Josu Jimenez Maia
Idazlea

Otsailak 27, 40 urte

Han eta hemen ospatuko dugu larunbat honetan, otsailak 27, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak 40 urte betetzen dituela, ozen aldarrikatzeko, paper zahar maiztu horrek zioen moduan, bere «lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko» direla.

Panfleto zahar maiztu bat, gaztelaniaz, frantsesez eta arabieraz; gaztelaniazko eta frantsesezko testuak idazmakinatuta daude, eta puntuak eta komak sobera markatuta daude, paper horiztua ia­ia zulatzeraino; antza, idatzi zuenak ez zuen idazmakinaz idazteko ohitura handirik, zeren bestela jakinen zuen tekla jakin horiek, —puntuak, komak...,— leun sakatu behar zirela idazmakina zahar horietan. Arabierazko testua, berriz, eskuz idatzia da; arabieraz idazteko idazmakinak aurkitzea ez omen zen erraza espainolek okupatutako Mendebaldeko Saharan.

«Lucharemos para defendernos, defender el derecho de nuestro pueblo en su tierra e independiente.» (sic). Testuak joskera arazo eta hutsegite gramatikal batzuk izanik ere, argi ulertzen da, ederki komunikatzen baitu «lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko» direla.

Idazki horrek xede komunikatiboa lortu zuen: eskuorri horietako baten ale bat Rodríguez de Viguri kapitainaren etxearen ate azpitik sartu zuen saharar batek. Izan ere, sahararrek espainolek mezua jasoko zutela ziurtatu nahi izan zuten, eta horregatik kapitain espainolaren etxean bertan utzi zioten gauez eta azpikeriaz eginiko ekintza ausart batean. Espainolek sekula ez zuten asmatu nork egin zuen, makineria errepresibo osoa martxan jarri zuten arren jakiteko nork utzia zuen ohar hori Rodríguez de Viguri kapitainaren sudurraren azpian. Saharako esaera batek dioenez, gaueko hitzak... egunak eramaten ditu, eta ekintza horren egileak nortzuk izan ziren inoiz ez zen argitu. Panfleto zaharrak ez dakar datarik, baina 1973 edo 74an idatzita behar du, eta, segur aski, Tindoufen egina, «Tindoufen egiten baitziren horrelakoak» nire informatzaile polisarioak baieztatu zuenez.

Gaur egun, Tindouf ondoko errefuxiatu kanpamentuetan oraindik daude sahararrak, bizi baldintza latzetan egon ere, Nazio Batuek emandako gizarte laguntza izugarri murriztu delarik. Han eta hemen ospatuko dugu larunbat honetan, otsailak 27, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak 40 urte betetzen dituela, ozen aldarrikatzeko, paper zahar maiztu horrek zioen moduan, bere «lurraldean aske eta independente bizitzeko eskubidea defenditzeko borrokatuko» direla.

Buscar