Isabel Artieda Urrestarazu
LAB-Administrazioko arduraduna

Udazkenak neguaren presentzia baieztatu digu

Duela egun batzuk sartu ginen, egutegiari dagokionez, udazkenean. Nolanahi ere, zenbait gertakarik ageri-agerian utzi ziguten oraindik ere, linguistikoki, negu beltzean murgilduta jarraitzen dugula. Batetik, Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipena egiten duen Europako Kontseiluak Espainiaren azken urteetako (2017-21) jarduna baloratzen duen txostena argitaratu zuen. Nafarroari dagokionez, argi utzi zuen Administrazioan euskaraz dakigun langileak oraindik oso gutxi garela euskarazko arreta ziurtatuta egon dadin, eta horregatik herritarrek (baita eremu euskaldunekoek ere) ez dituztela euren hizkuntza eskubideak bermatuta. Begirada, oraingoan, osasungintzan, justizian eta gizarte zerbitzuetan jarri zuen, batik bat. Egoera hori zuzentze aldera, Espainiako Estatuak Hizkuntza Gutxituen Gutuna berretsi zuenetik, lehenbizikoz, zonifikazioa bertan behera uzteko gomendatu zuen txostenak.

Bestetik, Nafarroako Gobernuak onartu egin zuen bere baitako lehiaketetan kontuan hartuko diren merituak arautzeko dekretua. Horrek ez ditu gaur egungo arazoak konpontzen eta, oraindik ere, egoera oso gordina marrazten du euskararentzat eta euskaldunontzat: eremu ez-euskaldunean ez da batere baloratuko euskararen ezagutza, eta eremu euskalduneko herritarrek ere ez dituzte euren hizkuntza eskubideak %100ean bermatuta izango; zer esanik ez, eremu mistokoek!

Euskararen normalizazioaren alde apustu eta lan egiten dugunontzat aste tristea izan zen, beraz, aurrekoa; lehenbizi gure egoera zein delikatua den gogorarazi zigun Europako Kontseiluak, eta ondoren, aurrerapausorik ez dela egongo baieztatu zigun Nafarroako Gobernuak, nahiz eta merituen dekretua oraindik Nafarroako Kontseiluaren iritziaren zain dagoen (organo hori aholku emailea baino ez da eta bere erabakiak ez dira lotesleak).

Beste behin ere argi gelditu da Nafarroako Administrazioak ez duela euskarazko arreta bermatzen, ez dituela herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzen. Baina hizkuntza eskubideez gain, bestelako eskubideak ere baditugu; kalitatezko arreta jasotzekoa, adibidez. Osasunaren Mundu Erakundeak, Munduko Bankuak eta Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak osasun arretaz egin berri duten txostenean ondorioztatzen denez, «tokiko hizkuntzen erabilera eta elkar ulertzea ezinbestekoak dira osasun arreta kalitatezkoa izan dadin». Hau da, pazienteak aukeratutako hizkuntzan artatzea estuki loturik dago arreta horren kalitatearekin, eta, beraz, pazienteak hautatutako hizkuntzan eman behar da arreta. Hori egiten ez bada, arreta soziosanitarioa ez da kalitatezkoa izango.

LABek urteak daramatza Nafarroako berezko bi hizkuntzetako bati egiten zaion mespretxu hori salatzen, eskubide urraketa hori behingoz buka dadila exijitzen. Tamalez, hau guztia ikusita, borroka horretan jarraitu beharrean gaudela baieztatu dugu.

Udazkenean sartu berri garen honetan, euskara eta euskaldunok negu beltzean hondoratuta jarraitzen dugu. Guganaino iristen den argi izpi bakarra zonifikazioak har lezakeen udazken koloreak dakarkiguna da, Europako Kontseiluak eremu banaketa bidegabe hori behin betiko bertan behera geldi dadila gomendatu baitu. Bitartean, guk geure lan eta helburuei tinko eutsiko diegu, egutegiari orriak kendu ahala, udaberria noiz iritsiko.

Buscar