«Sagarra» ez da beti «manzana»
Nork ez du itzulpen eskas bati buruzko mezu elektronikorik edo whatsapp-ik jaso? Askotan, euskarara gaizki itzulitakoak jasotzen ditugu, baina hizkuntza guztietan gertatzen dira halakoak, ez gurean soilik.
Testuen irakurle eta hartzaile gisa, testu onak jaso nahi izaten ditugu, baina ez gara konturatzen testu horien atzean mundu zabal eta askotariko bat dagoela, gorabehera handikoa eta mota askotako agentzia, enpresa, langile autonomo, merkatu, baldintza eta abar dituena.
Itzulpenen mundua oso konplexua da, eta, askotan, ez gara konturatzen itzulpen-lanen atzean dagoen lana konplexua eta korapilatsua dela. Bi hizkuntza dakizkien edonork itzul dezake testu bat hizkuntza batetik bestera nola edo hala, baina benetan hain erraza al da itzulpen onak egitea? Bi hizkuntza jakiteagatik soilik bihur al daiteke edonor itzultzaile?
Jende asko aritzen da testuak itzultzen, baina zer da kalitate oneko itzulpen bat? Nola neur daiteke hori? Nahiko subjektiboa dirudi, baina badira irizpide batzuk, neurgarriak, itzulpen bat ona den ala ez erabakitzen laguntzen dutenak.
Itzulpen on batek jatorrizkoaren eduki berbera jaso behar du, ez du informaziorik kendu behar, ezta testua informazio gehiagoz osatu ere. Jatorrizkoaren terminologia, hiztegia, esamoldeak, hizkera eta erregistroa errespetatu behar ditu helburukoak. Eta jatorrizko testua helburu jakin baterako sortu denez eta publiko jakin bati begira taxututa dagoenez, helburuko testuak hori hartu behar du kontuan beti, eta, beraz, helburuko publikoarentzako hizkera, joskera, esamolde eta hiztegi egokiak erabili.
Esan beharrik ez dago, testu on batek gramatika-, ortografia-, puntuazio- eta sintaxi-arauak bete behar ditu. Atal horretan, arauak eta gomendioak ditugu. Arauen kasuan, jakina, dauden-daudenean bete behar dira. Gomendioen kasuan, berriz, komeni da itzulpen-zerbitzu bakoitzak irizpideak garbi zehaztuak izatea, koherentziaz jokatzeko betiere. Baina arau eta gomendioetatik harago, testuaren antolaera bera dugu, askoz zailagoa, eta itzulpen baten arrakasta edo porrotaren erantzule zuzen-zuzena askotan.
Errazenetik hasita, itzulpen bat egokia den ala ez jakiteko irizpiderik objektiboenetako bat zenbakiak, datak eta izen bereziak dira. Jatorrizkoan dauden zenbakiak helburuko testuan agertzen dira? Datak ondo itzulita daude? Izen berezi guztiak helburuko testura ekarrita daude? Hori egiaztatzea ez da hain zaila. Ezagutzen ez dugun hizkuntza batean ere egiazta ditzakegu askotan. Baina, hala ere, presaren presaz, maiz egiten ditugu halako hutsegiteak.
Irizpide objektiboekin segituz, baditugu, halaber, lan-prozesuari lotutako irizpide batzuk. Europako Normalizazio Batzordeak 2006an argitaratu zuen itzulpen-zerbitzuei dagokien UNE-15038 araua. Itzulpen-zerbitzu batek bere lan-prozesuan kontuan hartu beharreko alderdi guztiak arautzen ditu.
Formatu-kontuak ere ezin ahaztu. Jatorrizkoaren irudi, grafiko, eskema eta gainerakoak ere itzuli behar izaten dira. Kasu batzuetan, gainera, maketazio-lana ere egin behar izaten da gero. Komeni da, beraz, maketatzaileek itzultzaile-taldearekin eskuz esku lan egitea; esate baterako, editatu ezin diren irudiak editatu ahal izateko. Halakoetan, komeni da bezeroak eta itzultzaileak lan hori egiteko modua aurrez zehaztea (adibidez, itzulpena irudiaren azpian erantsiko den edo aparteko dokumentu batean), ahal dela azken orduko ezustekoak saihesteko.
Behin betiko testua bezeroari bidali ondoren hark maketatu behar badu, ezinbestekoa da lana maketatu ondoren itzultzaileak gainbegiratzea, testua helburuko hizkuntza ezagutzen ez duen maketatzaile batek maketatuz gero akats larriak egin baititzake nahi gabe. Eta horrek, jakina, eragin zuzena izan dezake behin betiko testuan.
