PNV zipaio politikoa
Itxaropen eta poztasunez beterik agurtzen zaitut, irakurle. Izan ere, «nitasunetik» irten eta beste kriseiluekin batera «gutasunera» heltzeko asmo sendoa ikusten ari naizelako ELAk eta LABek hartu dituzten konpromisoetan.
Kataluniako agintarien ibilbide zintzo eta garbia ikusten ari garenean Espainiako legediari loturik ahalegin guztiak eta bi egiten, juridikoki talkarik egon ez dadin Espainiako Gobernuarekin independentziarako erreferenduma aurrera eraman ahal izateko, bada, PNVren jarrerak izen bakarra dauka nire iritziz: zipaio politikoa!
Noizbehinka ateratzen zaio «nazio bat gara» esatea. Ez dakit bere burua beharturik ikusten duelako Katalunian egiten ari diren urrats galantak, erraldoiak eragindako bekaizkeriaz erreta, edo bere alderdi barnean abertzaletasun ahots ozenak baretze aldera. Bata edo bestea izan, edo biak baturik, PNVren purrustadak ez die inolako kezka sortzen Espainiako agintariei, ezta Baskongadetako Autonomia Erkidegoan betiko bidelagun politiko izan dituenei, PPri eta PSOEri.
Hauek biek ondo asko dakite norainoko indarra duen PNVren zaunkak, gauerdiko ahuntzaren eztulak eragiten duena, alegia.
Aspalditik ikusia ondo ikasia dugu, morrontzak noraino eraman dezakeen aginte ahulak, ausardia ezak, ezagutzen duguna hobe ezagutzekoa baino, eta... harrokeriak. Hori izan baita PNVren ibilbidea nik gaztetatik ezagutua gaur arteraino. Philippe Petain-en ikasle jarraitzaileak dira. Eta, badakigu ederki asko Petainek Vichyko gobernuan Frantzia noraino eraman zuen... Zipaiokeriaren adibide gardenena bera da, nire aburuz.
PNVk uste badu daraman bidetik, joko «goxoan» Madrilekin, Hego Euskal Herria inoiz askea izango dela, bada, ez da izango gure Herriak duen benetako etsaia ondo ezagutzen ez duelako, Madrilekin duen joko hori euskal gizartean errotu nahi duelako baizik. «Bagoaz poliki-poliki 1979ko autonomia betetzen» aspaldi hiltzat eman zuenean Xabier Arzallusek! Hogeita hemezortzi urte horretan dabiltza!
Eta, PNVko agintariei ondo entzuten badiegu, hau da nahi dutena: beren eskuetan uztea herri honen oraina etorkizunera eramateko, Madrildik ekarriko dutela-eta herri honek behar duen erabakia. Beste behin ere, etorkizun-eza askatasunik gabea, «denontzako kafea» («café para todos») gogoan al duzue? Espainiar Estatuaren helburu...
Eskubide lardats batzuk jasotzearen truke, jauntxoaren mahaitik ogi-apurrak bezala, beti Espainiako Konstituzioaren mehatxupean urteak etorri eta urteak joan! Espainolak garela; Espainia banatu ezinezko lurraldea omen, entzunaz, eta hori onartzen ez duenari lege terroristena aplikatuz. Horra hor jauntxo hauek eskaintzen diguten etorkizuna. Hor dituzte euskal preso politikoak kartzelako bizi baldintzek hiltzen dituztelarik... Zenbaterainoko garrantzia dute PNVrentzat?
Irakurle zaitudan hori, errespetu handienarekin diotsut, eta jakinda zer esaten dudan, PNVk aspaldi galdua duela euskal sena inoiz ezagutu badu!
Espainiako agintariek buru eta gerri makur behar gaituzte, eta gaurko Lakuako Gobernukoek horrez gain, harrokeriaz beteriko Basque Countryko biztanle bereziak izatea ere bai: sukaldari iaioak, kantari bikainak, itxura ederrekoak, elitezko turismoaren zerbitzari... geu ere, ondo jantzitako elitezkoak. Bestelakorik ez! Gainontzekoa ez da Euskal Herria, edo ez du merezi Euskal Herria deitzea.
Kezkaturik nagoelako idatzi dut orain artekoa, baina, itxaropen eta poztasunez beterik agurtzen zaitut, irakurle. Izan ere, «nitasunetik» irten eta beste kriseiluekin batera «gutasunera» heltzeko asmo sendoa ikusten ari naizelako ELAk eta LABek hartu dituzten konpromisoetan.
Hauen artean: «1. Estatuaren birzentralizazioak dakarren inboluzioa eta aldebikotasunaren iruzurra salatzea. 2.Eskumenei buruzko gaiak lantzen dituzten instituzio esparru ezberdinetara gure gogoeta eramatea. 3. Eduki sozial argia daukan aldebakarreko burujabetza prozesua martxan jartzea, estatus politiko eta instituzional berria defendatu zein lortzeko aukera emango diona jendarte osoari, orokorrean, eta langile klaseari, bereziki».
Honekin batera, alaitasun handiagorik ezin jaso Kataluniatik datozkigun zintzotasun eta tinkotasunez beteriko berriekin. Ziur nago Espainiak maltzurkeriaz jositako hordagoari eutsiko diotela, eta diogula, zeren bidea elkarganatuz egin beharra daukagu. Ez dezagun ahaztu, katalanak ezin badira herri askea izan, gu ere ezingo garela izan. Etsai berbera daukagu! Katalanek irabazi dute! Telesforo Monzonek zioen bezala. Katalanek Espainiari irabazi diote bahiturik zuten beren askatasuna. Demokraziatik ari dira bidea egiten dagoeneko!
Askatasun bidea ez da inoiz eta inon erraza izan, eta gaurko gazteok gure garaian legez, aldats gorako bidea duzuela esango nuke. Ondoan gaituzue, jakinda gainera, aulkian eserita gitarra joz ez dela askatasuna zerutik erortzen. Eraiki beharra dago pertsona eta Herri duinak duten balore ederrenekin.
Gure aberriak merezi du!