Soria eta euskaldunak
Herri txikietako biztanleek ulertu dituzte hilarri hauen balioak eta atseginez kolaboratzen dute Alfarorekin pieza berriak aurkitzeko eta zaintzeko orduan. Hango intelektualak eta politikariak (bai eskuinekoak bai ezkerrekoak) harro daude patrimonio honetaz, eta haietako zenbait harritu egiten dira Ebro ibaiaren iparrean, hau da, gaur egungo Euskal Herrian, interes handiagoa ez dagoela ikusita.
Uztailaren 17an zabaldu zen Santa Cruz de Yanguas-en (Tierras Altas, Soria) oso erakusketa garrantzitsu bat, Eduardo Alfaro Peña arkeologoa, Eduardo Aznar Martínez antropologoa eta probintziako agintariak bertan zirela: erromatar garaiko hilarrien erakusketa. Eskualdean aurkitutako 44 estelaren argazkiak eta traskripzioak ikus daitezke, eta horietako 12 fisikoki. Benetako altxorra euskararen historiarentzat, hilarri hauetan agertzen diren pertsona-izenengatik euskara arkaikotik baitatoz. Hau ikusita gero jarraituko ote dute ematen euskalduntze berantiarraren ipuin telebisatua?
Hurrengo egunean "El Heraldo de Soria"-k orri osoko kronika zekarren. Zera irakurtzen dugu, besteak beste: «Tenemos un patrimonio excepcional, y dentro de este algunas piezas que están dando un nuevo giro a los estudios sobre el origen del euskera. La estela de Antestius Sesenco, datada entre los siglos I y II, y hallada en Villar del Río, es en este sentido el gran atractivo que de hecho ya está suscitando reserva de visitas desde el Pais Vasco (…) De alguna manera esto certifica que en Tierras Altas existía una nomenclatura indígena vascona o ‘vascoaquitana…’». Ezin da esan, nonbait, «hemen euskaraz egiten zen», baina tira, zeharbidez esaten da, eta testuingurua ezagututa ez da gutxi.
Adiskide baten bidez erakusketaren berri izan nuelarik, harritu nintzen euskal hedabideetan ez zelako ezer agertzen. Pare bat egun itxoin ondoren, uztailaren 21ean mezua bidali nuen Euskal Herriko egunkari guztietara, "Argia"-ra eta EITBren irrati eta telebistera. Ezagunak ditudan kazetariei zuzenean horietako zenbait. Horrela zioen:
«Arratsaldeon: ez dira data onenak horrelako lanetarako, baina berri on batekin natorkizue. Azkenaldian hainbat estela interesgarri aurkitu dira Sorian (Tierras Altas) euskarazko hitzekin, eta agian esaldi osoekin, eta horiekin erakusketa inauguratu da berriki Santa Cruz de Yanguas-en. Tartean bada Haurce (haurke) Belsco eta euskarazko beste hitz batzuk dituena, I. mendekoa edo, lehen aldiz aurkezten dena. Iruditzen zait notizia inportantea dela, haizatzea merezi duena. Aurkitu dituen arkeologoa Eduardo Alfaro Peña da, Eduardo Aznar Martínezek laguntzen dio euskara kontuetan. Harremanetarako: Eduardo Alfaro, tlf.: xxx, eposta: xxx. Bera oso interesatua dago. Soriako prentsan agertutako erreportaje bat bidaltzen dizuet, erakusketako kartelarekin batera. Izan ondo».
Hiru kazetarik bakarrik erantzun zidaten. Batek, egingo zutela zeozer, besteak, pasatuko zuela mezua zegokion sailera, eta horrela. Kontua da abuztua aurrera doala eta ez dela inon ezer agertu. Hitz bat ere ez. Orain arte euskal kazetariek dei bakar bat ere ez diote egin Alfarori. Abaltzisketan patata-tortilla lehiaketa egiten bada edo Azpeitian ingeles hutsez kantatzen duen rock taldea sortzen, hori notizia inportantea da, orrialde osoa eskaini dakioke, baina honi kasurik ez.
"¿Los euskaldunes aman realmente la historia de la lengua vasca?" titulatzen du sarrera Koen Van den Driessche geokimikari beljikarrak "Ama Ata" blogean; zenbait gogoetaren ondoren zera dio: «Pero todavía más fuerte me parece el completo desinterés por el trabajo de Eduardo Aznar y el Dr. en Arqueología Eduardo Alfaro en La Rioja y las Tierras Altas en Soria. Los ‘Eduardoak’ están, cada uno en su campo, convirtiendo la Rioja y el norte de Soria poco a poco en un nuevo ‘Aquitania’ para el euskera de época romana, y la elite cultural vasca no parece enterarse».
Sorian interes handia dago gai honetan. Urte hauetan guztietan Alfarok botere publikoen babes osoa eduki du. Herri txikietako biztanleek ulertu dituzte hilarri hauen balioak eta atseginez kolaboratzen dute Alfarorekin pieza berriak aurkitzeko eta zaintzeko orduan. Hango intelektualak eta politikariak (bai eskuinekoak bai ezkerrekoak) harro daude patrimonio honetaz, eta haietako zenbait harritu egiten dira Ebro ibaiaren iparrean, hau da, gaur egungo Euskal Herrian, interes handiagoa ez dagoela ikusita.
Uste dut dena esanda dagoela. Etsigarria!
Gogoratu: erakusketa zabalik dago abuztuaren 25era arte. Ostegunetik igandera, 11:00-14:00, baina beste egun batzuetan ere bisitak itundu ahal dira. Pentsatu nahi dugu jende asko joango dela bisitan Euskal Herritik.