Gorka Laurnaga Peña

Neurriko berriztagarrien alde

Testu honetan saiatuko naiz laburtzen nire ustez zergatik mugimendu sozial eta ekologistak eskala handiko berriztagarrien aldeko posizio argi bat ere izan beharko lukeen.

1. Erlojupeko klimatikoan gaude: 1,5 graduko igoeratik ez pasatzea, hori da Hego Globaleko herrialdeek galdegin digutena. 2030Erako emisioen erdiak jaitsi, 2050erako zero neto, horra gure mugarriak. Horren dimentsioa izugarria da, baina izugarriagoak dira ez egitearen ondorioak. Nekazal lur produktiboek %30 egiten ahal dute beheiti 2050erako; agertoki batzuetan, 1.200 milioi pertsona errefuxiatu klimatikoak izan daitezke. Gerra klimatikoan gaude eta horrek erran nahi du neurri drastikoak eta eskala handikoak behar direla berehala.

2. Berriztagarriak ziztu bizian hedatu behar ditugu: EAEn FV eta eolikotik datorren energia %5era ere ez da ailegatzen. Nafarroan 2030erako paratu diren helburuak betetzeko potentzia Fva hamar aldiz biderkatu behar da behintzat. Abiaduraren ideia bat egitearren: Espainian (munduko bortzgarren herrialdea potentzian!) azken urteetan 1 GW eoliko instalatu da urtero. Baina 2030ko helburuak lortzeko (energiaren %20 inguru berriztagarria) instalazio abiadura oraino lau aldiz biderkatu behar da! EAEren egoera dramatikoa da: eolikotik datorren energia %1,6 inguru da egun. Hortaz, eolikoak «ez hemen ez inon» edo «bonbardaketa» edo «mehatxua» aditzen dugunean komeni da lehenik gure egoera kokatzea: erregimen fosil betean bizi gara (gure energiaren %80 baino gehiago fosila da).

3. Fosilak ordezkatzen ari dira: entzun izan da berriztagarriak mixera gehitzen direla deus ordezkatu gabe eta beraz fartsa bat direla. Baina, datuek argi erakusten dute kontrakoa. Espainian ikatza ia desagertu egin da elektrizitatetik: %35 zen 2000an eta orain %1,5 da (datorren urtean itxiko dira azken zentralak, berriztagarriei esker). Sektore elektrikoaren isuriek %30 egin dute beheiti. Alemaniakoa harrigarria izan da: nuklearra %30 izatetik %1,7ra jaitsi da bi hamarkadetan, eta, berriztagarria aldiz %6 izatetik %52ra igan. Oraingoz, deskarbonizazioan ematen ari diren pasu errealenak berriztagarriei zor dizkiegu.

4. Neurriko erantzunak, neurriko berriztagarriak: aldaketa klimatikoa makro− arazoa bada, ezin da mikro-erantzunekin konpondu. «Makroproiektu» etiketa erabiltzen da mespretxuz baina kasu, Gurutzetako Ospitalea ere ez al da «makroproiektu» bat? Eta guztiz beharrezkoa da. Tamaina baino, inporta duena proiektuen balio soziala da, eta berriztagarriak funtsezkoak dira. Alternatiba badela ere erran da: plaka Fvak paratzea etxeetako teilatuetan eta eremu antropizatuetan. Baina mikro-eredu hori ez da alternatiba bat, gehigarri bat baizik: eskala ttipi horren gehienezko gaitasuna egungo kontsumoaren %10 edo azpitik dago. Espainian %6, 5 (eta Ehan baino eguzki gehiago dago!). Hortik aitzin, eskala handiko berriztagarriak behar− beharrezkoak izanen dira. Eta badira bertzelako arrazoiak ere: instalazio abiadura, iturrien osagarritasuna (neguan eolikoak behar dira) edo kostu ekonomiko eta materialak. Doike, etxeetako plaka horiek ere beharko dira. Trantsizioa ez da «hasi bidegorriekin eta gero, dena egina dagoenean, hasi garraio publikoarekin», ez, dena bulkatu behar da ahalik eta lasterren.

