Udalatxeko gurutzea desagertu eta gero
Zenbait iritzi irakurri ditugu azken egunetan, herriaren izenean idatzitakoak, oso partzialak direnak eta inoiz kontuan izan gabe ze egoeran bizi ginen 1971n. Hau da gure iritzia; gurutzea jarri zen unea kontestualizatu behar dela uste dugu. Hortaz, noiz jarri zen? Frankismoan; kolpe militarraren bidez diktadura ezarri eta 32 urtera. Kolpe militarraren indar faktikoek, orduan esaten zen bezala, La Cruz, la Espada y el Saco, bultzatutako eta finantzatutako diktadura (Elizako hierarkia, militarrak eta indar errepresiboak, dirudun handiak eta lur-jabeak, hurrenez hurren). Hezkuntza zeinen menpe zegoen? Eliza katolikoaren eta Falangeren esku, jakina: Erlijioa eta Espiritu nazionala. Dena zen bekatu, sexualitatea erreprimituta (besteena, ez eurena), arrosario santua egunero, eskutik oratuta elizara igandeetan ikasleak...
Herritar batzuen iniziatibagatik 1971n Udalatxen gurutzea jartzea ez zen ekintza neutroa izan, gure ustez; segurutik euren asmoa hori ez izan arren. Hau da, arrasatear batzuek inori galdetu gabe erabaki zuten 12 metroko gurutzea jartzea herritik bistan, diktadura batean geundela eta laikotasuna debekatuta zegoen garaian. Arrasatear laikoen ideia errespetatu zuten orduan? Ezetz esango genuke, inposaketa izan zen. Orain, berriz, beste batzuek, une honetan eurentzat botere zapaltzailea delako, gurutzea moztu egin dute. Eta gauez egin dute, badakitelako egunez eginez gero atxilotuak izango zirela eta, segurutik, kartzela zigorrarekin gainera (agertu dira, bai, ekintzaileentzat zigorra eskatzen ari direnak).
Ekintza honekin mindu egin dituztela gurutzea jarri zutenak eta beste herritar batzuk? Bai. Eta 1971n ez al zuten inor mindu? Ados egon edo ez ekintzarekin, ekintza politiko baten aurrean gaude. Ekintza honekin ez dute jarri ikur berezirik, 1971n ez bezala.
Trantsizio politikoa adostu zutenek onartu zuten kolpe militar faxista bultzatu zuten hiru indar faktiko horiei jarraitzea, inongo erantzukizunik eskatu gabe; eta hor jarraitzen dute santuak balira bezala, kriminalak izan zirenean. Zigorrik eskatzekotan, badago hor nondik hasi.
Diktadorea hil ondoren, espainiar Estatuak akonfesional deklaratu zuen bere burua; horregatik, debekatuta egon beharko litzateke udal-lurretan (lur publiko guztietan) edozein ikur erlijioso jartzea. Are gehiago, gaur egun gure herria osatzen duen kultura eta erlijio arragoarekin. Fede kontuak ezin dira eremu pribatutik atera, are gutxiago udal agenda politikoa markatzeko.
Herri laiko bat gara, guztien sinesmenak errespetatu behar ditugu, fededunenak eta laikoenak. Eta, une honetan, zuzenena bide horretatik joatea dela uste dugu.
Udalatxeko gurutzea berriro jartzeko argudioak "Jaungoikoa eta lege zahar"-etik hurbilago dauden XIX. mendeko diskurtsoak dira; edo, bestela, aurkari politikoen kontra egiteko denak balio duen ideiarekin osatutakoak. Harrigarria.
Alternatibatik, aldarrikapen mesianikoen gainetik, Euskal Errepublika subirano eta laiko bat defendatzen dugu eta defendatuko dugu. Herri, pertsona, animalia eta ingurumenaren eskubideak urratzen dituzten tradizioak desagertzearen alde egingo dugu beti.
Beraz, inor mindu nahi ez badugu, ikur neutralak edo adostutakoak jar ditzagun toki partekatu eta publikoetan.