Mikel Soto

«YoMango»

Biharko gizarterik badago, ez da ekintza horietatik eratorriko eta, une horretan, berdintasunaren idealaren etsai izaten jarraituko dute, haien desira pertsonalak beste mozorro batzuekin jantziko dituztelako.

Lapurtzea pertsona ororen esperientzia da. Gizadiaren historian beharra izan da eta izaten jarraitzen du, zoritxarrez. Zorionez ez, oro har, nire inguru zabalean. Hala ere, guztiok izan dugu lagunarteren batean inoiz «eta zuk... lapurtu duzu?» elkarrizketa. Beharrik izan gabe ere, erantzuna «bai» izan ohi da. «Bai, txikitan behin denda batean eraztun bat lapurtu nuen»; «Bai, Lloret de Marrera egin genuen ikasbidaia batean ron botila bat»; «Bai, unibertsitate garaian supermerkatuan lapurtu ohi genuen» eta abar. Normalean esperientziok iragan aldian kontatu ohi dira eta, oro har, barrabaskeri edo errito iniziatiko moduan behar gisa baino. Lapurreta txiki horien modukoei esanahi etikoa, baita epikoa ere eman nahi dionik, ordea, ez da falta.

Garai batean, nire inguruan, lapurretan ibiltzea guztiz orokortua egon zen: arropa, janaria, autoak... edozer, esan dezagun. Era naturalean egiten eta bizitzen zen eta, elkarrizketa mahai gainean agertu ezean, gutxienez, babes ideologiko handirik gabe egiten zen. Hala ere, orduan eta gerora ere, hamaika aldiz izan dut lapurretaren balio etikoaren edo politikoaren inguruko eztabaida. Gogoratu dezagun, adibidez, artikuluari izena ematen dion “YoMango” panfletoa argitaratu eta banatu egin zela (askoz nobleagoa eta erabilgarriagoa zen “Póntelo, pónselo” liburuxkaren antzekoa); denda «handietan» lapurtzeko aholku sorta, ezkerreko erretolikaz zipriztindua. Diskurtso horretan, pentsamendu artikulatu bat baino, sistemaren kontrako erretolika lauso bat eta aitortu ezinak diren arrazoi pertsonal ugari sumatu izan ditut beti. Diskurtsoaren ahultasuna ezkutatzeko, kode moral bitxi ugari ezagutu ditut, normalean lapurretaren jomuga justifikatzeko; «Carrefourren bai, Eroskin ez» modukoak. Ezagutzen ditut ere «Oparitzeko sekulan ez»; «Janaria bakarrik» eta antzeko «lapur kodeak». Baina, normalean, arrazoibidea norbaiti «putaseme» izena ematearekin konpontzen da. «Golf bat du, dirua soberan dauka beste irrati antena bat erosteko». «Eroskikoek euskaldun jatorrarena egin nahi dute baina besteak bezalako putasemeak dira». «Hau aseguru etxeek ordaintzen dute» eta abar. Niretzat justifikazio hutsa diren hauek norberaren momentuko beharraren eta moralaren araberakoak direla, alegia. Zenbat artaburu, hainbat aburu.

Lagunartean baino aldarrikatzen ez diren “ekintza” hauek inoiz deklaratu ez den eta deklaratuko ez den ustezko gerra baten koreografiak baino ez dira. Teorian borrokatu nahi den sistema horren ondorio zuzenak: irrika kapitalistaren eta diskurtso sasi-anarkista baten seme bastarta ustelak. Ez ditut ezagutzen janari bankuetara jakiak oparitzeko lapurtzen duten idealistak edota Bershkan lapurtzen duten arropa behartsuei oparitzen dieten eskuzabalak. Diotena diotela, «hori desio dut, hori lapurtzen dut» dago nire inguruan egon izan diren eta dauden “lapurrek” egiten dutenaren oinarrian. Hori eta lapurtzeko erraztasuna, jakin baitakite iraultzaileok bankuak direla bizi dugun egoeraren errudunago Decathlon edo Carrefour baino, baina ez dituzte atrakoak prestatzen, haien etxeetan amaitzen diren lapurreta txikiak baizik.

Argitu dezadan: lapurrak, benetakoak, errespetatzen eta estimatzen ditut. Txalapartan ia sail bat daukagu haientzat: “Jacob”, “La belle epoque de la banda de Bonnot”, “La revolución por el tejado” eta “Me llaman el Solitario” liburu ederrak horren adibide dira. Lapur ugarik ideal guztiz nobleak eta ideologia aski interesgarriak izan dituzte eta era heroikoan egin diote aurre nik ere etsai ditudan Estatuari eta Kapitalari. Horien askazia diren ehunka lapur dira Espainiako eta Frantziako kartzeletan dauden euskal presoen lagunik onenak. Sistemaren kontra, dena emanda, bizitza bera arriskuan jartzen duten idealista horiez gain, bizitzeko lapurtzen duten gizasemeak ere errespetatzen ditut. Baina hobeto bizitzeko lapurreta txiki interesatuak egiten dituzten koldar handiusteak mesprezatzen ditut. Erdi hippy, erdi anarkista, erdi antisistema... Oro norberekeria.

Biharko gizarterik badago, ez da ekintza horietatik eratorriko eta, une horretan, berdintasunaren idealaren etsai izaten jarraituko dute, haien desira pertsonalak beste mozorro batzuekin jantziko dituztelako. Beraz, sistema benetan gainbeheran badago, nahiago dut gaur egundik hasi lagun hauekin diskutitzen. Beharbada oraindik ados jartzeko tenorean gaude, edo, gutxienez, gauzei dagokien izena emateko garaiz.

Buscar