Xanti Begiristain Madotz
Euskaltzalea

UPN eta Euskalerria Irratia

Iruñeko Euskalerria Irratiak badaramatza dagoeneko 25 urte baino gehiago emititzen eta euskarazko programazio interesgarri eta kalitatezkoa ematen. Hala eta guztiz ere, UPN urte hauetan guztietan ez da gai izan irrati hau legeztatzeko, nahiz eta, oker ez banago, jadanik hiru epai atera diren legeztapen horren alde, eta azkena, gainera, Auzitegi Gorenak emana; epai irmo edo sendoa, alegia.

Bestalde, Hizkuntzen Europako Gutunak ere behin baino gehiagotan eskatu dio UPNren Gobernuari errespeta ditzala nafarren hizkuntz eskubideak, hala nola makina bat nafarrek eskatu diona, urte hauetan guztietan egindako hamaika mobilizazioren bitartez, eta, nola ez, baita Nafarroako Parlamentuak berak ere. Baina, hala ere, esan dudan bezalaxe, UPNren Gobernuak beti uko egin dio bete beharrekoa betetzeari, jakina, beti funtsik gabeko argudio eta aitzakia baliogabeak bezain barregarriak erabilita. Kontua izan da Nafarroako euskaldunen hizkuntz eskubideak oztopatu, zapaldu eta suntsitzea.

Esan bezala, Auzitegi Gorenak emandako azken epai irmotik gaur arte pasatu da dagoeneko ia-ia urte eta erdi, eta, jakina, UPNk jada ez duenez aitzakiarik Madrilgo agindua –epaia– ez betetzeko, egiten ari dena da geroko gerotan jokatzen, ahalik eta gehiena atzeratzeko irratiaren legeztapena, bide batez, nafar euskaldunen hizkuntz eskubideak ahalik eta gehiena izorratzeko, azken unera arte, hau da, beraien boterea –Gobernua– galtzen duten azken-azken momentutxo arte. Gainera, azken hilabete hauetan, UPNko agintariei oso gogokoa izan zaie behin eta berriz gardentasunaren kontzeptua aipatzea, baina, gero, gardentasun hori erakutsi behar dutenean, betiko opakutasun eta ilunkeriarekin jokatzen dute, konparaziora, Euskalerria Irratiak UPNri azken bileren aktak eskatu dizkionean, jakiteko argi eta garbi zer gertatu eta erabaki zen bilera haietan; baina ez, jauna!, Juan Luis Sanchez de Muniainek orain dio, Euskalerria Irratiak ez duela eskubiderik akta horiek irakurtzeko. Horrela interpretatzen eta ulertzen omen du Sanchez de Muniainek gardentasuna, alegia, betiko modu ilun eta zikinean. Eskerrak, segur aski, laster bukatuko zaiela agintea Nafarroako Gobernuan eta hemendik aurrera beren jokaera ez dela izanen hain erabakigarria nafar gehienentzat.

Hala eta guztiz ere, badago gai bat azpimarratu nahi dudana, eta orain dela gutxi arte asko erreparatu ez diodana; alegia, UPNk hainbeste trikimailu zikin eta antidemokratiko egin ondoren, Euskalerria Irratiaren legeztapena eragotzi eta zapuzteko, kontua da, gero, komeni zaionean, erabili egiten duela aipaturiko irratiaren zerbitzua, hantxe deus ere gertatu izan ez balitz bezala, beraiek inolako erantzukizunik ez balute bezala Euskalerria Irratia legez kanpoko egoera horretan egoteko, eta horrela, bada, behin baino gehiagotan entzun izan ditugu hitz egiten irrati horretan, esate baterako, Begoña Sanzberro aurreko legealdian eta Cristina Altuna oraingoan, biak ala biak, jakina, UPNko parlamentariak.

Bitxia da, UPNren jokamoldea; xelebrea, politika egiteko bere modu irregular eta ezohikoa. Halere, nik ez diet eragotziko UPNko politikariei euskaraz aritzea Euskalerria Irratian, ez eta beste inon ere, azken batean, jakina baita euskarari egin ahal zaion mesederik handiena dela hitz egitea, idaztea, entzutea... Erabiltzea, modua edozein dela ere.

Buscar