Horrez gain, zerk eragin diezaioke itzulpenen kalitateari? Aurrerago aipatu dugun UNE-15038 arauan jasotzen den bezala, garrantzitsua da itzultzaileak bere ama-hizkuntzara soilik itzultzea, oso zaila baita ama-hizkuntza ez dugun eta heldu garela ikasi dugun hizkuntza bat ama-hizkuntza bezala menderatzea. Itzuli beharreko gaia ondo ezagutzeak ere asko laguntzen du, geure ama-hizkuntzan ere nola esan ez dakiguna itzultzea egokitzen baitzaigu askotan.
Kalitate-arauak ezarritako beste arau garrantzitsu bat zuzentzaileari dagokiona da. Itzultzaile batek itzuli ondoren, beharrezkoa da beste itzultzaile zaildu batek gainbegiratzea testua, eta zuzendu beharrekoak zuzentzea. Testu teknikoetan, bestalde, aukeratutako terminoen egokitasuna aztertuko duen terminologo bat behar izaten da askotan. Hark gai jakin batzuetako terminologia ondo ezagutzen duenez, itzultzaileak ustez ondo ulertu eta itzuli dituen kontzeptuak zuzendu ditzake. Beraz, oso lagungarria da itzultzaile-taldearen ondoan terminologo-talde bat egotea.
Txostenak, triptikoak eta enpresa-gaiak itzultzeko garaian, berriz, bezeroarekiko gertutasuna da kalitateari eragiten dion beste faktore garrantzitsu bat. Bezeroa zenbat eta hobeto ezagutu, orduan eta aukera gehiago itzulpen egokia egiteko, ondo jakingo baitugu bezeroak zer eta nola komunikatu nahi duen testuaren bidez, eta informazio horrek bidea erraztuko baitigu testu bat helburu-hizkuntzara ekartzeko. Gainera, bezeroarekiko harremana arina eta erraza denean, zalantzak une oro argitu daitezke, testua osatzeko eta hobetzeko aukera egoten da, eta, beraz, nabarmen hobetzen da itzulpen-prozesua.
IKTen garaian bizi garela entzuten dugu behin eta berriz. Informazio- eta komunikazio-teknologiak. Eta egia da, zalantzarik gabe; informatikako baliabide berriek asko laguntzen dute itzulpen-prozesuan, eta, gaur egun, itzultzaile gehienek OLI tresnak (Ordenagailuz Lagundutako Itzulpenak) erabiltzen dituzte lanerako. Tresna horien artean, itzulpen-memoriak dira ezagunenak, baina horiek bezain garrantzitsuak eta lagungarriak dira glosarioak eta kalitate-irizpideak egiaztatzeko tresnak ere, ezinbestekoak baitira testuaren koherentzia bermatzeko. Bestalde, kudeaketan eta itzulpen-lanen fluxuan laguntzen duten tresnak ere gero eta ugariagoak dira, eta kontuan hartzekoak, asko errazten baitute bezeroarekiko harremana.
Hala, beraz, garrantzitsua da itzultzaileek eta informatikariek elkarren ondoan lan egitea, batetik, itzultzaileek beren beharren berri eman diezaieten informatikariei, eta, bestetik, informatikariek itzultzaileen beharrak asetzeko tresnak ikertu, sortu eta probatu ditzaten.
Oro har, komeni da jatorrizkoa sortzeari emandako garrantzi bera ematea itzulpenari. Alegia, jatorrizkoa sortzeko prozesua kalitate-arau jakin batzuen arabera bideratu baldin badugu, zergatik ez dugu gauza bera egiten itzulpenarekin? Itzulpen-prozesua kontrolatzeko kalitate-arau jakin batzuk daudenez, haiek kontuan hartzea da egokiena.
Azken finean, jatorrizko testua helburu jakin baterako sortzen dugu, eta itzulitako testuak ere helburu hori bera lortu beharko luke. Jatorrizkoak hizkuntza jakin baten erabiltzaileak erakartzea du xede, eta itzulpenak beste hizkuntza baten erabiltzaileak, baina hartzaileak ez du zertan jakin itzulpen bat irakurtzen ari dela. Aitzitik, ikusi behar du berarentzat sortutako dokumentu baten aurrean dagoela.
Gaur, irailak 30, Itzulpengintzaren Nazioarteko Eguna dela-eta, gogora ekarri nahi dugu itzulpenen kalitateak hizkuntzan eta gizartean duen eragina, eta nabarmendu itzulpen-prozesua testua sortzeko prozesua bezainbeste zaintzeko eta goxatzeko beharra. Testu itzuliek eragin zuzena dute ekonomian; batetik, gure gizartean elebitasuna eguneroko bizitzan txertatua dagoelako, eta, bestetik, etengabe esportatzen eta inportatzen direlako produktu eta zerbitzuak. Behar-beharrezkoa da hori gure lanean kontuan hartzea, hizkuntzak –hizkuntza guztiak– behar bezala zaintzea onuragarri izango baita denontzat, alde guztietatik. Ahal dugun neurrian, ideia hori gizartean zabaltzen eta praktikan jartzen saiatu behar genuke euskal erakunde eta enpresek.