Aster Navas

Peneloperen mobila

Aurten lau urte beteko dira Luis Eduardo Autek utzi gintuenetik. Egia esanik, aspaldiago joana zen: 2016an, garuneko infartua izan zuenean. Abesti mitikoak ditu. Hautatzeko aukera emango balidate, agian "La belleza"-rekin geratuko nintzateke. Bada bat, hala ere, bereziki adierazgarria iruditzen zaidana: "Pasaba por aquí". Ziur naiz gogoan izango duzuela protagonistak bere bikotekide ohiaren etxean aurkezteko aitzakia gisa erabiltzen duen argudioa: «Pasaba por aquí./ Ningún teléfono cerca y no lo pude resistir». Beharbada, gaur egun entzuten duenari istorioa ez zaio sinesgarria irudituko, ezin duelako imajinatu hari bariko telefoniarik gabeko garai bat. Mobilek zentzua lapurtu diote.

Arretaz pentsatuz gero, orain dela gutxira arte inkomunikazioa izan da narrazio-eragile indartsuenetako bat. Istorio klasiko bateko pertsonaiek elkarri deitu edo mezu bat bidali ahal izan baliote −whatsapp bat gutxienez− trama hondatu egingo litzateke.

Ondorio horretara heldu da Hernan Casciari idazle argentinarra "Cuentos contrarreloj" liburuan. Bertan bere buruari galdetzen dio ea zer gertatuko zatekeen "Odisea"-n, esate baterako, Samsung bat sartuko bagenu; Peneloperen ziurgabetasuna ezabatuko bagenu, Ulisesekin egunero hitz egiten duelako. Zer gertatuko zatekeen "Txanogorritxu"-n neskatoak saskian Iphone bat eraman izan balu? Zer gertatuko zitzaion Pinotxori, Gepetori  mugikorrera mezu bat iritsi izan balitzaio esanez semea ez zela eskolara joan? Zer gertatuko zen "Koronelari ez dio inork idazten" eleberrian, koronelaren eskuetan smartphone bat jarriz gero? Zer egingo zukeen Edurnezurik whatsapp bat iritsiko balitzaio sagarra pozoituta dagoela jakinaraziz. Eta zer gertatuko litzateke "Hansel eta Gretel"-en anai-arrebek gurasoei sakelako telefonoz deitzea izango balute? Zer gertatuko litzateke Tom Sawyerrek bere kokapena bidali ahal izan balu? Zer egingo zukeen Romeok Julietak aurretik zelularretik tekleatu izan balio ez zegoela hilda eta ez zezala txorakeriarik egin? Pelikuletan inor ez da jadanik joaten, korrika, arnasestuka, tren-geltokira edo aireportura bikotekideari «gera zaitez!», «saia gaitezen berriro!», «etorkizuna hemen eta orain dela, laztana...» adieraztera.

Laburbilduz... Distantzia eta inkomunikazioa ezabatzen baditugu, zer interes izango luke narrazioak? Gauza bera gertatzen ari zaigu gure bizitza errealean? Orain, ziurgabetasunean murgilduta bizi ez garenean, gure bizitzak interesgarriagoak edo aurreikusgarriagoak dira?

Orain, ziurtasun osoz gure «whatsappa» bidalia izan den, helmugara iritsi den jakin dezakegunean; hartzaileak irakurri duen, une horretan konektatuta dagoen... jakin dezakegunean, beste ziurgabetasun modu askoz ere biziago eta finagoak pairatzen ditugu: zergatik ez du jaso? Zergatik darama hainbeste denbora deskonektatuta? Zergatik −check urdina goizaldean ikusi ostean− ez dit erantzun. Orain, gure story-a, zehazki, zenbat jendek ikusi duen jakin dezakegunean; berak ikusi duen eta zer ordutan jakin dezakegunean... Bai, orain, Auteren abesti zaharkitu hori Spotifyn entzuten dugularik...

En fin.

Buscar