Imanol Galfarsoro
Giza zientzialaria

Nazioa, herria... tokia

"Nazioaren betiereko itzuleraz" artikuluan Unai Apaolazak –hala dio Fito Rodriguezek bere "Euskal nazioaren eginkizuna" erantzunean– «'herria'-ren nozioa defendatzen du, euskal emantzipazioaren borrokarako erreferentzia gisa, 'nazio'-aren aurrean». Bestela esanda, independentziaren bidean Unai Apaolazak nazioa gainditu eta herria nabarmendu behar dela dion bitartean, Fito Rodriguezen arabera, nazioak herriak baino gaitasun handiagoa du independentzia qua emantzipaziorako...

Nazioaren aldeko bere argudioa sostengatzeko, Fito Rodriguezek iraganera jotzen du, Joxe Azurmendik eta Txillardegik gaiaren inguruan bere garaian idatzitako artikulu banaz jabetuz. Unai Apaolazak, bestetik, herria nabarmentze aldera, ezkerreko populismoa (hau da, «herritasuna») du gogoan, izan ere, Joseba Gabilondoren ildo posnazionaletik bideratzen dena etorkizun apokaliptiko positibo baten testuinguruan; hau da, ez munduaren amaiera iragartzen duen apokalipsiaren zentzu kristauan, mundu berri baten alde egiten duen zentzu profano sortzailean baizik.

Fito Rodriguezek dioenez, nazioaren alde egiteagatik Azurmendiri eta Txillardegiri «traidore, erreakzionario, burges... denetik leporatu zieten» bere garaian. Garai berean Txillardegik, haserre, posmodernotzat salatu zuen Gabilondo, nazio-ostea teorizatzeagatik. Ez dira gaurko kontuak, baina eztabaidaren parte da. Bestela eztabaida baino lagun arteko pomada pasatzea litzateke.

Alta, nazio-ostea teorizatzeko orduan, gaur egun, derrigorrezkoa da bizi ditugun trantsizio handiez jabetzea; are arriskuak hartzea trantsizio guzien ama izan behar dena gertarazten saiatze aldera.

Badakigu trantsizio digital edo teknologikoa zertan datzan: eraldaketa iraunkorra, berrikuntza, robotak, AA adimen artifiziala... Edo trantsizio ekologikoa: erregai fosiletatik energia-iturri berriztagarrietara aldakuntza prozesua. Eta trantsizio feminista: genero-errepresentazio eta desberdintasunei aurre egiteko kultur-politika eta politika ekonomikoen aldakuntza. Edo trantsizio geopolitikoa iraganeko mundu bipolarretik gaurko Mendebaleko dominaziora eta biharko mundu multipolarrera; eta abar.

Nola deitu, baina, edo zein izen asmatu, bizi dugun Neolito garaiaren amaieratik komunismo berrira bultzatu behar den trantsizioari? Zeren Neolitoaren hiruzpalau zutabeek –jabego pribatuak, familia eta estatuak, gehi gurpiletik AArako berrikuntza teknologiko iraunkorrak– tente diraute kapitalismo globalizatuaren azken garai honetan. Eta jabego pribaturik gabeko, familia heteropatriarkalarik gabeko eta Estatu oligarkikorik gabeko, gehi «herria»-ren mesedetan garatutako teknologiak imajinatzeko orduan, ezin da egin, besteak beste, Apaolazak aipatzen duen marxismorik gabe –izan ere, merezi du hori gogoratzea, herrien arteko asoziazio librearen ideiari bidea ireki ziona–.

Hara hor arazo bat, hortaz, izendatzeari lotuta dagoena eta, beraz, gaitz erdi: Nola deitu Neolito osteko komunismorako trantsizioari «komunismoa» izenak berak erakargarritasun osoa galdu duenean; eta, nola ez, gainera, hemen, gure artean ere, zer eta ultra-ezkertiar eszitatuen marka «berria» iraganeko partido/alderdia zein estatu komunismo «zahar» eta betirako gainditua gaurkotzeko teorizatzen dabilenean!

Jakinaren gainean nago: arestian aurkeztutakoa izugarrizko erronka teorikoa da, imajinario politikoari lotuta dagoena eta momentuz, behintzat, inolako giza eragin sinbolikorik gabekoa −ez orokorrean, non posthumanismo eta teknofeudalismo moduko nozioak nagusitzen diren, gorakada erreakzionario beldurgarri baten testuinguruan; ezta gure artean ere, errealitatearen logika pragmatikoak hainbeste aipatzen den utopiaren beraren zentzua zirkuitulaburtzen duenean.

Ildo horretan, nire posizio politikoa tinkoa da, baina irekita dago aukera berrietara. Pixka bat Erdi Aroko monja/e eskribauen erara, fede kristauaren dogmak eta jakintza arrotzak (zientziak eta matematika musulmanak eta abar), kontraesanik gabe integratzeko gauza zirenak.

Nire posizio politikoa, horrela, hemen eta orain, askatasuna eta berdintasuna moduko ideia unibertsalei fideltasunez, diziplinaz eta antolakuntzaz zentzu zehatza (independentzia, sozialismoa, feminismoa) ematen jarraitzen dion subjektu etiko-politiko kolektibo, singular, lokal(izatu) eta eraberrituarekin bat dator.

Ezer ez baitago ezeretik datorrenik, ezer ez ex nihilo sortzen denik. Eta uste dut askapen prozesu luze baten ondorioz jakinaren gainean gaudela gure pentsamendu eta praktika politikoan sortzen diren kontraesanez: nola Estatu euskalduna, sozialista edota feminista teorizatzeko orduan, halaxe nazioaren aitormenean insistitzeko orduan −betiere autodeterminazioaren logika emanzipatzailea ardatz, naziotasunaren zenbait ikusmolde zurrunetatik askoz ere haratago bultzatzen gaituena–. Eta, zer esanik ez, herria bera dela-eta sortzen den tentsio konpongaitz baten kontua ematerakoan. «Herria egin» eta «Herriarekin egin» ez baitira gauza bera. Batak subjektu politiko militantearen egiazko zoriona adierazten du; bestean politika gizaberearen satisfakzio materialak asetzera laburtzen da −berez ahuntzaren gauerdiko eztula ez dena, noski!–.

Alta, militante politiko gisa gurea ez da arriskuan dagoen giza animalia-talde berezi baten subalternotasun iraunkorrean existitzearen kexatik datorren gozamen ezkutua-edo. Irautea ez baita politika. Politika gertaraztea da. Berritasuna gertaraztea.

Eta ganorazko berritasunez pentsatzeak begirada luzeko aipatu trantsizio guzien ama imajinatzea baimentzen du, gaur egungo halabeharrezko «nazio bat gara» lelotik «toki batean gertarazten dugu» lelora jorratu beharko den bide luzean, betiere «herria» tarteko.

Hara hor, zinez, arakatzea mereziko duen topos utopiko berria. Dagoen benetako egoera ilunak ez dezala etorkizun argiagoa imajinatzeko gure gaitasuna itsutu.

Buscar