5. Desazkundea eta berriztagarriak (ez ala): hazkundea alboratu eta gure kontsumo basatia jaitsi behar dugula bistakoa da. Ikerketa batzuen arabera energiaren erdiarekin aski bizi duinak (edo duinagoak!) lortu daitezke. Hori gauza bat da (ikaragarrizko erronka) eta bertzea etxeko plakekin bakarrik aski dela erratea (horrek etxean kontsumitzen den elektrizitatearendako ematen du: bonbilla pizteko baina ez bonbilla egiteko). Energia kantitate hori XX. Mende hasieran kontsumitzen genuen (eta hiru aldiz populazio gutxiagorekin). Berriztagarriak beharrezkoak dira, ez hazkundearen logikarekin segitzeko, denendako bizitza duinak bermatzeko baizik: osasungintza, lana, hezkuntza. Eta batez ere: errealista al da energiaren kontsumoaren %90eko jaitsiera urte guti batzuetan ematen ahal dela planteatzea, denak ekoherrixketara joanez? Deskarbonizazioa apustu horretara jokatzea, karta txarrekin hordagoa jotzea. Zaldia bota eta petrolioa errege.

6. Publikoak aldarri, trantsizioa blokeatu gabe: 2030erako berriztagarrien zabalpen berehalakoa behar badugu ez du iduri gaur gaurkoz gaitasunik dagoenik (aurrekontuak, denborak, indar politikoa eta kostuak kontuan hartuta) %100ean publikoki egiteko. Nolabait erratearren, sozialismoaren zain baldin bagaude trantsizioarekin hasteko, etxea erreko zaigu. Publikoa aldarrikatu behar dugu ozen (oraingo egoera penagarria ere urtetako politika neoliberalen ondorio baita) baina proiektu denak blokeatu gabe. Estrategia izan beharko da trantsizioa garaiz egiten dela ziurtatzea, publiko-komunitarioak gero eta toki gehiago hartzea eta pribatua dena etorkizuneko botere-harremanen arabera nazionalizatzen saiatzea. Iraultza egiteko gutxieneko baldintza da planeta bat izatea.

7. Hala ere, berriztagarriak demokratizaziaon pausu sendoa dira: statu quo fosilarentzat kolpe latza baita, eta kapital fosilarena da historiako akumulazio handiena posible egin duen erregimen energetikoa. Burujabetza handitzen dute, azpiegitura bertokiratzen delako. Proiektu publiko-komunitarioen aukera irekitzen dute, eredu fosilean parte hartzea 0 delarik.

8. Ingurumenean onura neto handiak: klima aldaketa da ingurumenaren egiazko mehatxua. Bioaniztasun gehieneko eremuetan eragin berezia du aldaketak eta meatzaritza fosilak. Berriztagarriek mineral gutxiago behar dute (ikusi Hambach). Parke Fvek bioaniztasuna hobetu dezaketela ere ikusi da eta agrivoltaika garatzen ari da. Eoliko baten %80-85 birziklagarria da gaurgero. Gainera, ez da atzendu behar fosilek osasun arazo larriak sortzen dituztela aire kutsadura dela eta, klase diferentzia nabariekin.

9. Nekazaritzaren arazoa ez dira berriztagarriak: haien lurraren egiazko okupazioa ttipia da. Espainiar Estatuan errate baterako, trantsizio osoa egiteko behar diren plaka FV-ek 270 mila ha hartuko lituzkete (lur-eremuaren %0, 56). Konparaziorako, nekazaritza ez-ekologikoak 21 milioi ha hartzen ditu, egiazki lurra ihartzen duen jarduera. Arazoa ez dira «makroberriztagarriak», makrozerritegiak baizik. Lehendabizikoek mundua garbitzen dute, bigarrenek kontrakoa.

10. Paisaiaren mehatxua klima da: 1. Paisaiak kezkatzen bagaitu, bernaturalizatzeko eremu aunitz ditugu gure karriketatik hasi (auto eta errepideak kenduz) eta eukaliptozko desertuetaraino.2. Paisaiaren mehatxua desertifikazioa da: Pirinioetan glaziarren %90 galdu da.3. Mundua ez da itsusia delako hilko, baino bai 6 graduko bataz bertzeko tenperaturaren igoera baldin badu.

Laburrean, nire ustez berriztagarriak beharrezkoak dira ikuspuntu klimatikotik eta duguna baina puskaz hobea dira ikuspuntu sozialetik. Proiektu zehatzen eztabaida konplikatua da eta uste dut legitimoa dela kezka eta kritika, eta alternatiba hobeak bilatzen saiatzea, baina nire ustez gure posizioa orokorrean aldekoa izan behar da: orokorrean alde, salbuespenez aurka. Trantsizioa mantso egitea galtzeko bertze modu bat baino ez da.

Buscar