegin guztiak.
 
Konfrontazioa ez da inoren gogoko. Egia gordinak aurpegiratzea beti zaila egiten zaigulako. Zurikeria eta «politesse» parlamentarioa gainditzea eskatzen duelako, eta gordinki arrazoitzea exijitzen duelako. Politikarien abilidadea maiz ezer esan gabe asko hitz egitea izaten da, aldekoa eta kontrarioa nahastuz. Kapitalismoaren betiko joera izan da, konfrontazioa alboratzea, harremanak biguntzea. Hau da, ñabardurak eta oreka azpimarratuz, gaien garrantzia erlatibizatzea. Konfrontazioa herritar arrunten hizkuntza erabiltzea da, hots, argi mintzatzea, gauzak zuzen eta garbi planteatzea.

Konfrontazioa ezinbestekoa da gehiengoaren bazterkerian oinarritzen den gizarte hau eraldatzeko. Osasungintzaren arazoa ez da soilik agintari batzuen kaskarkeriaren ondorioa; osasun pribatuak sortzen dituen negozio guneak indartzearen apustuan dago gakoa. Eta osasungintzarekin urteetan negozioa egin duten horiek ez dira aldatuko hitz politen bidez; jarrera tinko eta antolatuak ikusi beharko dituzte gure aldetik, osasungintza publikoa indartzeko. Zerbitzu publikoekin negozio pribatuak bultzatu ditu urteetan EAJ-PSE gobernuak, eta joera hori norabidez aldatzeko, konfrontazio tinko eta iraunkorra erakutsi beharko zaie. Esku bat zabalik ahal den neurrian akordio zabalak lortzeko, baina bestea harrizko ukabila, konturatzen joan daitezen beharrezkoa dela politikagintza errotik aldatzea.

Kalean eta eguneroko bizitzan, herritarrek tentsio giroa bizi dute, janarien prezioa, soldata murritzak eta bizimoduaren garestitzea izugarria delako. Ondorioz, instituzioetan ere egonezin hori nabaritu behar da; ezin dira «gune komodoak» bihurtu. Konfrontazioa demokratikoa izan behar da, alegia, giza eskubideak errespetatuz, baina aldi berean efizientea, hobekuntzak lortzeko baliagarria, herritarren oinarrizko interesak ere defendatuak izan daitezen. Horren haritik, instituzioen oniritziaz edo gutxienez beraien pasibotasunaz etxebizitzatik kanporatuak diren auzotarren interesak defendatzeko zer egin behar da? Hitz zorrotzetik aparte, biolentzia basati horri aurre egiteko eskubiderik ez dugu? Politikarien eskubideak errespetatu behar dira, noski: eta herritarrenak ere bai, ala bakarrik batzuetan?

Euskarak bizi duen egoera ere aski larria izanik, konfrontazio irmoa exijitzen digu. Batzuen etsaikeriak, agintarien epelkeriak (oso larria da Gasteizko Gobernu berriak inoiz baino kontseilari erdaldun gehiago jartzea) eta herritar askoren utzikeriak nora garamatzate? Aspalditik epaile erdaratzaileen aldetik eraso planifikatua jasaten ari gara. Lotsarik gabe esaten digute udaltzain, egoitzetako zaindari eta herritarrekin harremana duten beste hainbat postutarako euskara eskatzea baztertzailea dela; hori bai, beste ikasketa maila guztiak ontzat emanez. Orain, mozorroa kendu eta ozenki, UGT eta CCOO bezalako sindikatuak, langileriaren ustezko eskubideen defentsan, lanpostu publikoetan euskara gutxiago baloratzea eskatzen hasi dira. Noraino helduko gara eta zer ikusiko dugu? Euskaldun izateko eskubide demokratikoa ukatzen badigute, defendatu beharko gara, ezta?

Kapitalismoak Europako mugimendu ezkertiar ia guztiak desitxuratu edo desagertzea lortu duen garaian bizirik jarraitzen dugu eta izugarrizko erronka dugu: Euskal Herria bestelako egoera demokratiko batera eramaten laguntzea. Hots, nazio gisara errespetatua eta sozialki berdintzaileagoa eta askea lortzea. Horretarako, beste pentsaera duten politikariekin mokoka aritzea ez da batere mesedegarria; nazio eta klase interesen defentsan konfrontazioa eta tentsionamendua mantentzea, aldiz, gizartea eraldatzeko ezinbesteko jarrera da.

Buscar