OEEko zuzendaritzari eta kide guztiei
Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen (OEE) helburu nagusia gizartea euskalduntzeko prozesuan parte hartzea da, osasungoaren ikuspegitik. Gure erakundearen asmoa beti izan da jarduera sanitarioan euskararen erabilera sustatzea, eta ildo horretan osasun langileak kontzientziatzea, lanean euskara erabiltzeko duten beharrizanaz jabetu daitezen.
Gaur egun, zoritxarrez, Euskal Herrian ez da osasun arreta euskaraz bermatzen. Nafarroako Osasunbidean, EAEko Osakidetzan edo Ipar Euskal Herrian, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gaztelania edo frantsesa da, eta ez euskara.
Osakidetzak urtero milioi erditik gora odol eta gernu analisi egiten ditu, baina bat ere ez dago ele bitan. Azken hamarkadetan puntako irudi probak kudeatzen dituen Osatekek 700.000tik gora erresonantzia burutu ditu; bakar bat ere ez euskaraz. OEEk 300 bat bazkide ditu, baina Osakidetzan euskara lehenetsi duten langileak 278 dira, gutxi gora behera langileen %1 baino ez. Pazienteei ez zaie lehentasunezko hizkuntza erregistratzeko aukerarik eman, eta 2015eko irailean 55.072 erabiltzaileek bakarrik lehenetsi dute euskara. Osakidetzan, are gutxiago Osasunbidean, ez da arreta euskaraz eskaintzen. Hizkuntza eskubideak, legea, eta gure jarduera arautzen duen kode deontologikoa urratzeaz gain, horrek zerbitzuaren kalitatea oztopatzen du.
OEEk lan oparoa egin du azken urteotan, eta osasun arloko gaiak euskaraz jorratzen aritu da urtez urte, medikuntza jardunaldiak antolatuz, euskarazko ikerkuntza sustatuz, ezinbestekoa zaigun corpusean bere ekarpena eginez. Baina bistan da ez dela nahikoa, eta oro har, gure eguneroko jardueran gaztelaniaz egiten dugu.
OEEko kide askok gaztelaniaz burutu genituen medikuntza edo bestelako ikasketak. Gaur egun hezkuntzan euskarak aurrera egin du, baina ez osasungintzan. Osakidetzan azukre koskorra legez urtzen dira giro erdaldun batean murgildurik. Patxi Saez soziolinguistari jarraituz, lan munduak erdalduntzen ditu hezkuntzak euskaldundu dituenak.
Lan mundua ere euskaldundu behar dela argi dago, eta gure arloa osasungintza delarik, guri dagokigu normalizazio prozesuan gure ekarpena egitea. Osasungintzan euskaraz egiteko beharrezkoa den corpusa dagoeneko eratuta dago. Urtez urte jardunaldiak antolatzea egokia da oso, giroa eta sarea sortzeko, baina esan bezala ez da nahikoa. Bada garaia beste urrats bat emateko, eta behingoz euskaraz lan egiten hasteko. Alegia, paziente euskaldunekin euskaraz aritzeaz gain (ahozko harremanak euskaraz) idatzizko harremanetara jausi egiteko unea.
Horregatik guztiagatik, eskaera hau egiten diot OEEko zuzendaritzari eta OEEko kide guztiei:
1) Enplegatuaren Ataria erabiliz edo norberaren zerbitzu-erakundean hala eskatuz, OEEko kide guztiok euskara lehenestea. Hori horrela, gure lankideei gauza bera egiteko adoretzea.
2) Behin hori egin eta gero, Osakidetza edo bere eremuko zerbitzu-erakunde edo unitateko komunikazioak zein oharrak gaztelania hutsean jasotzen dugun bakoitzean, OEEko kide guztiok Elebiden eta gure zerbitzu-erakundean kexa bat plazaratzea, eta aldi berean OEEri komunikatzea.
3) Lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa abiaraztea. Hau da, pazienteei aukera horren berri eman, euskaldunak badira euskara lehenesteko adoretu, eta erregistroa guk geuk egin. Ildo berean, gure zerbitzu-erakundeari lehentasunezko hizkuntzaren erregistroaren beharra jakinaraztea, eta hala egin dezan eskatzea.
4) Euskaraz lan egiten hasi. Hau da:
–Aurrerantzean, erabiltzen ditugun proba osagarri guztien txostenak (irudi probak, odol eta gernu analisiak, zitologiak, biopsiak, etab.) ele bitan eskatu ditzagun OEEko kide guztiok.
–Aldi berean, interkontsultarako edo kontsulta-arteko dokumentuak euskaraz idaztea, pazientea euskalduna denean eta hala nahi badu.
–Paziente euskaldunen gaineko oharrak, eurekin adostuta noski, euskaraz idatzi; euren dokumentazio klinikoa euskaraz alegia.
–Azkenik, etengabeko formakuntza euskaraz eskatu gure zerbitzu-unitatean edo erakundean, eta oro har, Osakidetza edo Osasunbide osoan.
Batzuentzat eskaera hau gehiegizkoa izan daiteke. Gure onespen soziala eta lankideen arteko harreman estua kinka larrian jar dezakeela esango du baten batek. Ederki omen gaude. Baina osasungoan pazienteek dute lehentasuna. Osasun zerbitzua euskaraz nahi dutenei arreta euskaraz eskaini behar diegu, bere osotasunean, ahoz eta idatziz. Horretara behartzen gaitu legeak, kode deontologikoak, gure erakundearen helburuak, pazienteen gogoak, eta gure medikuntzarako grinak. Bide batez, ekimen hau gure lankideak kontzientziatzeko tresna egokia izango dela uste dut.
Nire eskaria kontuan hartuko duzuelakoan, esker onez.